Europako Alderdi Popularraren barruan dauden alderdiek 2019ko emaitzak hobetu zituzten ekainaren 9an, Europako Parlamenturako hauteskundeetan. Horrenbestez, Europako Batzorde berriak kutsu eskuindarragoa izango du azken legegintzaldikoak baino (2019-2024). Horren erakusgarri, pisu handienetakoa duten komisariotzak politikari kontserbadoreen esku geratu dira. Ursula von der Leyen batzordeko presidenteak gaur jakinarazi du nortzuek osatuko duten aurrerantzean EB Europako Batasuneko gobernua.
Agerraldi bat egin du Estrasburgon (Frantzia), Europako Parlamentuaren egoitzan, eta iragarri du zeintzuk izango diren batzordearen lehentasunak: «Oparotasuna, segurtasuna eta demokrazia». Batzordea da EBren instituzio boteretsuena, eta, besteak beste, proposatu ditzake arautegiak, sina ditzake akordioak, eta blokeorako gaitasuna ere badauka.
2024tik 2029rako legegintzaldirako, hainbat erronka ditu. Batetik, Txinaren eta AEBen industria politiken aurrean lehiakorragoa izatea. Horretarako, Mario Draghik propio egindako txosten bat daukate batzordean, erreferentzia gisa. Joan den astean aurkeztu zuen, eta Europako Banku Zentraleko presidente izandakoak (2011-2019) ohartarazi zuen erreformak egin ezean talde komunitarioak agonia luze bat nozituko duela.
Bestetik, defentsarako gaitasuna indartzeko asmoa agertu du azkeneko legegintzaldian. Martxoan, Europako Defentsa Industriarako Estrategia aurkeztu zuen. Horren helburua da armen erosketa eta ekoizpena bateratzea. Orduan, talde komunitarioko agintariek argudiatu zuten Errusiak 2022ko otsailean Ukrainan hasitako inbasioak EBren «segurtasun agertokia» moldatu duela. Von der Leyen aspalditxotik esaten ari da Europak gerrarako prestatu behar duela. Horren harira, batzordeak Defentsa komisariotza bat izango du aurrenekoz.
Baita Mediterraneorako komisariotza ere. Izan ere, handik iristen diren migratzaileak kudeatzea da batzordearen erronka nagusietako bat. Von der Leyenek adieraz izan du azken asteetan «agenda berri bat» proposatuko duela Mediterraneorako. Ezin ahaztu, gainera, Europako Parlamentuak Migrazio eta Asilo Ituna onartu zuela apirilean, eta, horrek, praktikan, gogortu egin dituela EBn sartzeko baldintzak.
Eskuin muturra da migrazioaren aurkako diskurtsorik gogorrena duena, eta, hain zuzen, azken urteetan eta historikoki talde komunitarioaren akuilu izan diren bi herrialdeetan, hau da, Alemanian eta Frantzian, ultrak geroz eta boto gehiago lortzen ari dira.
Lau komisario andrazko
Batzordeak 27 kide izango ditu —estatu kideak beste—, eta horietatik erdiak ere ez dira izango emakumezkoak; hain zuzen, andrazko 11 komisario edukiko ditu EBko gobernuak. Hori nolabait orekatzeko ahaleginean, keinu sinboliko bat egin du Von der Leyenek, eta batzordeko sei presidenteordeak emakumeak izango dira: Teresa Ribera (Espainia), Kaja Kallas (Estonia), Henna Virkkunen (Finlandia) eta Roxana Minzatu (Errumania).
Emakume eta gizonen arteko parekotasuna bermatzeko asmoz, Von der Leyenek estatu kide bakoitzari eskatu zion komisariotzetarako bi izen proposatzeko: gizon bat eta emakume bat. Baina kide gehienek izen bakarra proposatu dute, eta gizonezkoena. Egun oraindik lanean ari den batzordeak 25 kide dauzka, eta horietatik 11 dira emakumezkoak.
Batzorde berriaren agintaldia azaroaren 1ean hasiko da ofizialki. Nolanahi ere, hasteko, Europako Parlamentuak Von der Leyenek egindako proposamena onartu beharra dauka datozen asteetan, eta gerta liteke ganbera horrek betoa jartzea komisarioren bati. Zenbait hedabidek iturri komunitarioak aipatuz kaleratu dutenez, litekeena da, esaterako, Hungariaren ordezkari Oliver Varhelyi Osasuneko eta Animalien Ongizateko komisarioari betoa jartzea. Eskuin muturreko Fidesz alderdikoa da.
EUROPAKO BATZORDEA
Hamasei gizonek eta 11 emakumek osatzen dute Ursula von der Leyen presidente hautatuak (Alemania, 1958) proposatu duen Europako Batzordea. Hauek dira kargu garrantzitsuenetako batzuk:
Barne eta Migrazio komisarioa.
Magnus Brunner (Austria, 1972). EAP Europako Alderdi Popularra.Aurrekontu komisarioa.
Piot Serafin (Polonia, 1974). EAP Europako Alderdi Popularra.Defentsa komisarioa.
Andrius Kubilius (Lituania, 1956). EAP Europako Alderdi Popularra.Mediterraneo komisarioa.
Dubravka Šuica (Kroazia, 1957). EAP Europako Alderdi Popularra.Diplomaziaburua eta presidenteorde exekutiboa.
Kaja Kallas (Estonia, 1977). Renew Europe.Lehiakortasun eta Trantsizio Berderako komisarioa eta presidenteorde exekutiboa.
Teresa Ribera (Espainia, 1969). S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresista.
Klima komisarioa.
Wopke Hoekstra (Herbehereak, 1975). EAP Europako Alderdi Popularra.
Ekonomia komisarioa.
Valdis Dombrovskis (Letonia, 1971). EAP Europako Alderdi Popularra.
Finantza komisarioa.
Maria Luisa Alburquerque (Portugal, 1967). EAP Europako Alderdi Popularra.
Nekazaritza komisarioa.
Christophe Hansen (Luxenburgo, 1982). EAP Europako Alderdi Popularra.
Arrantza komisarioa
Costas Kadis (Zipre, 1967). EAP Europako Alderdi Popularra.