Europako Batasunaren luze gabeko erronkak

Azken bost urteetan hiru afera nagusik eragin dute EBren agendan: koronabirusak, Ukrainako gerrak eta 'brexit'-ak. Aurrenekoak ez beste biek politikan eragina izango dute aurrerantzean ere, immigrazioarekin eta klima krisiarekin batera, besteak beste.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenski eta Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen Kiven, otsailaren 24an. SERGEY DOLZHENKO / EFE
Ukrainako presidente Volodimir Zelenski eta Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, Kieven, otsailaren 24an. SERGEY DOLZHENKO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko ekainaren 8a
05:05
Entzun

2019ko maiatzean egin zituzten azkenekoz Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta azken bost urteetan hiru afera nagusik izan dute eragina EB Europako Batasuneko politiketan: brexit-ak, COVID-19ak eta Ukrainako gerrak. Pandemiaren kalte sozioekonomiko gehienei aurre egin zaien arren, beste biak klubaren politiken ardatz dira oraindik ere. Hala ere, ez dira 27 estatu kideen jarduna baldintzatzen duten auzi bakarrak. Hamaika arrazoi daude EBko politiken atzean, eta, 27 kideen arteko ezberdintasun politiko, sozial eta ekonomikoak direla medio, batasuna osatzen duten herrialdeen eta gizarteen heterogeneotasunak aurrean dituen erronkak ere hamaika dira.

Hala ere, Batasunak lehentasun batzuk ditu. Horietako asko, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide irakasle Nicolas Alonsok nabarmendu duenez, Europar Kontseiluak 2023ko urrian Granadan (Espainia) egindako goi bileraren adierazpenean daude jasota. Besteak beste Europaren defentsak, kanpo harremanek, immigrazioak eta klima krisiak markatuko dute luze gabe EBren agenda politikoa.

Ukrainako gerra eta blokearen defentsa

Ukrainako gerrak Europaren erroak astindu ditu. EBk gerraren hotsak entzun ditu bere atetik gertu, eta, ondorioz, kideek erantzun bateratu bat eman dute: Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkan Kieven alde lerrokatu dira. Ukrainara armak bidaltzeko gastu militarra areagotzeaz harago, EBko agintariek beste galdera bat izan dute buruan: ez ote du Europak haren defentsa alde batera utzi eta AEB Amerikako Estatu Batuen eskuetan jarri? «Europak NATOren [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen] esku utzi du bere segurtasuna, eta [Amerikako] Estatu Batuak nekatu dira Europaren segurtasunaren lidergoa izateaz», azaldu du Alonsok.

Gauzak horrela, eta mundu osoan gatazkak areagotzen ari diren heinean, EBk gastu militarra handitzea erabaki du. Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakasle eta EBko atzerri politikako aditu Cristina Txurrukaren ustez, Bruselak «defentsa estrategia sinesgarria» behar du. Hori ziurtatzeko erarekin, ordea, ez dago ados: «Defentsa sinesgarri bat izateko bidea ez da armetan diru gehiago xahutzea, baizik eta hobeto erabiltzea diru hori eta kideen artean banatzea gastua».

«Esan ohi da Europako Batasuna erraldoi ekonomiko bat dela, baina aldi berean ipotx politiko bat».

NICOLAS ALONSOEHUko Zuzenbide irakaslea

Gerra horren harira, Batasunak gastu militarra areagotu du, baita Kievi taldean sartzeko ateak ireki ere. Aurrenekoarekin ez bezala, Alonsok ez du uste hori luze gabe gertatuko denik. Albania, Bosnia eta Herzegovina, Georgia, Moldavia, Montenegro, Ipar Mazedonia, Serbia eta Turkia bezala, Ukraina EBn sartzeko estatu hautagaia da—gainera, Kosovo hautagai izateko prozesuan dago—. Alonso, ordea, argi mintzatu da aferaz: «Errusiarekin gerran diharduen bitartean [Ukraina] ez da Europako Batasunean edo NATOn sartuko». Izan ere, sartuko balitz, beste kideek gerran sartu beharko lukete. Gainera, gerran ez egon arren, Alonsok zail ikusten du Kiev EBn sartzea, «ustelkeriaren eta demokraziaren ikuspuntutik arazo asko» ditu eta. The EU at the crossroads: the major challenges of the European integration project (EB bidegurutzean: Europako integrazio proiektuaren erronka nagusiak) ikerketa lanaren egilea da.

