Aire kalitatearen mugak zorroztuko ditu Bruselak

Aurreko kutsadura mugak zorroztu ditu, baina Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutakotik behera. Estatuek 2030erako bete beharko dituzte kutsadura maila berriak.

Bartzelona, aire kutsadurak eragindako lanbroz estalia. QUIQUE GARCÍA / EFE
Bartzelona, aire kutsadurak eragindako lanbroz estalia. QUIQUE GARCÍA / EFE
inaut matauko rada
2024ko apirilaren 24a
12:00
Entzun

Europako Batzordearen arabera, Europan kutsadurak urtero 300.000 bat pertsona hiltzen ditu. Europako Ingurumen Agentziaren arabera, berriz, milioi erdi lagun ziren 2021ean, eta heriotzen erdiak saihestu zitezkeela ñabartu zuen. Arazo horri aurre egite aldera, airearen kalitatea hobetzeko 2008ko direktiba berritzea onartu zuen atzo Europako Parlamentuak, Estrasburgon (Frantzia). Europako Batzordeak proposatutako testua moldatu eta adostu zuten otsailean parlamentuak eta Europar Kontseiluak, eta, ganberak hari bide eman ostean, kontseiluaren onespen formala falta da soilik zuzentaraua onartzeko.

Babes zabala izan du lege berriak parlamentuan: aldeko 381 boto lortu ditu, kontrako 225, eta 17 ordezkari abstenitu dira. Kutsatzaileen gehienezko mailak murriztu dituzte direktiba berriaren bidez. Hala ere, ez da OME Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako mugetara iritsiko. OMEk 2005ean ezarri zituen airearen kalitatea ona izateko kutsatzaile batzuen gehienezko neurriak. OMEren neurri horiek, baina, ez dira lotesleak, nahiz eta estatu askok neurriak hartzeko balio izan zuen. Europako Batasunak, esaterako, airearen kalitatearen 2008ko direktiba onartu zuen, eta, horren ondorioz, Frantziako Estatuak 2010ean eta Espainiakoak 2011n aldatu zuten legea, Bruselak onartutako estandarretara moldatzeko.

Hala ere, 2021ean, OMEk berritu egin zituen kutsadura murrizteko norabideak, eta EBri gomendatu zion egun dituen neurriak laurden batera murrizteko. Lege berriaren eraginez, ordea, erdira murriztuko dira. Estatuek gogor egin beharko dute lan Bruselak markatutako muga berrietara egokitzeko. Izan ere, gaur egun estatu gehienak maila horren gainetik daude, eta araudi berriak markatuko duen langatik oso urruti. Gainera, orokorrean, estatuek urte batzuk izaten dituzte beren legedia EBk onartutakora moldatzeko; tarte murritza izango dute, beraz, kutsadura maila legezkora jaisteko.

1

Muga berriak

Airea kutsatzen duten partikula eta molekula asko daude, baina partikula finak (PM10 eta PM2,5), ozono troposferikoa (O3), nitrogeno dioxidoa (NO2), sufre dioxidoa (SO2) eta karbono monoxidoa (CO) dira kutsatzailerik ezagunenak, eta osasunean eta landaredian gehien eragiten dutenak. Batzuk fenomeno naturalengatik irits daitezke leku bateko airera, baina gehienak giza jarduerak sortuak dira: trafikoak, industriak eta harrobiek, esaterako.

Bi mikra eta erditik beherako partikulei dagokienez, gaur egun, batez beste urtean metro kuboko 25 mikrogramo (µg) ahalbidetzen ditu gehienez Europako araudiak, eta 10 µg/m3-ra jaitsiko dute: erdira baino gehiagora. Sufre dioxidoa (NO2), berriz, 40 µg/m3-tik 20ra jaitsiko dute, eta karbono monoxidoa (CO) 10 mg/m3-tik 4ra (batez beste, 24 ordutan). Sufre dioxidoaren langa ere erdia baino gehiago murriztuko dute, 125 µg/m3-tik 50era (batez beste, 24 ordutan).

OMEren gomendioetatik urrun daude oraindik ere EBren neurri berriak; 2,5 mikratik beherako partikuletan, adibidez, OMEk ezarritako langa 5 µg/m3 da, eta NO2arentzat, berriz, 10 µg/m3-koa. Ozonoari dagokionez, esaterako, OMEk gomendatzen du urtean soilik hiru aldiz pasatzea zortzi ordutan 100 µg/m3-ko muga; Europako lege berriaren bidez, urtean ezingo da hemezortzi aldiz gainditu zortzi orduz 120 µg/m3-ko langa.

2

Kalitate planak

2030etik aurrera kutsatzaileren batek aipatutako urteko muga hori gaindituko balu, gehiegizko kutsadura hori gertatu eta gehienez bi urtera aire kalitate planak egin beharko dituzte herrialdeek, eta gehienez ere hiru urtean legezko balioetan egon beharko da. Lortuko ez balitz, kalitate plan are zorrotzagoak egin beharko dituzte.

Kutsatzaileek alerta maila jakin batzuk izan beharko dituzte, eta, horiek gainditzen direnean, epe motzeko esku-hartze planak egin beharko dituzte, osasun arriskuak murrizteko.

Hala ere, badaude salbuespenak. Hainbat faktore direla eta —partikulen dispertsio baldintzak, klima baldintzak edo mugaz gaindiko kausak, esaterako—, suspentsioan dauden partikulen eta nitrogeno dioxidoaren mugen ezarpena beste hamar urtez atzeratzeko aukera egongo da, betiere ongi justifikatuta badaude eta kutsadura murrizteko planak egiten badituzte. Eskualde batzuek bost urteko luzapena izango dute ondo demostratzen badute airearen kalitatea hobetzeko planen proiekzioek iradokitzen badute 2030erako neurriak ez direla beteko.

3

Justiziarako eskubidea

Airearen kutsadurak osasunean kalteak eragin dizkion orok kalte ordainak eskatu ahal izango ditu, eta estatuek hori bermatu beharko dute. Bestalde, 28. artikuluaren bigarren puntuak ñabartu du estatuek bermatu beharko dutela erreklamatzeko bideak ez direla herritarrentzat garestiak, kalte ordainerako eskubidea «ezinezkoa edo oso zaila» izan ez dadin. Estatuek zigor kodeak ezarri beharko dituzte direktibaren mugak errespetatzen ez direnean gobernuak zigortu ahal izateko.

Bestalde, estatuek bermatu beharko dute kutsatzaileak neurtzeko puntuen kokalekuarekin, kutsadura murrizteko planekin edo epe motzeko esku-hartze planekin ados ez dauden herritarrek justiziarako sarbide erraza dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.