Parisko Nazioarteko Gaietarako Eskolako dekanoa

Arancha Gonzalez Laia: «Europako Batasunak erabaki behar du menpeko izan edo bere etorkizunean eragin»

Gonzalez Laiak uste du EBri kostatzen ari zaiola nazioarteko egoera berrira egokitzea, eta defendatu du bide orri propio bat behar duela, baita arlo militarrean ere.

Arancha Gonzalez Laia. GORKA RUBIO / FOKU
Arancha Gonzalez Laia. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2024ko uztailaren 17a
05:00
Entzun

Europako Batasunaren oraina eta etorkizuna hizpide hartuta, UIKren ikastaroetan aritu zen Arancha Gonzalez Laia (Donostia, 1969), Sciences Po Unibertsitateko Parisko Nazioarteko Gaietarako Eskolako dekano eta Espainiako Atzerri ministro ohia. Afera horien inguruko hausnarketetan sakondu du BERRIArekin.

Azaldu izan duzu EB orain baino erosoago zegoela duela urte batzuk. Kostatzen ari zaio egoera berrira egokitzea?

Duela urte batzuk, mundua Europako Batasuna bezalakoa zen: ekonomiak sustatutako mundu bat; nazioarteko kooperazioa eta multilateralismoa nagusitzen ziren. Baina azken 30 urteetan mundua aldatu egin da. Orain, segurtasunaren eta lehiakortasunaren ideia gailentzen da, eta transakzionalitatea ere multilateralismoari gailentzen zaio. Mundu honetan, EB ez da hain eroso sentitzen. Horregatik, bidegurutze batean dago. Erabaki behar du norantz egin, menpeko izan edo bere etorkizunean eragin.

Zein dira horretarako ardatzak?

Hiru lehentasun daudela uste dut. Batetik, lehiakorragoa eta seguruagoa izateko, beharrezkoa du merkatu bakarretik kanpo geratu ziren lau sektore integratzea: energia, teknologia, kapital merkatuak eta defentsa. Bigarrenik, EBren zabalkundea, alboko herrialdeak arrisku geopolitiko bihurtu baitira. Eta hirugarrena demokraziaren defentsa da.

Hilabete igaro da europarlamenturako bozetatik. Zer analisi egin duzu?

Albiste on eta txarren nahasketa bat dago. Hor egongo da europar kontsentsua eraikitzen lagundu duten indar politikoen gehiengoa: demokristauak, sozialdemokratak, liberalak eta berdeak. Era berean, egoera kezkagarria da, batez ere bi estatu kidetan: Frantzia eta Alemania. Horietan eskuin muturraren emaitzak kezkagarriak dira.

RN Batasuna Nazionalak lortu du boto gehien Frantziako Asanblearako bozetan, baina gobernatu ezinik da. Garaipen bat da hori, edo adabaki bat?

Hiru gauza ikusten ditut. Batetik, frantziarren mobilizazio demokratiko handi bat. Bestetik, eskuin muturrari irabaztea posible dela. Egia da bere emaitzarik onena lortu duela, baina ez du gobernatuko. Eta hautesleen hirugarren mezua da itun berri bat nahi dutela, kontsentsu bat. Eta indar politikoek ulertzen ez badute itun hori beharrezkoa dela, agian RNk hurrena lortuko du bere xedea.Desiragarria litzateke ezkerretik eskuinera doazen indar politikoak ados jartzea lauzpabost lehentasunen inguruan, eta gobernu programa txiki bat osatzea. Baina Frantziak badu zailtasun bat: ez duela itunen kultura politikorik.

«Desiragarria litzateke [Frantzian] ezkerretik eskuinera doazen indar politikoak ados jartzea lauzpabost lehentasunetan»

EBra begira, eskuin muturrak agenda ezartzeko izan dezakeen ahalmenak kezkatzen zaitu?

Kezkagarria da. Eskuin mutur deitzen diogun espazio hori askotarikoa da, baina denek dute komunean ez zaizkiela gizarte pluralak gustatzen, ez zaizkie gustatzen besteak. Eta ez zaizkie gustatzen instituzio demokratikoak. Eta hor eman behar dugu erantzun bat. Frantziako bozetan ikusitakoa bada adibide interesgarri bat.

Aipatu duzu EBk aukeratu behar duela lider edo menpeko izan. Noren menpeko?

Mundua AEBen eta Txinaren arteko lehia handi batek polarizatzen du. Eta EB AEBen oso menpe dago bere defentsari dagokionez. Europako defentsa mekanismo kolektiboak NATO du izena, eta NATOk akziodun bat du: AEBak. Era berean, integrazio ekonomiko handi bat du AEBekin eta Txinarekin. Eta lehia handi horren erdian, biek eskatuko diote bata edo bestea aukeratzeko. EBk erabaki behar du ea berak izango duen gaitasuna bidea zein den erabakitzeko. Argi dago gertuago sentitzen dela AEBetatik; ez da bazkidea soilik, aliatua ere bada. Baina ezin da Txinatik banandu. Nazioarteko merkataritza esparruan lehiakide gogorra da, eta defentsan, gure aurkaria, baina bazkidea ere bada klima aldaketaren eta pobreziaren aurkako borrokarako eta finantza egonkortasunerako.

Trumpek irabazteak nola eragin dezake EBren eta AEBen arteko harremanetan?

Badakigu zein den Bidenen eta Trumpen arteko ezberdintasuna. Bidenekin, AEBek euren interesen mesedetan egiten dute lan, noski, baina ulertu dute aliatuekin hobeto egin dezaketela. Trumpek, berriz, modu oldarkorrean tratatu gintuen; batzuetan, etsai gisa. Esan digu Etxe Zurira iristean akordio bat egingo duela Putinekin Ukrainaren inguruan. Eta esan digu muga zerga komertzialak ezarriko dizkiela bere bazkide guztiei. Badakigu Errusiak irabazten badu Ukrainak galduko duela, eta Ukrainak galtzen badu, EBk galtzen du. Eta Europako ekonomiari muga zergak ezartzen bazaizkio ere, EBk galtzen du.

«Europako defentsa mekanismo kolektiboak NATO du izena, eta NATOk akziodun bat du: AEBak»

NATOk dio Ukrainaren etorkizuna erakunde hartan dagoela. Zer eragin du horrek EBn?

EBk bere etorkizuna Ukrainara lotu du. Hala egin du ekonomikoki eta militarki babestuta, eta Ukraina EBra gerturatzeko prozesua hastea ahalbidetuta. Beraz, Ukrainako gerran ematen diren hurrengo pausoak oso garrantzitsuak dira. Nork bermatu diezaioke EBri Ukrainan gertatutakoa ez dela gertatuko Baltikoko estatuetan edo Polonian? Errusiak erabateko deskonfiantza esparru bat eratu du. Eta EBk ez du babestu beste aukerarik.

Defendatu duzu EB armatu egin beharko litzatekeela. Gerra arriskua ikusten duzu batasuneko lurretan?

Gerran gaudela uste dut. Bi gerra mota daude. Fisikoa, Ukraina sufritzen ari dena. Baina bada ikusten ez den baina sentitzen den beste bat: desinformazioa, atzerriko esku sartzeak, informazio esparruaren manipulazioa, zibererasoak... Eta horien jomuga gara. Hori ere gerra bat da. Uste dut EBk bake proiektu bat izan behar duela aurrerantzean ere, baina gaitasuna izan behar dugu hobeto defendatzeko. Horrek esan nahi du segurtasunean eta defentsan gehiago inbertitzea. Eta hori egiteko modurik zentzuzkoena litzateke COVID-19aren ostean egindakoa berriz egitea: Next Generation berri bat, baina defentsarako eta segurtasunerako.

Beste gatazka handia Gazakoa da. Besteak beste, Espainiak Palestina estatu gisa aitortu du, baina EBren erantzun sendo bat falta da, Ukrainan ez bezala.

EBri Ekialde Hurbilean falta zaiona batasuna da. Eta batuta baino ezin da indartsua izan EB. Hori egiteko bidea da aitortzea gaur egun bi estatuena dela gatazka konpontzeko modu bakarra. Eta bi estatuen konponbidea posible izateko, beharrezkoa da Palestina aitortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.