Ukrainako auzia dela eta, defentsaren inguruko desadostasunak agertu dira Europako liderren artean

Zortzi herrialdetako agintariak elkartu dira Parisen; batzuk beren tropak Ukrainara bidaltzearen aldekoak dira, baina beste batzuek ez daukate argi. Frantziak belarritik tira egin die gastu militarrerako beren BPGaren %2 jartzen ez duten NATOko kideei.

Von der Leyen erdian, ezkerrean Scholz eta eskuinean Macron dituela, iragan astelehenean Parisen. TERESA SUAREZ / EFE
Von der Leyen erdian, ezkerrean Scholz eta eskuinean Macron dituela, iragan astelehenean, Parisen. TERESA SUAREZ / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Maddi Iztueta Olano
2025eko otsailaren 17a
11:15
Entzun

Asteon beteko dira hiru urte Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, eta ordutik Europako herrialdeak eta AEB Ameriketako Estatu Batuak dira Kieven sostengurik handienak Moskuri aurre egiteko. Etxe Zuriko maizter Donald Trumpen administrazioa, ordea, beste bide bat hartzen ari da, eta Ukrainan menia akordio bat lortzeko negoziazioetatik kanpo utzi du Europa. Hori dela eta, Europaren defentsaren eta Ukrainaren etorkizunaren inguruan nola jokatu adostu eta bide orri bateratu bat zehaztu nahian dabiltza Europako agintariak; hain zuzen, horretarako elkartu dira Europako liderrak gaur arratsaldean, Parisen. Bilkuraren aurretik hainbat agintarik egindako adierazpenek agerian utzi dituzte, ordea, elkarren arteko desadostasunak.

Eliseo jauregian egin dute ezohiko bilera Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako, Italiako, Poloniako, Espainiako, Herbehereetako eta Danimarkako gobernuburuek, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek, Europar Kontseiluko buru Antonio Costak, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Mark Ruttek, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak atzo hala eskatuta. Besteak beste, hizpide izan dute zenbateko laguntza militarra eman Ukrainari, beren herrialdeetako tropak hara bidali edo ez, eta nola jardun Moskuk eta Kievek menia akordio bat erdietsiko balute.

Gaur batzartu diren herrialdeetako agintari batzuk prest daude Ukrainari ahalik eta laguntzarik handiena emateko; kasurako, Frantzia eta Erresuma Batua. Daily Telegraph egunkarian atzo argitaratutako elkarrizketa batean, Downing Street-eko buru Keir Starmerrek esan du konpromiso irmoa duela, «behar izanez gero» Erresuma Batuko tropak bidaltzeko Ukrainara. Macronek ere adierazi du prest dagoela horretarako. Horrekin lotuta, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik beste pauso bat eman zuen joan den astean: haren arabera, «Europako armada bat» sortu behar lukete.

Dena den, bada uste duenik «goizegi» dela gisa horretako erabaki bat hartzeko. Hala adierazi du Alemaniako kantziler Olaf Scholzek, bilkuraren ondoren egindako prentsaurrekoan. «Argi dago premiazkoa dela Ukrainak armada indartsu bat izatea, baita menia bat indarrean balego ere», gaineratu du. AEBek mahai gainean jarritako meniaren harira, nabarmendu du ezin dutela Ukraina ezein erabaki hartzera behartu. Antzerako jarrera erakutsi du Poloniako lehen ministro Donald Tuskek, prentsari egindako adierazpenetan: «Polonia lankidetzan arituko da segurtasunarekin lotutako afera guztietan; halere, gure tropak Ukrainara bidaltzea baztertuta dago, gure lurraldeak babestu behar baititugu». Bestalde, Herbehereetako lehen ministro Dick Schoofek ez du, oraingoz, horri buruzko erabakirik aurreratu; xehetasun gehiago eman gabe, esan du Europak «zerbait» egin behar duela, eta ez duela erabat baztertzen tropak hara bidaltzea.

