Halaber, egoera hasi da bere onera iristen, eta atzorako amaitu ziren erabateko murrizketak aireportu gehienetan -lehen aldiz joan den ostegunetik-; aurreikusitako 28.000 hegaldien %80 -22.400 hegaldi- atera ahal izan ziren, Eurocontrolen arabera. Hau da, 5.600 inguru hegaldi geratu ziren atzokoan atera ezinik. «20.000 oinetik beherako airegunean jarduten duten ia hegaldi guztiak erabilgarri daude; zenbait murrizketa geratzen dira, baina egun batzuen buruan konpontzea espero dugu», jakinarazi dute ohar bidez.
Esaterako, atzo zabaldu zituen ateak murrizketek kalteak eragindako aireportu nagusietako batek, Erresuma Batuko Heathrow-koak. Egoera normaltze bidean dela erakutsi zuen horrek, bertan hartzen baitira nazioarteko hegaldi gehien. Frantzian, Danimarkan eta Polonian ere zabaldu zuten aire zirkulazioa. Alta, beste herrialdeetako aireportuetan etenda zegoen artean; Alemaniako lau aireportuetan, esaterako, ez zen hegaldirik irteten, ezta Suediako beste bostetan ere. Norvegian eta Finlandian, aldiz, aldi batez zabaldu zituzten aireportuak. Irlanda da guztietan kaltetuena, sumendiaren errautsek «nolako garapena duten» ikusi arte, Gobernuak ez baitu hegaldiak ateratzeko baimenik emango.
Kalte ekonomiko handienak
Kaosa izan da egunotan aireportuetako egunerokoa, eta adituek iragarri bezala, anabasa arlo ekonomian nabaritzen hasi da. IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkartearen hitzetan, aire konpainiek 1.265 milioi euro galdu dituzte orain arte, eta egunek eta murrizketek aurrera egin ahala, kalteak are handiagoak izango dira; AEBetako irailaren 11ko atentatuek eragindako kalteei gaina har diezaieketela ere jakinarazi dute, orduko hartan hiru egunez itxi baitzituzten nazioarteko aireportuak. Oraingoan, ordea, errauts lainoaren ondorioz agindu diren murrizketak zortzi egunez luzatu dira, eta, eguneko 297 milioi euroko galera ekarri die aire konpainiei.
NDF Nazioarteko Diru Funtsak, baina, sumendiak eragin mugatua izango duelakoan dago, Jorge Decressin ordezkariaren hitzetan, «natura hondamendiek ekonomian ondorio hutsalak» eragiten dituztelako. Natura kalteak ikertzen hasi dira, hain zuzen, adituak; Henry Gaudru bulkanologoak ez du uste sumendiak munduko kliman eragina izango duenik. Haizearengatik ez balitz, «ohiko sumendi baten leherketa» besterik ez zela izango esan du.
Europako herrialdeetako buruzagiek egin duten kudeaketa txarra izan dute hizpide, bestalde, hainbat aire konpainiek. IATAk berak «eredu teorikoetan» oinarritzea leporatu diete agintariei, eta «ez egungo ekintzetan». Hausterreek hegazkinen motorretan eragin zitzaketen kalteak eraman zituzten agintariak neurriak hartzera; zenbait aire konpainiek, baina, proba hegaldiak egin dituzte eta ezarritako arreta ereduak okerrak zirela ondorioztatu dute.
Europa, aire batasunaren alde
Europako Batzordeak, bere aldetik, aire zirkulazioa hobetzeko eta halako egoeretan nola jokatu aurreikusteko neurriak hartu beharrean direla onartu du. Helen Kearns Garraio ordezkariak «Europako aire batasunaren» alde, aire zirkulazioa administratuko duen kudeatzaile bat ezartzeko apustua egin du: «Europako Batasunak 27 airegune beharrean, bakarra izango balu, erabakiak askoz lehenago hartuko lirateke». Iaz esparru araua onartu zuen EBk horren inguruan, baina epeak errespetatuta, ez litzateke 2012ko urtera arte indarrean sartuko. Epe horiek azkartzea proposatu du Kearnsek, hain zuzen, «aire zirkulazioa hobeto kudeatzen hasteko».