2022an, Europako estatuen gastu militarra Gerra Hotzaz geroztik erregistratutako handiena izan zen, Ukrainako gerrak bultzatuta, SIPRI Stockholmgo Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak atzo argitaratutako datuen arabera. Europa izan zen azken 30 urteetan armen erosketetan igoerarik handiena izan zuen kontinentea (%13). Hazkunde horren eta Asia ekialdean azkenaldi honetan izandako tentsioaren gorakadaren ondorioz, munduko gastu militarra zortzigarren urtez jarraian handitu da. Beste modu batera esanda, munduko BPG barne produktu gordinaren %2,2. Urtetik urterako igoera, halaber, %3,7koa izan zen. «Mundua gero eta ezegonkorragoa da», ohartarazi zuen ikerketa taldeko kide Nan Tianek.
SIPRIk txostenean nabarmentzen duenez, Europa erdialdeko eta mendebaldeko estatuek 315.000 milioi inguru gastatu zituzten joan den urtean, 2013an baino %30 gehiago. Kopuru horrek, hain zuzen, 1989koa gainditu du lehen aldiz. Finlandia—2013an baino %36 gehiago—, Lituania (%27), Suedia (%12) eta Polonia (%11) izan ziren iaz aurrekontu militarra gehien handitu zuten lehen lau herrialdeak, eta, hainbat estatuk abiarazitako asmoen arabera, gastu militarrak gora egingo du aurrerantzean ere.
«Errusiak 2022ko otsailean Ukrainan hasitako inbasioak eragin handia izan bazuen ere iazko gastu militarrari buruzko erabakietan, Errusiaren erasoari buruzko kezkak askoz lehenagotik hasi ziren sortzen. Sobietar Batasuneko kide izan ziren herrialde askotan bi aldiz handiagoa da gastu militarra 2014tik, Errusiak Krimea anexionatu zuen urtetik», azaldu zuen SIPRIko ikertzaile Lorenzo Scarazzatok.
Errusiak, gastu militarrik handiena duten potentzietan hirugarrenak, %9,2 igo zuen gastua, 86.400 milioi euroraino —BPGaren % 4,1—; Ukrainak, berriz, %640ko igoera historikoa izan zuen iaz —BPGaren %34—, Mendebaldeko hainbat herrialdetatik jasotako dohaintzak kontuan hartu gabe; SIPRIren arabera, herrialde batek urte bakar batean izan duen gastu militarraren hazkunderik handiena izan zen. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak, berriz, bilioi bat euro inguruko gastu militarra izan zuen iaz, 2021ean baino %0,9 handiagoa.
AEBak lehen postuan
Europan eta beste kontinente batzuetan izandako igoerak gorabehera, AEB Ameriketako Estatu Batuek eusten diote defentsa arloko zerrendaren lehen postuan: 880.000 milioi euro gastatu zituzten —munduko gastu osoaren %39—, Txina zerrendako bigarrenak halako hiru. Washingtonek %0,7 igo zuen gastua 2021etik, Ukrainari emandako laguntza militarren eraginez, besteak beste. AEBek Ukrainari iaz emandako ia 18.000 milioi euroko diru poltsa, zehazki, Gerra Hotzaz geroztik herrialde bati inoiz emandako laguntzarik handiena izan zen. Kopuru hori AEBetako gastu militar osoaren %2,3 baino ez da.
Txostenak, gainera, Asian eta Ozeanian izandako igoera ere jasotzen du; 522.000 milioi euro gastatu zituzten, 2021ean baino %2,7 gehiago, eta 2013an baino %45 gehiago. Txina izan zen 2022an munduan gastu militar handiena zuten herrialdeetan bigarrena: 265.000 milioi euroko gastua izan zuen. Asiako erraldoiak %4,2 igo zuen gastu militarra 2021etik, eta %63 2013tik. 28 urtez jarraian, Txinak indartu egin du defentsa arloa.
Japoniari dagokionez —gastu militar handiena duten Asiako herrialdeen artean bigarrena da—, defentsarako gastua %5,9 handitu zuen 2021etik 2022ra, 1960tik izandako igoerarik handiena; 41.700 milioi euroko gastua izan zuen —bere BPGaren %1,1—. Tokiok iaz argitaratutako segurtasun nazionaleko estrategia berri baten arabera, gaitasun militarra sendotzeko «asmo handiko planak» izango ditu hurrengo hamarkadetan, Txinaren, Ipar Korearen eta Errusiaren «mehatxuei» aurre egin ahal izateko.
Europako gastu militarra Gerra Hotzaz geroztik izandako handiena da
Europan, Finlandia, Lituania, Suedia eta Polonia dira 2013tik aurrekontua gehien handitu dutenak. AEBei, Txinari eta Errusiari dagokie munduko gastuaren %56
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu