Europako Batzordeak atzo erabaki historiko bat hartu zuen Ukrainako gerra dela eta. Lehen aldiz, hondamendi batetik ihesi doazen errefuxiatu guztiak hartuko dituzte Europako Batasuneko kide diren herrialdeek, eta gutxienez urtebeterako babesa emango diete; epe hori amaitzen denean, luzatzeko aukera izango dute. Nazioarteko Babeserako Zuzentaraua baliatuko dute horretarako. Direktiba hori Balkanetako gerren ostean onartu zuen EBk, 2001ean, Batasuneko kide ez diren estatuetatik ihesi doazenen beharrei erantzuteko, etxera itzuli ezin diren bitartean. Babesa duten bitartean, estatuek oinarrizko beharrak eskaini beharko dizkiete errefuxiatuei (elikadura, osasun zaintza, hezkuntza...), eta ahal dutenei lana egiteko baimena emango diete. Hogei urtean, ordea, ez dute erabili inoiz, ezta Siriako gerrak Europara ekarri dituen milioika pertsonei babesa emateko ere.
Europako Batasuneko Barne ministroek ezohiko bilera batean hartu zuten erabaki hori, Bruselan, eta ostegunean berretsi beharko dute, baina ziur dira aurrera aterako dela. «Nazioarteko Babeserako Zuzentaraua aktibatzeko garaia heldu da», esan zuen atzo Ylva Johansson EBko Barne komisarioak. «Horren aldeko gehiengo zabal bat egon da», adierazi du gaur Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, jada 500.000 baino gehiago dira Ukrainako gerratik ihesi alde egin dutenak; hau da, biztanleria osoaren ia %10. NBEren agentzia horren buru Filippo Grandik herrialde mugakideei eskatu die mugak zabaltzeko «babes eta segurtasun» bila doazen horiei. Ukrainako Gobernuak plazaratutako datuen arabera, 2014an Errusiak Krimeako penintsula anexionatu zuenetik eta urte berean Donbassko gerra piztu zenetik 1,5 milioi barne desplazatu daude herrialdean.
More than 500,000 refugees have now fled from Ukraine into neighbouring countries.
— Filippo Grandi (@FilippoGrandi) February 28, 2022
UNHCRk Twitterreko bere zenbait kontu ofizialen bidez zehaztu du 422.000 lagun inguru herrialde mugakideetara iritsi direla: Poloniara, Moldaviara, Errumaniara eta Hungariara, batez ere. Aintzat hartu behar da, gainera, agentziaren arabera 100.000 bat barne desplazatu direla. Horrekin guztiarekin lotuta, ohartarazi du ukrainarrei eragozten ari zaizkiela trenetara igotzea alde egiteko. Jasotzen ari den informazioa egiaztatzen ari da.
Antonio Guterresek Errusia Ukrainan egiten ari den «operazio militarren areagotzea» salatu du. NBEren idazkari nagusiak erakunde horren giza eskubideen batzordea irekitzeko nabarmendu duenez, horrek giza eskubideen urraketen «gorakada bat» ekarri du. Guterresentzat, NBEk Ukrainako herritar guztien ondoan agertu behar du «premia larriko» uneotan. Idazkari nagusiak azpimarratu du, gainera, erakunde horren taldeak Ukrainan daudela laguntza humanitarioa emateko eta giza eskubideen urraketek «okerrera» egin ez dezaten zaintzeko.
Salaketa Nazioarteko Justizia Auzitegian
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak NBEren Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu dio berehalako agindu bat eman dezala Errusiaren jardun militarra eteteko, «genozidioa» leporatuta. Ukrainako presidenteak uste du Moskuk genozidio kontzeptuaren esanahia «distortsionatu» duela erasoa justifikatzeko, eta, horrenbestez, horren ardura bere gain hartu behar duela. Justizia auzitegiak baieztatu du Ukrainaren salaketa jaso duela.
Nazioarteko justizian, gatazka armatu bat tartean dagoenean, gisa horretako salaketa bati lehentasuna ematen zaio, eta auzitegiko hamabost epaileek aztergai dituzten beste kasuak alboratzen dituzte behin-behinean. Orduan, gerta liteke Nazioarteko Justizia Auzitegiak kautelazko neurriak ezartzea datozen egunetan, Ukrainak eskatu bezala. Auzitegiak, ordea, ez du zehaztu noiz.
NBEren Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioa (1948) oinarritzat hartuta egin du salaketa Kievek. Bai Ukrainak eta bai Errusiak sinatua dute hitzarmen hori; hortaz, Nazioarteko Justizia Auzitegiak kasua azter dezake.