Europako mugazainak

Kosta eta Mugen Europako Guardia sortzea proposatu du Bruselak.1.500 poliziak Europako Batzordearen esanetara jardungo lukete

Jean-Claude Juncker, atzo, Europako Parlamentuan. PATRICK SEEGER / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Errefuxiatuen krisiari aurre egiteko izan dituzten zailtasunek eraginda, Europako Batasuneko 28 estatu kideek subiranotasun puska bat gehiago utzi beharko dute Bruselaren esku. Europako Batzordeak, izan ere, 1.500 poliziaz osatutako zaindari talde berri bat sortzea proposatu zuen atzo: Kosta eta Mugen Europako Guardia. Eta, proposamena onartuz gero, posible izango da, herrialde bateko agintarien nahiaren kontra ere, Europako mugazainek herrialde horretan bertan esku hartzea.

Frontex Kanpo Mugen Zaintzarako Agentzia Europarrean oinarrituta eratu nahi du mugazain talde berria Bruselak, Europako Batasuneko kanpo mugen zaintza behar bestekoa ez den uneetan baliatzeko. Migratzaileen presioak «Schengen eremua arriskuan» jarriko balu erabakiko luke Europako Batzordeak 1.500 mugazainen taldea abian jartzea, gehienez ere hiru eguneko epean.

Europako Batasuneko estatu kideen ordezkariek osatutako batzorde batek gehiengo kualifikatuz eman beharko lioke oniritzia Bruselak eskatutako esku hartze bakoitzari; baina ez EBko estatu eta gobernu buruak biltzen dituen Europar Kontseiluak edo tokian tokiko agintariek.

Batzorde horrek Bruselaren eskaerari erantzunik eman ez edo esku hartzearen kontra bozkatuko balu, helegite organo batera jo ahalko luke Europako Batzordeak; eta, hor, estatu kide gehienen kontrako botoa beharko litzateke eskaera atzera botatzeko.

Orain arte, EBko kanpo mugen zaintza estatu bakoitzaren ardura izan da, eta eskumen hori hein batean Bruselaren esku utziko luke atzo Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko buruak Europako Parlamentuan aurkeztu zuen proposamenak. Italiak eta Greziak, esate baterako, ez dute gainerako estatu kideen laguntzarik eskatu, migratzaileen uholdeak erabat gainditu eta Bruselaren presioa jasangaitza egin zaien arte. Aurten, izan ere, milioi eta erdi errefuxiatu eta migratzaile sartu dira Europako Batasunean, gehienak bi herrialde horietatik, eta sarrera guneetan kontrolatu gabe egin ahal izan dute aurrera Balkanetako igarobidean.

Kanpo mugen zaintzak «ardura partekatua» izan behar duela argudiatu du Frans Timmermans Europako Batzordeko lehen presidenteordeak, eta errefuxiatuen krisiak gaur egungo mekanismoen «ahulezia eta hutsuneak»agerian utzi dituela erantsi du.

Europako Batzordeak, bestalde, Suedia Italiara eta Greziara iritsitako errefuxiatu siriarrak hartzeko betebeharretik urtebetez salbuestea proposatu du, herrialde hark jasaten duen presio handiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.