EBko agintariek defentsa indartzeko beharra dutela berretsi dute

Europar Kontseiluaren bilera informala egin dute, blokeko herrialdeen gaitasun militarra nola handitu eztabaidatzeko. 'Brexit'-aren ostean talde komunitarioko liderren bilera batean parte hartu duen Erresuma Batuko aurreneko lehen ministroa da Starmer.

Europar Kontseiluko presidente Antonio Costa eta NATOko idazkari nagusi Mark Rutte, Bruselan, gaur. GEERT VANDEN WIJNGAERT / POOL/EFE
Europar Kontseiluko presidente Antonio Costa eta NATOko idazkari nagusi Mark Rutte, Bruselan, gaur. GEERT VANDEN WIJNGAERT / POOL/EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko otsailaren 3a
15:07
Entzun

EB Europako Batasuneko herrialdeek beren defentsa politikak indartu behar dituztela gaitasun militarrerako gastua areagotuz: urteak dituen aldarria da. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean egonda, AEB Ameriketako Estatu Batuekiko menpekotasuna defentsan dute Europako hainbat herrialdek, eta hori murrizte aldera beren gastua handitu behar dutela iritzi diote, EBko 27 kideentzako politika bateratu batzuk ezartzeko. Horren harira, Europar Kontseiluaren bilera informala egin dute gaur EBko estatuburuek eta gobernuburuek, Bruselan.

Bileraren berri emateko EBk argitaratu duen oharrean nabarmendu duenez, egungo nazioarteko egoerak, Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak, «Ekialde Hurbileko egoerak», eta EBko kideek azken urteetan pairatu dituzten zibererasoek «erantzun bateratu bat» emateko beharra azaleratu dute. Horiek horrela, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak bilera hasi aurretik egin duen agerraldi batean iragarri duenaren arabera, EBko agintariek hiru hauek ezartzea dute helburu nagusi gaur: zer lehentasun militar garatu behar dituen EBk lankidetzan, nola bermatu beharrezko finantzaketa, eta zer modu dauden segurtasun akordioak indartzeko.

Costak azpimarratu duenez, datozen hilabeteetan herrialdeek segurtasunaren inguruan ezarriko dituzten gidalerroak irudikatuz joateko lehen pausoa da gaurko bilera.

Helburu militarrei dagokienez, NATOren bidetik jo behar dute EBko herrialde gehienek, eta, beraz, beren gastu militarra handitu behar dute. Izan ere, EBko 27 kideetatik 23 NATOren parte dira, eta haien BPG barne produktu gordinaren %2 inguru defentsara bideratu behar dute datozen urteetan —Espainiak, adibidez, 2029an ehuneko horretara helduko dela ziurtatu du—. Gaur egungo egoeran, ordea, ehuneko hori ez da nahikoa. Hala uste dute AEBek eta Mark Rutte erakundeko idazkari nagusiak: %5era heldu beharko lukeela iritzi diote. Hori kontuan hartuz, Rutte Europar Kontseiluan egon da gaur.

Gaurkoak garrantzia du, agintariak lehen aldiz bildu baitira Europaren defentsaz soilik hitz egiteko. Defentsaren auziak, ostera, ibilbide luzea du talde komunitarioan. Iaz, esaterako, Europako Batzordeak bere lehen defentsa estrategia proposatu zuen. Politika industrialen sorta horrek blokearen defentsa indartzeko, elkarrekin armak ekoizteko, atzerriko herrien dependentzia txikitzeko eta bere burua babesteko bide ematea du helburu.

«'Brexit'-aren eta haren ondorioen ostean, pozten nau Erresuma Batua ahal den gertuen izateak»

DONALD TUSK Poloniako lehen ministroa

Gaur egin duten bilerak, herrialdeek militarizazioaren bidean egin behar dituzten hurrengo urratsak finkatzea ez ezik, beste helburu estrategiko batzuk ere izan ditu: Erresuma Batuarekiko harremanak sendotzea, esaterako. Izan ere, 2020ko otsailean brexit-a gauzatu zutenetik, Erresuma Batuko ezein lehen ministrok ez du parte hartu EBren liderren bileretan. Bada, gaurkoan Keir Starmer herrialde horretako oraingo lehen ministroa egongo da. Egun osoko bilera izango dute agintariek, eta Starmer afaltzera dago gonbidatua.

Starmer bilerara gonbidatzearen helburua bi aldeek segurtasun politiketan antzeko gidalerroak izatea da, besteak beste. Hala azaldu dio Poloniako lehen ministroak prentsari: «Brexit-aren eta haren ondorioen ostean, pozten nau Erresuma Batua ahal den gertuen izateak. Batez ere segurtasun gaiei, defentsa industriari eta salerosketen muga zergak txikitzeari dagokienez». Poloniako lehen ministroaren iritziz, ezberdintasunak alde batera uzteko garaia heldu zaie bi aldeei. Poloniak du gaur egun EBko presidentetza.

Trumpekin nola jardun

Donald Trumpek AEBetako presidente kargua hartu zuenetik EBko estatu kideetako lehen ministro eta presidenteek izan duten aurreneko bilera izan da gaurkoa. Trumpek EBri muga zergak ezarriko dizkiola mehatxu egin du, eta agintariek ezin izan dute alde batera utzi. Kaja Kallas klubeko diplomaziaburuak bileraren aurretik ohartarazi duenez, «gerra ekonomikoek ez dute garailerik»; are gehiago, nabarmendu du AEBek EB behar dutela eta EBk AEBak behar dituela.

Tuskek Kallasen bidetik jo du, eta esan «zentzugabea» dela AEBak bezalako aliatu batekin gerra komertzial batean murgildurik egotea: «EBk ahal duen guztia egin behar du gerra komertzial ergel horiek saihesteko». Baina EBko buruzagi denek ez dute bat egin Kallasen eta Tusken mezuekin. Luxenburgoko lehen ministro Luc Friedenek, esaterako, adierazi du muga zergei «zerga gehiagorekin» erantzun behar zaiela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.