2022an, Europako estatuen gastu militarra Gerra Hotzaz geroztik erregistratutako handiena izan zen, Ukrainako gerrak bultzatuta, SIPRI Stockholmgo Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak gaur argitaratutako datuen arabera. Europa izan zen azken 30 urteetan armen erosketetan igoerarik handiena izan zuen kontinentea (%13). Hazkunde horren eta Asia ekialdean azkenaldi honetan izandako tentsioaren gorakadaren ondorioz, munduko gastu militarra zortzigarren urtez jarraian igo da, 2 bilioi euroren langa gainditzeraino. Beste modu batera esanda, munduko BPG barne produktu gordinaren %2,2. Urtetik urterako igoera, halaber, %3,7koa izan zen. «Mundua gero eta ezegonkorragoa da», ohartarazi du ikerketa taldeko kide Nan Tianek.
SIPRIk txostenean nabarmentzen duenez, Europa erdialdeko eta mendebaldeko estatuek 315.000 milioi inguru gastatu zituzten joan den urtean, 2013an baino %30 gehiago. Kopuru horrek, hain zuzen, 1989koa gainditu du lehen aldiz. Finlandia —2013an baino %36 gehiago—, Lituania (%27), Suedia (%12) eta Polonia (%11) izan ziren iaz aurrekontu militarra gehien handitu zuten lehen lau herrialdeak, eta, hainbat estatuk abiarazitako asmoen arabera, gastu militarrak gora egingo du aurrerantzean ere, Stockholmgo Institutuak jaso duenez.
«Errusiak 2022ko otsailean Ukrainan hasitako inbasioak eragin handia izan bazuen ere iazko gastu militarrari buruzko erabakietan, Errusiaren erasoari buruzko kezkak askoz lehenagotik hasi ziren sortzen. Sobietar Batasuneko kide izan ziren herrialde askotan bi aldiz handiagoa da gastu militarra 2014tik, Errusiak Krimea anexionatu zuen urtetik», azaldu du SIPRIko ikertzaile Lorenzo Scarazzatok.
Errusiak, gastu militarrik handiena duten potentzietan bigarrenak, %9,2 igo zuen gastua, 86.400 milioi euroraino —BPGaren % 4,1—; Ukrainak, berriz, %640ko igoera historikoa izan zuen iaz —BPGaren %34—, Mendebaldeko hainbat herrialdetatik jasotako dohaintzak kontuan hartu gabe; SIPRIren arabera, herrialde batek urte bakar batean izan duen gastu militarraren hazkunderik handiena izan zen. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak, berriz, bilioi bat euro inguruko gastu militarra izan zuen iaz, 2021ean baino %0,9 handiagoa.
Europan eta beste kontinente batzuetan izandako igoerak gorabehera, AEB Ameriketako Estatu Batuek eusten diote defentsa arloko zerrendaren lehen postuan: 880.000 milioi euro gastatu zituzten —munduko gastu osoaren %39—, Txina zerrendako bigarrenak halako hiru. Washingtonek %0,7 igo zuen gastua 2021etik, Ukrainari emandako laguntza militarren eraginez, besteak beste. AEBek Ukrainari iaz emandako ia 18.000 milioi euroko diru poltsa, zehazki, Gerra Hotzaz geroztik herrialde bati inoiz emandako laguntza militarrik handiena izan zen, SIPRIk zehaztu duenez. Diru kopuru hori AEBetako gastu militar osoaren %2,3 baino ez da.
Saudi Arabiak —iaz baino %16 gehiago— eta Indiak (%6) osatzen dute gastu militarreko lehen bostekoa. Haien atzetik, zerrenda horretan agertzen dira, hurrenkera honetan, Erresuma Batua —Europan gastu militarrik handiena izan zuen herrialdea—, Alemania, Frantzia, Hego Korea eta Japonia. Ukraina, berriz, 25. postutik hamaikagarrenera igo zen iaz. Espainiari dagokionez, postu bat jaitsi zuen 2021etik, hamaseigarren lekuan gelditzeraino, Brasilen aurretik; halere, 18.500 milioi euro gastatu zituen defentsa arloan —BPGaren %1,5—, aurreko urtean baino %7,3 gehiago.
Txinak, %4,2ko igoera
Txostenak, gainera, Asian eta Ozeanian izandako igoera ere jasotzen du; 522.000 milioi euro gastatu zituzten, 2021ean baino %2,7 gehiago, eta 2013an baino %45 gehiago. Txina izan zen 2022an munduan gastu militar handiena zuten herrialdeetan bigarrena: 265.000 milioi euroko gastua izan zuen. Asiako erraldoiak %4,2 igo zuen gastu militarra 2021etik, eta %63 2013tik. 28 urtez jarraian, Txinak indartu egin du defentsa arloa.
Japoniari dagokionez —gastu militar handiena duten Asiako herrialdeen artean bigarrena da—, defentsa arlorako gastua %5,9 handitu zuen 2021etik 2022ra, 1960tik izandako igoerarik handiena; 41.700 milioi euroko gastua izan zuen —bere BPGaren %1,1—. Tokiok 2022an argitaratutako segurtasun nazionaleko estrategia berri baten arabera, herrialdeak gaitasun militarra sendotzeko «asmo handiko planak» izango ditu hurrengo hamarkadetan, Txinaren, Ipar Korearen eta Errusiaren «mehatxuei» aurre egin ahal izateko, SIPRIk jaso duenez.
Erdialdeko Amerikan eta Kariben, ostera, defentsa arlorako jarritako aurrekontua %6,2 apaldu zen oro har, Mexikoko gastu militarra ia hamar puntu apaldu baitzen; Hego Amerikan, berriz, %6,1 murriztu zen; kasu horretan, Brasilen behera egin zuelako.
Afrikako herrialdeen artean, Nigeriak, esaterako, %38 murriztu zuen iaz gastu militarra, 2021ean %56 igo ostean. Kontrara, Etiopiak %88 handitu zuen. Igoera horren ostean gertatu ziren, hain zuzen, herrialdeko armadak TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Frontearen aurka egindako erasoaldiak.