Europako azaleko uren herenak bakarrik daude egoera onean

Aitzineko txostenaren datu bertsuak eman ditu azaleko uraren azken azterketak, eta ohartarazi dute segurtasun hidrikoa «arriskuan» dagoela.

Oder ibaia Poloniako Krosno Odrzanskie udalerrian, aurtengo irailean. EFE
Oder ibaia Poloniako Krosno Odrzanskie udalerrian, aurtengo irailean. EFE
Iratxe Muxika
2024ko urriaren 15a
16:00
Entzun

EIA Europako Ingurumen Agentziak jakinarazi du Europako azaleko uren %37 direla osasuntsuak, masaren herenek baitute egoera ekologiko «ona» edo «hagitz ona». Egoera kimikoari dagokionez, azaleko uraren %29k du egoera «ona». Gaur argitaratutako txostenaren datuak 2015-2021 bitartekoak dira, eta ohartarazi dute aitzineko azterketatik (2010-2015) «gutxi» aldatu direla emaitzak. 

Ura horrela egoteko arrazoien zerrenda egin dute txostenean: klima aldaketa, habitaten degradazioa, ur gezaren gehiegizko ustiapena eta kutsadura. Hain zuzen, kutsadura atmosferikoak eta nekazaritza industriak eragin handia dute azaleko uretan, hondakinek lurzorua kutsatu egiten baitute. 

«Gure urek inoiz ez bezalako erronkei egin behar diete aurre», adierazi du Leena Yla-Mononen EIAko zuzendariak, txostenaren berri emateko oharrean. «Europako urak ez daude ongi, eta horrek arriskuan jartzen du segurtasun hidrikoa». Hori ikusita, ohartarazi du Europan praktika organiko eta agroekologiko iraunkorren erabilera areagotu  beharko litzatekeela; eta EIAk eskatu du 2030erako erdira jaits dadila pestiziden erabilera. 

Lurpeko uraren egoerari dagokionez, datuak hobeak dira: masaren %77k du egoera kimiko «ona». Egoera horretan dauden urek, beraz, ez dute elikagai kimikoek eta substantzia toxikoek eragindako gehiegizko kutsadurarik. Orotara, lur gaineko 120.000 ur masa eta lur azpiko uren 3,8 milioi kilometro karratu aztertu ditu EIAk, Europako Batasuneko hemeretzi herrialdetan eta Norvegian. 

Gobernuetan jarri du arreta txostenak, eta azpimarratu du lehentasuna eman behar lioketela ur kontsumoa murrizteari eta ekosistema zaintzeari. Klima aldaketaren eragina «inoiz ez bezala» sumatzen ari da Europako lakuetan, ibaietan eta kostaldeko eta lur azpiko uretan. 

Hasieran, Europar Batasunak 2015erako ezarri zuen urak egoera onean egoteko epea, baina, gauzak aldatzen ez zirela ikusita, 2027ra arte luzatu zuen. Txostenak adierazi du errealitatea «urrun» dagoela helburu horretatik. Iraupen luzeko kutsatzaileek eragin dute, batik bat, hamarkada batez daturik hobetu ez izana; hala nola merkurioaren eta suaren aurkako materialek, txostenaren arabera. Mendebaldeko eta erdialdeko Europako herrialdetan agertu dira azaleko uren daturik okerrenak, Alemanian eta Herbehereetan, erraterako. Oder ibaian —Txekia, Alemania eta Polonia zeharkatzen ditu— 2022an izandako arrainen hondamendia nabarmendu du oharrak; gatz meatzeen kutsadurak eta hondakin uren mantenugaiek eragin zuten. 

EIAren arabera, egoera onbideratzeko, ezinbestekoa da kontsumoa murriztea, substantzia toxiko eta kaltegarri gutxiago isurtzea, eta hezeguneak berriztatzea. «Ur ekosistema osasuntsua izateak klima aldaketaren ondorioak arintzen lagunduko du», adierazi du Trine Christiansenek, txostenaren egileetako batek. «Ura hobeki baldin badago, guk ere errazago egingo diogu aurre muturreko egoera honi». 

Water Europe taldeak 255.000 milioi euro eskatu ditu, hemendik 2030era arteko inbertsio hidrikoetan inbertitzeko, baita Europako ekonomia babesteko eta ingurumenaren iraunkortasuna bermatzeko ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.