Harreman diplomatikoak

Errusia eta Ukraina arteko gerran bloke komun bat legez jardun duen arren, EBk ez du beti horrela jarduten; harreman diplomatikoak kide bakoitzaren esku daude, eta, askotan, gatazka edo herrialde berarenganako jarrera ezberdinak egotea eragiten du horrek. Are gehiago, Alonsok esan du hainbatetan herrialdeen interes «partikularrak» gailentzen direla kide guztien interes «komunen» gainetik. Hori da EBk dituen erronka nagusietako bat, munduan duen garrantzi ekonomikoarekin alderatuz gero ez baita nazioarteko eragile «garrantzitsua». «Esan ohi da Europako Batasuna erraldoi ekonomiko bat dela, baina aldi berean ipotx politiko bat». Gainera, defentsaren kasuan bezala, harreman diplomatikoak AEBen esku utzi direla nabarmendu du Alonsok, «haien interesekin lerratzeko ohitura» dagoelako.

Aho batez ez erantzuteko gaitasunean oinarritzen da Batasunaren itunek kanpo politika arautzeko duten modua; hala azaldu du Alonsok: «Kide denek nahi dutenean izango dugu soilik atzerri politika komun bat, ez baitaude horretara behartuta». Gaineratu duenez, Irakeko gerrarekin ikusi zen ahalmen falta hori, eta iritzi dio gaur egun antzeko zerbait gertatzen ari dela Palestinako gatazkarekin. EBko kideak urratsak egiten ari direla nabarmendu du, baina ez direla gai «erantzun bateratu bat emateko». Alemanian jarri du arreta: «Europako motorrak, Alemaniak, zailtasunak ditu Israelen aurka egiteko orduan, Bigarren Mundu Gerran gertatu zenagatik [holokaustoagatik]».

«Europako Batasunak dio giza eskubideak sustatzen dituela, baina sistematikoki urratzen ditu».

CRISTINA TXURRUKADeustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakaslea

Alonsok ez du uste gauzak asko aldatuko direnik blokearen eta nazioartearen arteko harremanetan: bakoitzak bere bidetik eta bere interesen alde jardungo du. «Estatu bakoitzak bere lehentasunak ditu, eta ez dut uste jarduteko era aldatuko denik».

Harreman diplomatikoek, hala ere, hamaika arrazoi dituzte atzean, eta batzuetan kontrajarriak egon daitezkeela iritzi diote zenbaitek. Mendebaldeko Saharari dagokionez, esaterako, EBko kideek Marokoren alde egin dute. Are gehiago, Alonsok azaldu duenez, «nazioarteko zuzenbidea urratzen duten» arrantza akordioak ditu EBk Rabatekin. Bruselak Marokon dituen interesak daude horren atzean. Izan ere, Rabat da, besteak beste, migratzaileek EBren mugak gurutzatzen ez dituztela ziurtatzen duena.

Immigrazioa

EBk immigrazioa jorratzeko duen era arbuiatu du Txurrukak, haren ustez «segurtasun arazo baten» gisan jorratzen baita. «Immigrazioa behar dugu. Ezin gara muga zorrotzez eratutako Europa batean bizi», gaineratu du. Granadako adierazpenean (2023) jada «segurtasun» ikuspuntu batetik jorratzen da immigrazioa; hortaz, datozen urteei begira, migrazio politikak antzera jarraituko duela aurreikus daiteke. «Politika horien artean daude beste herrialde batzuekin egindako akordio lotsagarriak», Txurrukak salatu duenez: «Europako Batasunak dio giza eskubideak sustatzen dituela, baina sistematikoki urratzen ditu».

Deustuko Unibertsitateko irakasleak bi neurri deitoratu ditu, bereziki: itsasoan migratzaileak salbatzeko ekintzei trabak jartzea eta Maroko edo Turkia bezalako herrialdeekin migratzaileek mugak ez igarotzeko akordioak sinatzea. Azpimarratu du EBren asilo eta immigrazio hitzarmena «itzulera hitzarmen» bat dela. Akordio horren parte da giza eskubideak babesten ez dituzten «bitarteko herrialdeak» baliatzea EBk berak egin ezin duen «lan zikina» egiteko: «Giza eskubideak urratzen dituen akordio bat onartu du Europako Batasunak. Bertan, migranteak iritsi ahala kanporatzea eta adingabeak identifikatzea onartzen dira, besteak beste».

