Italiako bozak

Europako eskuin muturrak beso zabalik hartu du neofaxisten garaipena

Le Penek ultrak zoriondu ditu, «EB antidemokratiko eta harroputz baten mehatxuei aurre egiteagatik». Orbanentzat, «merezitako garaipena» da». Frantziak «erne» egotera deitu du

Pertsona batzuk hauteskundeetako emaitzak ikusten, atzo, FdI Italiako Anaiak alderdiaren egoitzan. ETTORE FERRARI / EFE.
Julen Otaegi Leonet.
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun

Europako eskuin muturrak beso zabalik hartu du Giorgia Meloni neofaxistak Italiako hauteskunde orokorretan lortutako garaipena. Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroa ez zen batere berandutu, eta gauerdian bertan zoriondu zuen FdI Italiako Anaiak alderdiaren burua, lehen emaitzen berri izan bezain laster. Alderdi biak ala biak daude ECR Europako Kontserbadore eta Erreformisten taldean Europako Parlamentuan. EB Europako Batasuneko eztabaidei begira, Melonik argi du zeintzuk izango diren bere aliatuak.

Marine Le Pen Frantziako RN Batasun Nazionalaren buruzagi ohi eta Asanbleako diputatua ere gogobeteta agertu zen Italiako bozen emaitzarekin. Meloni eta Lega alderdiko buru Matteo Salvini zoriondu zituen Le Penek, «Europako Batasun antidemokratiko eta harroputz baten mehatxuei aurre egiteagatik». Italiarrek «gobernu abertzale eta subirano» bat aukeratu dutela ere gehitu zuen mezuan.

Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek ere FdIko burua goratu zuen sare sozialetan: «merezitako garaipena» lortu duela adierazi zuen. Orbanen Fidesz alderdiko kideek ere izan dute tarterik eskuin muturreko koalizioa zoriontzeko. «Gure helburuak komunak dira: bakea eta familiei laguntzea, [eta] gure mugak babestea», adierazi zien Szilard Nemeth alderdiko presidenteordeetako batek. Lehen ministroaren politika zuzendari Balazs Orbanek ohartarazi zuen «inoiz baino gehiago» lagundu behar dituztela «ikuspegi komun bat» dutenak.

Espainiako Vox alderdiak ere bide beretik jo zuen, eta komunikatu baten bitartez nabarmendu zuen «Italiak nazio aske eta subiranoen Europa berri baterako bidea» finkatu duela.

Italiako ultraeskuinaren garaipenak Europako hautsak harrotu ditu, eta, aliatuak bezala, bestelako iritzidunak ere izan dira. Espainian, gobernuko bigarren presidenteorde Yolanda Diazek esan zuen emaitza «tristeak eta kezkagarriak» direla. Dena dela, ez zuen etsi: «Italia alboan beharko dugu Europa sozialago eta demokratikoago bat eraikitzeko, Hungariaren eta Poloniaren bideari jarraitu ez diezaion», erantsi zuen. Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek FdIren garaipena gaitzetsi zuen, eta haren ondorioez ohartarazi, bide batez: «Populismoak beti hauspotzen dira, eta beti bera dute amaiera: hondamendia. Iraganera itzultzearen aldeko apustua egiten dute».

Frantzian, Elisabeth Borne lehen ministroak azaldu zuenez, «erne» izango dira giza eskubideak errespeta daitezen bai Italian, bai EBko kideen artean. Are gehiago: abortatzeko eskubidea nabarmendu zuen eskubideen artean.

«Muturreko sinplifikazioa»

Bestalde, Europako Batzordea neutral agertzen ahalegindu zen. Eric Mamer bozeramaileak azpimarratu zuen ez dagokiola batzordeari Italiako kanpainaz iruzkinik egitea. Haren lana gobernuekin elkarlanean aritzea dela azaldu du, eta oraingoan ez dela «desberdina izango». Talde komunitarioko eztabaidei dagokienez, iruditzen zaio Italiako bozetan Europari buruzko epaiketa moduko bat ikustea muturreko sinplifikazioa» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.