Europako Batasuna handitzeko deia egin du Von der Leyenek

Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian, batzordeko buruak esan du Ukraina, Serbia eta Moldavia EBn sartzeko garaia dela. «Inoiz baino gertuago» dago migraziorako ituna

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea atzoko agerraldian, Estrasburgon. JULIEN WARNAND / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
«Hazteko eta etorkizun propioa eraikitzeko garaia» da EB Europako Batasunean, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen arabera. Batasunaren egoerari buruzko atzoko hitzaldian, EBko estatu kideen zerrenda luzatzeko deia egin zuen, eta, zehazki, esan zuen Ukraina, Moldavia eta Serbia EBn sartzeko garaia dela. «Ukrainaren, Moldaviaren eta Serbiaren etorkizuna Batasunean datza».

Presidentearen esanetan, «meritokrazian oinarritutako lorpen bat da» estatu kide izatea. Bide hori errazteko modu bat izan liteke, ordea, EBren oinarrizko ituna erreformatzea. Ez zituen xehetasun handirik eman aldaketa posible horien inguruan, baina, iragarri zuenez, 2024. urtearen hasieran aurkeztuko dituzte. Batzordearen asmoek, baina, talka egiten dute Europako Parlamentuak dituenekin.

Horko presidente Roberta Metsolak eman zion hitzaVon der Leyeni. Lehenbizi, hitz goxoak eskaini zizkion: «Lan ezin hobea egin du lau urteotan». Gero, zera esan zuen: «Gaur egun 27 estaturekin funtzionatzen du EBk, baina ez du berdin egingo 32rekin, 33rekin edo 35ekin».

Von der Leyenen ustez, ordea, klubaren parte izan nahi duten herrialdeek aurrerapauso handiak eman dituzte horretarako, eta «esfortzu horiei erantzuteko txanda» da orain. Horien artean aipatu zituen Bulgaria eta Errumania, zeinak urtea amaitu baino lehen Schengen eremuan sartzekoak diren. «Migrazioaren auzian izandako praktika onengatik» zoriondu zituen, eta estatu kideei eskatu zien «ahalik eta lasterren» onar ditzatela Schengen eremuan.

Batzordeko presidente gisa egindako azken batasunaren egoerari buruzko hitzaldia zen atzokoa. Karguari eusteko asmorik ez badu, behintzat. Izan ere, bederatzi hilabete barru hautatuko dute hurrengo agintaldiko presidentea. Horren inguruan zerbait esatea espero zen atzo, baina oraingoz Von der Leyenek ez du argitu berriro aurkeztuko den.

Are, 2019an batzordeko presidente izendatu zutenetik egindako ibilbidea laburtzeko baliatu zuen agerraldia. Haren arabera, EBk inoizko asmorik handienak izan ditu lau urte hauetan, nahiz eta «mugimendu handiko» urteak izan diren. Horien artean aipatu zituen COVID-19aren pandemia, Ukrainako gerra, klima aldaketa eta «trantsizio berdea». Orain, asmo horiek guztiak amaitzea baino ez da falta: «2019an aurkeztu genituen neurri guztien %90 bete ditugu. Hasitako lana amaitu behar dugu datozen 300 egunetan».

EBren magalean

Amaitu gabekoen zerrenda horren parte da, adibidez, Ukrainari babesa ematea. EBk gerra hasi zenetik lagundu du Ukraina, eta horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen atzo. Batzordeak 2024ko martxora arte luzatu zuen iaz iheslari ukrainarrak babesteko direktiba. Bada, neurri hori «behar beste» luzatuko dutela iragarri zuen atzo Von der Leyenek. Egun, lau milioi ukrainar inguru daude prozedura horren aterkipean. Bestalde, ekonomikoki laguntzen jarraituko du batzordeak. Aurreikusten dute datozen lau urteetan Ukrainari 50.000 milioi euro ematea, besteak beste, herrialdea berreraiki dezaten.

Edonola ere, presidenteak esan zuen Ukrainari adierazitako elkartasun horixe bera «krisian» dauden beste eremu batzuetara zabaldu behar luketela. Zehazki, Afrikara. Batetik, ostiralean Marokon izan zen lurrikarak eta herenegun Libian izandako uholdeek eragindako hondamendiak aipatu zituen; eta, bestetik, azken bi hilabeteotan Nigerren eta Gabonen izandako estatu kolpeak. Gertakari horiek «are gehiago ezegonkortu» dezakete kontinentea, eta, horrenbestez, «ezinbestekoa da EBren eta Afrikako Batasunaren arteko harremanak estutzea».

Tokian tokiko krisietatik migrazioaren aferara egin zuen salto azkenik. Haren arabera, migraziorako akordio bat lortzeko «inoiz baino gertuago» dago batzordea. Besteak beste, EBren asilo politika erreformatzea da hitzarmen horren helburuetako bat. «Pazientziarekin eta elkarlanarekin kudeatu behar da migrazioa», esan zuen, eta adibidetzat jarri zuen «migrazioaren kontrola indartzeko» Tunisiarekin uztailean adostutako ituna. Atzo iragarri zuenez, gisa horretako itun gehiago adostu nahi dituzte beste herrialde batzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.