Europako Parlamentua miatu dute, Errusiaren esku hartze bat izan delako susmoaren harira

'Voice of Europe' webgunea ikertzen ari dira, eta parlamentua eta hango langile baten etxea miatu dituzte.

Estrasburgoko parlamentuko ganbera. RONALD WITTEK / EFE
Estrasburgoko parlamentuko ganbera. RONALD WITTEK / EFE
xabier martin
2024ko maiatzaren 29a
15:30
Entzun

Belgikako Fiskaltzak jakinarazi du Poliziak miaketak egin dituela Europako Parlamentuko langile baten etxean eta bulegoan, Estrasburgoko europarlamentuan (Frantzia), Errusiaren esku hartze batekin lotura izan dezakeelakoan. Fiskaltzak zehaztu du miaketa horiek ikerketa baten parte direla, eta, aldi berean, ikerketa horrek zerikusia duela «ustelkeria pasiboa, talde kriminal bateko kide izatea eta Errusiaren esku hartzea» biltzen dituen auzi batekin.

Belgikako Fiskaltzaren oharrak dio «susmagarriaren bulegoa» ere miatu duela Poliziak. «Europako Parlamentuko diputatu batzuekin harremanetan jarri, eta, Voice of Europe [Europako ahotsa] webgunearen bidez, Errusiaren aldeko propaganda zabaltzeko ordaindu zieten», ziurtatu dute.

Fiskalek azaldu dute parlamentuko langile horrek «rol esanguratsua» izan duela gertaera horietan. Ez dute adierazi, ordea, zer lan duen parlamentuaren barruan, ezta zuzenean diputaturen batentzat beharrean ari den ere.

«Erabateko kooperazioa»

Batera edo bestera, Europako Parlamentuko prentsa zerbitzuak ez du informazio gehiago eman, eta ikerketa «martxan» dagoela baino ez du adierazi. Parlamentuaren iturriek garbi utzi dute, dena den, «bete-betean» ariko direla Poliziarekin eta epaileekin «elkarlanean» haiek hala eskatzen dutenean. Hain justu, horrexegatik eman diote modua Poliziari bulego jakin batean sartzeko.

Miaketa hori eta langilearen etxean egindakoa zera dira, Voice of Europe albiste webgunearen inguruko ikerketa baten azken urratsak. Enpresa horrek Herbehereetan kotizatzen du, eta hilabete honen hasieran zigorra ezarri zioten, Kremlinen propaganda hedatzen ari zelakoan. Komunikabidearen iturriek, ordea, esan zuten «Europari buruzko albisteak» eskaintzen dituela, «zentsurarik gabe». Martxoan, Bruselan eta Estrasburgon zenbait eurodiputaturi egindako elkarrizketak argitaratu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.