Frontexen aurkako protesta
Frontexen aurkako protesta EBren Estrasburgoko (Frantzia) eraikinaren parean, iaz. JULIEN WARNAND / EFE

Txurrukaren ustez, immigrazio politika «zorrotz» horiek bere horretan jarraituko dute datozen urteetan, edo areagotu egingo dira. Eskuin muturraren gorakadak horretan harremana izan dezakeela onartzen duen arren, immigrazioaren aurkako politika horiek eskuin muturraz harago doazela azpimarratu du: «Ez da soilik eskuin muturrak nahi duen zerbait: nahiko iritzi transbertsala da, tamalez».

'Brexit'-aren ostean

EBko muga horiek gaur egun desberdinak dira duela bost urtekoekin alderatuta. 2019an jakina zen arren, —brexit-a onartua baitzuten Erresuma Batuko herritarrek 2016an— 2021eko urtarrilaren 1ean amaitu zuen trantsizio prozesua Londresek, klubetik joan eta kide kopurua 27ra gutxituta. Erresuma Batuak EBtik alde egin du, baina oraindik bide luzea egin behar du. Negoziazioz beteriko prozesua da; alde batetik, Erresuma Batuak EBren lurrekin muga egiten dituen lurraldeak dituelako (Ipar Irlanda eta Gibraltar), eta, bestetik, Brusela eta Londresek, biek ala biek, harreman komertzial onak izan nahi dituztelako. Alonsok, baina, uste du negoziazioak eta etorkizuneko harremanak «onak» izango direla: «Harremanak onak izango dira; batez ere, herrialde bateko zuzenbidea ez delako egun batetik bestera aldatzen, eta Erresuma Batuaren zuzenbidea Bruselak urte luzez agindutakoaz zipriztindurik dago». Izan ere, EBko kideen legediaren %60 inguru Bruselak erabakitzen duenean oinarriturik dago.

Brexit-ak EBri onura egin diola iritzi dio Txurrukak: «Erresuma Batuak beti jartzen zituen oztopoak politika sozialak edo klima aldaketaren aurkako legeak hartzeko orduan». Are gehiago, haren ustez, koronabirusak eragindako zorra Europak finantzatu izana «ezinezkoa» izango zen Londres taldean egonez gero. Erresuma Batuak immigrazioari ezarritako «lege zorrotzek» kezkatzen dute Deustuko Unibertsitateko irakaslea. Negoziazioak ondo bidean joanez gero «muga jarioa» izatea espero du Txurrukak; halere, «muga oso gogor bat» izateko arriskua dagoela ohartarazi du.

Klima larrialdia

Klima larrialdia ere talde komunitarioaren jardunaren auzi garrantzitsuenetako bat da aspalditik. Europako Batasuna argi mintzatu da aferaz: 2050erako klima neutraltasuna lortu behar du, karbono emisioak ahal bezainbeste murriztuz. Hori lortze aldera, nekazaritzan —besteak beste— eragiten duten politikak martxan jartzean ez ezik, energia berriztagarrietara salto egitean jarri dituzte ahalegin gehienak. Txurrukak argi du «nahitaezkoa» dela trantsizio ekologiko bat gauzatzea Europan; eta aldaketa horren muinean lurraldearen «berrindustrializazioa» egon behar dela: «Energetikoki autonomoak izan behar dugu, eta oraindik gasa erosten diogu Errusiari». Immigrazioarekin gertatu bezala, litekeena da klima larrialdia apaltzeko politikak kolokan egotea eskuin muturraren gorakadarekin.

Alonsok, ordea, ohartarazi du energia berriztagarriak sustatzea «sinesmen ekologiko batetik» aldendurik egon daitekeela: «Europan ez dago gasik, ezta petroliorik ere. Mendekotasun energetikoa borrokatzeko era energia berriztagarriak sustatzea da».

Proiektua krisian

EBk proiektuan oinarritutako beste erronka bat du, Txurrukaren ustez. Irakasleak dio Europako proiektuaren oinarri diren balioak —besteak beste demokrazia eta giza eskubideak babestea, batasunaren testuetan jasota dagoenez— kolokan daudela: «Demokrazia, giza eskubideak eta zuzenbide estatua zalantzan jartzen dituzte askok, eta, herritarren eta herrialdeen arteko desberdintasunak geroz eta ageriagoak dira». Kideen artean kohesioa lantzea mahai gainean ez dagoen arren, Txurrukari gustatuko litzaioke datozen urteetan agendan egotea, «nahitaezkoa» baita. Are gehiago, EBren izateko arrazoiei erreparatuz gero, «elkartasuna» sustatzen duen lurraldea izan beharko luke EBk, non «ekonomiaz, immigrazioaz eta segurtasunaz» gain «gutxiengoen eskubideak» bermatzen diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.