Europako Parlamenturako bozak

Europako Batasuneko oreka ezbaian

Europako Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte gaur. Azken urteetan popularren, liberalen eta sozialisten arteko gehiengoa gailendu den arren, eskuin muturraren gorakadak zalantzan jar lezake hori.

Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitza (Frantzia), ia hutsik, iazko abenduan. RONALD WITTEK / EFE
Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitza (Frantzia), ia hutsik, iazko abenduan. RONALD WITTEK / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko ekainaren 9a
05:05
Entzun

EB Europako Batasunaren proiektuaren zutabeetako bat biztanleen ongizatea dela aldarrikatu izan da. Hori dela eta, eta gehienetan eskuinera egin duen arren —EAP Europako Alderdi Popular Kristau Demokrata izan ohi da boto gehien bereganatzen duena—, nolabaiteko oreka bat nagusitu da Europako Parlamentuan. Historikoki, EAPk, S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza progresistak eta liberalek —gaur egun Renew Europe talde parlamentarioan— eduki dute eserleku gehien Bruselan eta Estrasburgon (Frantzia). Hiru horiek gidatu izan dute EB urte luzez, eta horrek eragin du 27 estatu kideetako klubak egindako politiketan. Gaurko hauteskundeek, ordea, oreka hori ezbaian jar dezakete.

Bozen aurreko azken inkesten arabera, liberalak podiumetik at geratuko dira, eta ID Identitatea eta Demokrazia eskuin muturreko talde parlamentarioak —historikoki euroeszeptikoak izan diren zenbait alderdi ditu koalizioak, Marine Le Penen Batasun Nazionala, esaterako— haren lekua hartuko luke, 80 eserleku baino gehiago lortuz; hau da, gaur egun baino ia 25 eserleku gehiago —duela bost urteko emaitzekin ezin dira datuak guztiz alderatu, eserleku kopuruan aldaketa bat egongo delako: duela bost urte, 751 ziren; Erresuma Batua 2020an klubetik joan ostean, 705; eta, gaurko hauteskundeen ostean, 720—. Lehenengo indarra aurrerantzean ere EAP izatea aurreikusi dute inkestek, 180 eserleku inguru lortuta, eta bigarren indarra S&D izango litzateke, 135 inguru eskuratuta. Hau da, popularrek gaur egun baino eserleku gutxi batzuk gehiago izango dituzte, eta sozialistek, berriz, zenbait gutxiago; baina biek ala biek antzeko emaitzak izango dituztela aurreikusten da.

Eskuin muturraren indarra, hala ere, bi taldetan banaturik dago, IDz gain ECR Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak baitaude Europako Parlamentuan —Giorgia Meloniren Italiako Anaiak edota Espainiako Vox alderdiak daude bertan—. Guztira, 160 eserlekutik gora lortuko dituzte biek batera. Hala ere, ez dirudi ados jartzeko moduan daudenik. Elkarrekin ez joan arren, emaitza horiek argi uzten dute Europak eskuinera egin duela; hala uste du, behintzat, CDG Center for Global Development ikerketa politikoa egiten duen taldeko zuzendari Mikaela Gavasek.

Europa «polarizazio betean» dagoela iritzi dio Gavasek. Eskuinaren eta ezkerraren arteko banaketa hori, gaineratu du, hainbat kidek hauteskunde urtea dutelako areagotzen da, boz horiek Europako Parlamentuan eragiteraino. Polarizazio horretan, eskuin muturra zenbait estatutan gailendu da, eta beste askotan, gobernura heldu ez den arren, indarturik dago. Egoera horretan heldu dira gaurko bozak. Kide bakoitzaren barne egoerak eragina du botoetan. Are gehiago, Gavasek uste du herritar gehienek Europako Parlamenturako bozetan ez dutela «botoa ematen Europako Parlamentuan egongo diren koalizioei begira», baizik eta norberaren herrialdean aurkezten diren alderdietan pentsatuta.