Gastu militarraren afera

Nork bere herrialdeko tropak gerra frontera bidaltzeko aukeraren inguruan ez ezik, herrialde bakoitzaren gastu militarraren inguruan ere eztabaidatu dute Eliseo jauregian. NATOko kideek adostuta daukate herrialde bakoitzak bere BPG barne produktu gordinaren %2 baliatzea gastu militarrerako; batzuk, ordea, gutxiago jartzen dute, eta horiei belarritik tira egin die Frantziak. Macronek uste du «ahalegin handiagoa» egin beharko luketela hitzartutakoa betetzeko. Herrialde batzuk kopuru horretara iristen ez diren arren, NATOko Idazkari nagusiak uste du puntu bat handitu beharko luketela kopuru hori; hau da, erakundeko kideek BPGaren %3 jarri beharko luketela gastu militarrerako.

Proposamen horrekin bat egiten dute, besteak beste, Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak eta Tuskek; are, prentsari gaur egindako adierazpenetan, Poloniako lehen ministroak nabarmendu du berek jada %2 baino gehiago jartzen dutela gastu militarrerako: %4,7 inguru. Halaber, Starmerrek adierazi du, bilkuraren ondoren, «alferrik» dela iraganari heltzea, eta «aro berriari» erreparatu behar diotela; hots, AEBen babesa alde batera uzteko, eta Europa «are gehiago indartzeko» aroa.

«Zertarako gonbidatu?»

Iragan asteazkenean Trumpek iragarri zuen Mosku eta Kiev prest daudela Ukrainarako su-eten akordio bat adosteko negoziazioei ekiteko. Gero iritsi ziren haren gobernuko kideen adierazpenak, eta, haien arabera, Europak ez du zuzenean parte hartuko negoziazio mahai horretan. Hala ziurtatu zuen Keith Kellogg Etxe Zuriaren Ukrainako gerrarako ordezkariak larunbatean, Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania). Gainera, Europako agintariei esan zien ez kexatzeko eta proposamen zehatzak bidaltzeko.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroari ez zaio iruditzen Europako herrialdeek Ukrainako negoziazio mahaian egon behar dutenik: «Gatazka dagoen moduan izozteko ideiak proposatuko dituzte, baina gerrak jarraitzea dute buruan. Zertarako gonbidatu behar ditugu?», adierazi du gaur eman duen prentsaurrekoan. Bihar Riaden izango da, eta Etxe Zuriko hainbat ordezkarirekin batzartuko da han. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria, Mike Waltz Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkularia eta Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkaria Saudi Arabian dira jada. Eta Kremlinek jakinarazi du biharko bilkuran izango direla Lavrov bera eta Kremlineko aholkulari Iuri Uxakov.

Axios AEBetako agerkariak eta Reuters Erresuma Batuko berri agentziak iturri ofizialak aipatuz jakinarazi dutenez, bilkuraren helburua da AEBetako presidente Donald Trumpen eta Errusiako presidente Vladimir Putinen arteko bilera bat prestatzea. Lavrovek jakinarazi duenez, Trumpek eta Putinek iragan astean izandako telefono deian adostu zuten bi herrialdeen arteko elkarrizketei «berrekitea». Horrela nazioarteko zenbait gatazkari konponbidea aurkitu ahal izango zaiela iruditzen zaio Errusiako Atzerri ministroari; eta AEBek Ukrainako gerra konpontzen lagun dezaketela ziurtatu du. Horregatik, azaldu du bihar AEBetako ordezkariek esandakoak entzungo dituela, informazio hori liderrei igorriko diela, eta erabakiak hartuko dituztela eman beharreko urratsen inguruan.

Kievek bilkura horri buruz berririk ez zuela jakinarazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, gaur Abu Dhabin emandako prentsaurreko batean. Arabiar Emirerri Batuetan izan da gaur, eta datozen egunetan Saudi Arabiara joatekoa da, baina ziurtatu du bera ez dagoela gonbidatuta AEBen eta Errusiaren arteko bilkurara. Horregatik, jakinarazi du ez dituela onartuko bertan hartzen diren erabakiak: «Ez dugu onartuko Ukrainari buruzko akordiorik, Ukraina kontuan hartzen ez badute».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.