Makineria konplexua da EB Europako Batasunarena, engranaje askoz baitago eraikia. 27 estatu kidez osaturiko batasun politiko eta ekonomikoaren funtzionamendua bermatzeko instituzio ugari daude; horien artean banatzen dira botere legegilea, exekutiboa eta judiziala. Beraz, herrialde ugarik osatzen badute ere, hein handi batean, batasunaren lan egiteko modua estatu baten funtzionamenduarekin alderatu daiteke.
EBk 76 organo edo instituzio ditu barnean. Guztiek, engranajeek bezala, elkarrekin harremanean egiten dute lan, baina badaude gainontzekoek baino pisu handiagoa duten erakundeak. Horietako bat da Europako Parlamentua, eta ekainaren 9an herritarrek erabakiko dute nor izango diren eurodiputatuak.
Batasunean, botere legegilea duten instituzioetako bat da parlamentua. Brexit-aren ostean, gaur-gaurkoz, 705 europarlamentarik osatzen dute ganbera. Baina kopuru hori aldatu egingo da datozen hauteskundeen ostean, eta 720 eurodiputatu izango dira. Estatu bakoitzak bere biztanleriaren arabera proportzionala den ordezkari kopurua aukeratuko du. Estrasburgon (Frantzia) eta Bruselan ditu egoitzak Europako Parlamentuak, eta, gaur egun, Roberta Metsola da presidentea —Maltakoa, kontserbadorea—. Instituzio horren egiteko nagusia EBko legedia finkatzea da, baita talde komunitarioaren aurrekontuak onartzea ere.
Baina, Espainiako eta Frantziako estatuetan bezalaxe, botere legegilea ez dago organo bakarraren esku EBn. Espainian, Kongresuaren eta Senatuaren artean banatzen dute botere hori, eta Frantzian, Asanblearen eta Senatuaren artean. Bada, EBko legedia finkatzeko lanean, parlamentuarekin batera jarduten du Europako Batasuneko Kontseiluak.
Estatu kideetako ministroek osatzen dute Europako Batasuneko Kontseilua. Landu behar den gaiaren arabera, arlo horretako ministroek hartzen dute parte bilkuretan; eta urtean 70 edo 80 aldiz batzen dira batez beste. Estatu kideen artean txandakatzen da instituzioaren presidentetza sei hilabetean behin. Beraz, Europako Parlamentuko kideak zuzenean herritarrek hautatzen dituzten moduan, Europako Batasuneko Kontseiluko kideak estatu bakoitzeko gobernuaren ordezkariak dira.
'Kontseilu' gehiago
EBren egitura instituzionala ez da, ordea, hain sinplea, botere exekutiboa duen Europar Kontseilua ere bai baitago. Eta ez, ez dira gauza bera Europako Batasuneko Kontseilua eta Europar Kontseilua —Europako Kontseilua ere existitzen da, baina horrek ez du zerikusirik aurreko biekin, ez baita Europako Batasuneko instituzio bat—. Lehena estatu kideetako ministroek osatzen dute; bigarrena, estatu horietako gobernuburuek eta estatuburuek.
Adibide batekin errazago uler daiteke: demagun Europako Batasuneko Kontseilua batzen dela nekazaritzaz hitz egiteko. Kasu horretan, Nekazaritza ministroak joango lirateke bilkurara; Frantziatik, Marc Fesneau, eta Espainiatik, Luis Planas, adibidez. Europar Kontseiluak egindako azken bilerara, aldiz, Frantziatik Emmanuel Macron joan zen, eta Espainiatik, Pedro Sanchez.
Kontseilu hori, estatuburuak edo gobernuburuak batzen dituena, urtean lau aldiz elkartzen da, gutxienez. Halere, beharra dagoela erabakitzen badute, ezohiko bilkurak egiten dituzte. Aurten jada hiru aldiz elkartu dira; azkenekoz, apirilaren 18an. Ordukoan, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko egoeraz aritu ziren, baita lehiakortasunaren arloko itun berriaz ere.
Izan ere, instituzio honen egitekoa ez da legeak sortzea edota horiek aplikatzea; Europar Kontseiluak batasunaren ildo politikoak finkatzen ditu, gai garrantzitsuenez arduratzen da, eta Europako Batasunaren kanpo eta segurtasun politikak ezartzen ditu. Charles Michel da erakunde horren presidentea —Belgikakoa, eta liberala—, baina datorren uztailean utziko du kargua, ekaineko hauteskundeetara aurkeztuko baita eurodiputatu izateko hautagai gisa. Europar Kontseiluaren presidenteak batasuneko estatuburu balitz bezala jarduten du. Esaterako, ekaineko bozen ostean, Michelen ordezkoa arduratuko da Europako Batzordeko presidentetzarako hautagaia proposatzeaz.
Europako Batzordea
Europako Batasunaren egitura korapilatsuko beste organo bat Europako Batzordea da. Modu sinplean azalduta, batasuneko gobernua balitz bezala jarduten du. Eta batzordeko presidentea litzateke, gutxi gorabehera, EBko gobernuburua. Ursula von der Leyen dago kargu horretan gaur egun —Alemaniakoa, eta kontserbadorea—. Bere burua postuan jarraitzeko hautagai gisa aurkeztu badu ere, bozen ostean ikusi beharko da nola geratu den parlamentua. Horren arabera, Europar Kontseiluko presidenteak Von der Leyen edo beste hautagai bat proposatuko du batzordearen presidentetzarako. Eta parlamentuak gehiengo osoz onartu beharko du.
Von der Leyenekin batera, beste 26 komisariok osatzen dute Europako Batzordea, bana estatu kide bakoitzeko. Erakunde honek du batasuneko botere exekutiboa, eta komisarioek gai jakin baten gaineko ardura hartzen dute; finean, ministro gisa jarduten dute. Komisario horiek ere aldatu egingo dira datozen bozen ostean. Batzordeko presidentea hautatu ostean, hark eta Europar Kontseiluak hautatuko dituzte komisario berriak, aurrez estatu bakoitzak bidalitako hautagai zerrendatik.
Era berean, 27 estatuetako gobernuek izendatzen dituzte Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko epaileak ere. Auzitegi horrek du botere judiziala estatu kideek batasunari emandako eskuduntzetan. Bi organo ditu auzitegiak: lehen instantziako auzitegi orokorra —54 epailek osatzen dute, estatu kide bakoitzeko bik— eta bigarren instantziako justizia auzitegia —27 epailek, estatu bakoitzeko bat, eta hamaika abokatu orokorrek jarduten dute bertan—.