Polarizazio horrek bi arrazoi nagusi ditu, CDGko zuzendariaren arabera: klima larrialdia eta migrazioa. Bi horiek izango dira, Gavasek adierazi duenaren arabera, gaurko hauteskundeen gako nagusiak. Klima krisiari dagokionez, EBk «urrats ausartak» egin ditu Akordio Berdearekin. Gavasentzat, herritar eta politikari askok, ordea, ez dituzte begi onez ikusi, eta «presio handia» dago emandako pauso horiek desegiteko, edo, gutxienez, «prozesua mantsotzeko». Immigrazioaren aurka egitea, bestalde, eskuin muturraren dekalogoan egon da beti. Azken urteetan, baina, beste alderdiek immigrazioa baretzeko politikak egin dituzte.

Bi gai horiek mahai gainean jarri eta pisu berezia izateak mesede egiten dio eskuin muturrari. Gainera, ECR-ren gorakadaren arrazoietako bat da, politologoaren aburuz, eskuin muturrak historikoki izan dituen ideia eurofoboetatik aldendu izana: «Melonik oso ondo irudikatu du ideia hori. Europarako eredu berri bat proposatu du: EBren aldekoa, baina immigrazioaren oso aurkakoa». Ez dira eskuinaren aldeko botoak areagotzeko arrazoi bakarrak. «Segurtasun ekonomikoa eta autonomia estrategikoa Europaren [EBren] helburu nagusiak bihurtu dira. Baliabide naturalak eta ekonomikoak nork lortuko Txinak eta AEBek duten lehiaren ondorioz heldu dira, EBk erdian ikusi baitu bere burua». Horrek eskuin muturrari mesede egiten diola iritzi dio Gavasek.

Galtzaile nagusiak

Europako Parlamentuan liberalak hirugarren postua galtzekoak diren arren, antzeko eserleku kopurua izango dute, eta aurreikusten da legeak onartzeko orduan garrantzia izatea oraindik. Gavasek eta inkestek gaurko bozen biktima nagusi bat azpimarratzen dute: berdeak. Gaur egun 72 eserleku dituzte ganberan, eta  55 ordezkari baino gutxiago izango dituzte hemendik aurrera. Renew Europeko liberalek beste eserleku galduko dituzte Berdeak-EFAko kideek, inkestek aurreikusten dutena betetzen bada.

EBko herritarrak eskuinera egin duten beste adierazgarri bat da GUE/NGL Europar Ezker Unitarioa/Ezker Berde Nordikoak —Espainiako Podemos eta Alemaniako Die Linke alderdiak  daude bertan, besteak beste— eserleku gutxien lortuko duena dela, duela bost urte gertatu zen bezala. Hala ere, inkestek igoera txiki bat aurreikusten diote eserlekuetan, eta 40 diputatutik gora edukitzea espero da.

«Europarako eredu berri bat proposatu du [ERCk]: EBren aldekoa, baina immigrazioaren oso aurkakoa».

 MIKAELA GAVASCDG Center for Global Developmenteko zuzendaria

Galtzaileak galtzaile, eta ohartarazi duen arren ezin dela baztertu «bakarrik eskuineko alderdiak hartzen dituen akordio bat», Gavasek ez du uste S&D oposiziora igaroko denik: «Ez dut uste orain arte legeak egiten aritu den koalizioa apurtuko denik: kontserbadoreek eta sozialistek akordioak lortzeko gaitasuna izan dute beti». Nahiz eta koalizioa ez apurtu, Bruselatik etorritako politiketan aldaketa bat egongo da: «Eskuin muturrak legeak ez eginagatik, haren eragina nabaritzen hasi gara».

Gavesek esan du politika berri horiek —eta eskuin muturraren gorakada baieztatuz gero «datozen urteetan areagotuko» direnek— Europak nazioartean «proiektatzen dituen balioen aurka» egiten dutela: «Europaren interesei begira egiten eta egingo dira politikak. Europaren interesak datoz aurrena, eta beste herrialdeen interesen gainetik daude; baita hirugarren herrialdeen garapen ekonomikoa kontuan hartzen duten akordioetan ere». Horrek EBren «berdintasunaren» eta «giza eskubideak defendatzearen» oinarrien aurka egiten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.