Errusiako armadak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik bi urte bete diren honetan, Europak, oro har, 2022ko otsailean baino kutsu militarragoa dauka. Izan ere, Moskuk eskala handiko operazio hori hasi aurretik baino kide gehiago ditu orain NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak. 31 estatu dira iazko apiriletik, Finlandia sartu zenetik, eta Mendebaldeko aliantza militarrean 32 izango dira egun edo aste batzuk barru, Suediak ere horretarako azken pausoa eman ahal izango baitu, behin Hungariako Asanblea Nazionalak gaur eskaera hori berretsita.
Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek beti adierazi izan du ez zirela oztopo izango Suedia aliantzako kide bilaka zedin, baina eskaera berretsi duen azkeneko herrialdea izan da. Suediak ere, Bruselak egin bezala, esan izan du Hungarian zuzenbide estatua urratzen dela, eta, gainera, Errusiaren jarrera ez gaitzestea leporatu izan dio Orbani. Lehen ministroak, horren ondorioz, mesfidantzaz begiratu izan dio Ulf Kristersson bere homologoari, pentsatuta ez dela «bidezkoa» Hungariarekiko jarrera hori edukitzea. Hala eta guztiz ere, eta aurreko ostiralean Orbanek berak iragarri bezala, Suedia aliantzan sartzea onartu du gaur Hungariako Asanblea Nazionalak.
Hain zuzen, ostiralean elkarrekin batzartu ziren bi lehen ministroak, Budapesten, eta jendaurreko agerraldi bat ere egin zuten. «Zenbait gaitan ez gaude ados Hungariarekin, baina gauza batean bai: jarrera bera dugun auzietan lankidetza landu behar dugu», adierazi zuen Kristerssonek, eta gogoratu, adibidez, bi herrialdeak EB Europako Batasuneko kideak direla. Agerraldian jakinarazi zuten, bide batez, Hungariak lau gerra hegazkin erosi dizkiola Suediari, nahiz eta, Orbanen esanetan, horrek ez duen zerikusirik izan berrespena bultzatzearekin.
Presiopean zegoen Hungaria; are gehiago urtarrilaren 23tik, Turkiak —Suediari betoa ezarria zion beste aliatuak— hautagaitza onartu zuenetik. AEBak dira aliantzaren aurrekontuan ekarpen handiena egiten duten herrialdea, eta Washingtonek Budapesten duen enbaxadoreak, David Pressmanek, Orbani belarrietatik tira egin zion duela bi aste, X sare sozialean idatzitako mezu batean: «Aliatuek 21 hilabete daramatzate zain, Hungariak zer egingo Suediaren eskaeraren inguruan».
Finlandiak eta Suediak 2022ko maiatzean egin zuten NATOko kide bihurtzeko eskaera bateratua, eta, urte hartako uztailean, orduan aliantzako kide ziren 30ek protokoloa sinatu zuten eskatzaile berriak ere kide bihur zitezen. Biak ala biak herrialde militarki ez-lerratuak izan dira —Finlandia, Bigarren Mundu Gerraren amaieratik; eta Suedia, 1834tik—, baina Errusiak Ukrainan hasitako inbasioak jarreraz aldatzera bultzatu zituen. Finlandiak 1.300 kilometro inguruko muga du Errusiarekin, eta Finlandia eta Suedia ere mugakideak dira.
Turkia izan da Europa iparraldeko bi herrialde horien bat egiteari traba gehien jarri dizkiona. Ankarak biei egozten zien babesa ematea PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta milizia kurduetako kideei. Horrenbestez, betoa kentzearen truke, Turkiak baldintza batzuk ezarri dizkie biei: besteak beste, Ankarak «terroristatzat» jotzen dituenen estradizioak erraztea, eta legedia indartzea herrialde horietan PKKren aldeko ekintzak egiten direnean. Turkiako Parlamentuak iazko martxoaren 30ean berretsi zuen Finlandiaren hautagaitza.
Hungariaren arrazoiak
Hungaria iaz hasi zen Suediaren hautagaitzari trabak jartzen; nagusiki, lehen ministroaren aholkulari Balasz Orbanek iazko martxoan elkarrizketa batean adierazi moduan, Suediako Gobernuko kide batzuek hungariarrak «iraindu» zituztelako, esateagatik Hungariak zuzenbide estatua urratzen duela. Aldi berean, berrespenerako bozketa atzeratuz joan zen Hungaria, argudiatuta Asanblea Nazionalean gehiengoa duen alderdiko parlamentariek ahots propioa dutela eta autonomoak direla erabakiak hartzerakoan. Aintzat hartu behar da, era berean, Hungaria dela Errusiak EBn duen aliatua.
Behin herrialde guztiek Suediaren hautagaitza berretsita, aliantzaren idazkari nagusi Jens Stoltenbergek Suedia gonbidatuko du bat egite dokumentua AEBetako Gobernuari aurkez diezaion. Hala jasotzen du NATOren 10. artikuluak. Suediako ordezkari batek hori egin dezake Washingtonera bidaiatuz, edo, Finlandiak iaz egin bezala, Bruselan egindako zeremonia batean dokumentu hori entregatuz. Hurrengo eta azken urratsa izaten da aliatu berriaren bandera altxatzea aliantzaren egoitza nagusian, Bruselan.
Suedia kide bilakatuko da, hain justu, noiz eta Stoltenbergek jakinarazi duenean aliatuak «defentsako inbertsioa» areagotzekoak direla. Idazkari nagusiak iragarri zuen, lehengo astean, 31 aliatuetatik hemezortzik gastu militarrera bideratuko dutela BPG barne produktu gordinaren gutxienez %2, aliantzak 2014an adostu zuen moduan; urte hartan, hiru ziren portzentaje horretara iristen zirenak.