Pablo Gonzalez kazetariaren atxiloketa salatu du gaur Europako Kontseiluan kazetaritzaren eta kazetarien segurtasuna bermatzeko defentsan lan egiten duen plataformak, mezu baten bitartez. Poloniako Barne Segurtasunerako Agentziak, hots, herrialdeko kontraespioitza zerbitzuak, otsailaren 28an atxilotu zuen kazetaria.
Mezuan adierazi duenez, gainera, Gonzalezek otsailaren 27an bidali zuen azken artikulua, eta, ondoren, atseden hartzera zihoala esan zuen. Polonian zegoen kazetaria, Ukrainatik ihes egindako errefuxiatuen egoeraren berri ematen, eta «espioitza delitua» egotzita atxilotu zuten. Otsailaren 28tik, inkomunikatuta eduki dute Gonzalez zenbait egunez. Gonzalo Boye haren abokatuak Twitter bidez azaldu duenez, «bidegabe» dago espetxeratua, eta, orain arte, ezin izan du senideekin eta abokatuarekin harremanetan jarri.
Simplemente recordar que el periodista @PabVis lleva desde el 28 de febrero detenido injustamente y que, hasta ahora, no ha podido contactar ni con su familia ni con su abogado... se supone que está preso en un país de la Unión Europea con lo que ello debería significar
— Gonzalo Boye (@boye_g) March 10, 2022
Poloniako kontraespioitzak martxoaren 1ean zehaztu zuen Gonzalez Przemysl hirian (Polonia) atxilotu zutela, eta ez Rzeszowen (Polonia). Gaineratu zuen «atzerriko inteligentzia zerbitzu baten jardueretan parte hartzea» leporatzen zaiola kazetariari; delitu horrengatik, hamar urterainoko espetxe zigorra eskatu daiteke.
Kazetariak Babesteko Batzordeak eta Prentsaren Nazioarteko Institutuak Europako Kontseiluari jakinarazi zioten gertatutakoa, eta, orain, Poloniako Gobernuak salaketari buruzko azalpenak ematea espero du Kontseiluak.