Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuaren arabera, talde komunitarioa ez da aliantza militar bat, «baina defentsa politika bat» behar du, eta, horretarako, «industria oinarri bat» ere bai. «Epe ertainerako eta laburrerako misio bat», beste modu batera esanda, Borrellek gaur adierazi duenez. «Europan ez dugu Pentagonorik [erosketa militarrak zentralizatzeko], eta kooperazioan aritu behar dugu». Errusiako armadaren Ukrainako inbasioak EBren «segurtasun agertokia» moldatu du, eta horrek talde komunitarioa behartu du aldaketak egitera eta testuinguru berrira egokitzera. Horren harira proposatu du Bruselak Europako Defentsa Industriarako Estrategia gaur: politika industrialak, blokearen defentsa indartzeko, elkarrekin ekoizteko, atzerriko herrien dependentzia txikitzeko eta bere burua babesteko. Horrek modua emango lieke, Margrethe Vestager Europako Batzordeko presidenteorde eta Lehiakortasun komisarioaren esanetan, «jokamoldea aldatzeko» eta «egiturazko defentsak prest izateko».
Europako Batzordeak bere lehen defentsa estrategia proposatu du gaur. Zehazki, talde komunitarioko «defentsa industriaren lehiakortasuna eta prestasuna» babesteko «anbizio handiko» ekintza sorta bat atera du argitara, eta, horretarako, Thierry Breton Europako Batzordeko Barne Merkatuko komisarioak esan du EBko estatu kideek «gehiago, hobeki eta elkarrekin» inbertitu beharko luketela kontinentean bertan. Hori da helburua.
We are adopting our first ever defence industrial strategy and proposes a new defence industry programme to enhance its readiness and security.
— European Commission (@EU_Commission) March 5, 2024
Press conference by Executive Vice-President @vestager, HR/VP @JosepBorrellF and Commissioner @ThierryBreton ↓ https://t.co/WQDCPdYDVb
Proposaturiko estrategiak helburutzat dauka EBko estatu kideek aurrera egitea «industria prestasun» horretara iristeko bidean. Horretarako, Europako Batzordeak honakoak egitera gonbidatu ditu: batetik, 2030erako defentsa ekipamenduaren %40 modu bateratuan ekoiztea; bigarrenik, urte horretarako bermatzea EB barneko defentsa merkataritzaren balioak gutxienez blokeko defentsa merkatuaren %35 ordezkatzea; eta, hirugarrenik, 2030erako defentsa erosketen erdiak EBn egitea, eta 2035erako horien %60.
Hori guztia gauzatzeko, 1.500 milioi euroko funts bat sortzea proposatu du Europako Batzordeak —2025-2027 aldirako, EBko aurrekontutik hartua—, zeinak balioko duen talde komunitarioko industria militarra sustatzeko, Bretonen arabera. Bruselak nahi du talde komunitarioko defentsa industria prestatuago egotea gaur egungo erronkei aurre egiteko, baita beste batzuei aurre egiteko ere; kasurako, bat-batean artilleria munizioaren eskaria nabarmen handituko litzatekeenerako. «Krisiari erantzun besterik ez dugu egin orain arte», ohartarazi du Vestagerrek.
Baina, oro har, balio beharko luke Ukraina militarki laguntzeko —eta horretarako finantzaketa gaitasuna bermatzeko—, eta blokeko herrialdeek erreserba bat izateko etorkizunean. Eta, EBren ikuspuntutik, armen aferan «bezeroak ez izateko», Borrellen ustetan.
Ikusi gehiago
Europako Batzordeak egiturazko aldaketa bat errotu nahi du, finean: orain arte, soilik premiazkoa izan denean erabili du blokeko aurrekontua munizio ekoizpena finantzatzeko eta erosketa bateratua sustatzeko, baina, hemendik aurrera, hori egonkortu nahi luke. Paradigma aldatzea ekarriko luke horrek, hortaz, EBk bere burua blindatu eta armatu nahi baitu.
Gainera, horrekin lotuta, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak joan den hilabetean jakinarazi zuen Defentsa komisarioaren kargua sortuko lukeela datorren ekaineko Europako Parlamenturako bozen ondoren EBko botere exekutiboaren buruzagitzan segituko balu.
Estatu kideen oniritzia
Orain, EBko estatu kideek oniritzia eman behar diote Europako Batzordeari, eta baliteke horietako batzuk kontra agertzea; besteak beste, diru asko delako, eta gobernuak beldur direlako Bruselak plan hori erabiliko ote duen botere handiagoa biltzeko.
Denek nahi dute talde komunitarioaren defentsa indartzea eta AEB Ameriketako Estatu Batuekiko dependentzia txikitzea —Bretonek esana du EBk bere burua «babestu» beharko lukeela Donald Trump agintera itzuliz gero AEBetan—, baina, praktikan, desadostasunak daude Bruselak zenbateraino kontrolatu eta koordinatu beharko lukeen funts hori.
Kezka horien harira Europako Batzordeko Barne Merkatuko komisarioak berak atzo Frantziako France Info telebista katean adierazi zuenez, defentsa estatu kideen ardura izango litzateke aurrerantzean ere: «Kontua ez da hitzarmenak aldatzea, baizik eta elkarrekin hobeki lan egitea». Borrell ere antzera mintzatu da, gaurko agerraldian: «Zatiketari lankidetzaren bitartez aurre egin behar diogu».
«[EBko estatu kideen arteko] Zatiketari lankidetzaren bitartez aurre egin behar diogu».
JOSEP BORRELLEBko diplomaziaburua
Edonola ere, aferak agerian utzi du jarrera aldaketa bat izan dela EBn defentsa industriari dagokionez, eta bere burua babesteari dagokionez ere bai, Errusiako armadaren Ukrainako inbasioak bultzatuta. Eta Europako Batzordearen asmoa indarrean sartuz gero, aldatu egingo litzateke Gerra Hotzaren osteko agertokia: talde komunitarioak bake proiektu gisa aurkeztu izan du bere burua, baina defentsako gastua handitzeak aldendu egingo luke ideia horretatik. Bretonek hori bera aitortu du gaurko agerraldian, esan baitu garai aldaketa bat datorrela.
Hori ez da erabateko berritasuna, ordea, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen datuek agerian utzi baitute azken hamarkadan gora egin duela defentsako gastuak. 2014an, NATOko kide ziren Europako estatuek BPG barne produktu gordinaren %1,47 jarri zuten arlo horretarako —216.725 milioi euro—, eta iaz BPGaren %1,85eraino igo zuten kopuru hori, 347.000 milioi euroraino. Espero dute aurten %2ra eta 380.000 milioi eurora iristea, eta datozen urteetan joerak gorantz segitzea.
Eta horri gehitu behar zaio Finlandia NATOko kide bilakatu zela iaz, eta Suedia aurten sartuko dela Mendebaldearen aliantza militar horretan.