«Europak irabazi du»

Puigdemontek eta Cominek akreditazioa lortu dute Europako Parlamentuan. Luxenburgok baliogabetu egin du eserlekua hartzeko zuten debekua

Carles Puigdemont eta Toni Comin, atzo, Europako Parlamentuan, akreditazioa jaso berri, beren buruari argazki bat ateratzen. MIRIAM SANTAMARIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak eta haren Osasun kontseilari izandakoak, Toni Cominek, irribarretsu erakutsi dituzte europarlamentari akreditazioak. Europako Parlamentuan jaso zituzten atzo. Kataluniako independentismoak egun gutxian jaso duen bigarren bultzada izan da, EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak eurodiputatu izaera eta immunitatea aitortu baitzizkion Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuari ostegunean.

Oraingoz, behin-behineko akreditazioak eskuratu dituzte Puigdemontek eta Cominek, eta Eguberrietako oporren ostean jasoko dituzte ohiko akreditazioak. Ordutik aurrera, Kataluniako auzia Europaren bihotzera eramateko aukera izango dute. Puigdemontek ziurtatu du urtarrilaren 13an parlamentuaren osoko bilkuran izango direla, Estrasburgon (Frantzia).

Parlamentutik atera zenean, akreditatzeko gainditu behar izan dituzten oztopoei buruz mintzatu zen Kataluniako presidente ohia, eta gogor mintzatu zen Antonio Tajani Europako Parlamentuko aurreko presidentearen aurka. «Lehenago akreditatzeko izan dugun debekua Tajaniren taldearen eta haren zerbitzu juridikoen erabaki arbitrario, legez kanpoko eta abusuzko baten ondorioa izan da». Horrez gain, nabarmendu zuen Luxenburgoren erabakia Europaren garaipena izan dela. «Guk akreditazioa izatea batzuentzako porrota da, baina garaipena da Europarentzat. Europako herritarrek konfiantza izan dezakete azken instantzian badela auzitegi bat guztien eskubideak bermatzen dituena».

Puigdemontek gogoan izan zuen Oriol Junquerasen espetxeratzea ere, EBko Justizia Auzitegiak hari zigorgabetasuna aitortu ondorengo egunean. «24 ordu baino gehiago dira Espainiako Estatuak Oriol Junqueras legez kanpo espetxean atxilotuta daukala. Berandu dabil hura aske uzteko. Aipatzekoa da epai hura ezin zela eman, une eta baldintza horietan epaitu ezin zitezkeen pertsonak zeudelako».

Puigdemont eta Comin Europako Parlamentura iritsi baino minutu batzuk lehenago, haien egoerari buruz ebatzi zuen EBko Justizia Auzitegiak. Luxenburgok baliogabetu egin zuen Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak uztailaren 1ean argitaratu zuen autoa. Erabaki horren bidez, baztertu egin zituen Puigdemontek eta Cominek beren eserlekuak hartu ahal izateko eskatu zituzten kautelazko neurriak. Luxenburgok Puigdemonten eta Cominen egoera berriz aztertzeko agindu dio Auzitegi Nagusiari.

Puigdemonten abokatuak baikor mintzatu ziren politikan eragiteko zabaltzen zaizkion aukerei buruz. «Irabazi dugu», idatzi zuen Gonzalo Boyek bere Twitter kontuan, Luxenburgok erabakiaren berri eman eta minutu gutxira. Jaume Alonso-Cuevillas ere baikor mintzatu zen goizean, Luxenburgoren azken erabakiaren aurretik. «Europako Parlamentuko presidenteak jakinarazi digu erraztasun guztiak jarriko dituela. Hemendik aurrera, beste aldi bat hasiko da».

ERC-PSOE negoziazioak

ERCk PSOErekin abian dituen negoziazioak eten zituen ostegunean, Luxenburgok Junquerasen immunitatea aitortu ondoren, Espainiako Estatuaren Abokatutzak zer jarrera hartuko duen argitu arte. ERCk «keinu bat» eskatu zion PSOEri. Gaiari buruz galdetuta, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuaren jarduneko bozeramaileak ez zuen iritzirik eman, eta Estatuaren Abokatua «irizpide teknikoetan» oinarrituko dela esan zuen. Pedro Sanchez presidente izendatzeko elkarrizketei buruz, Zelaak ziurtatu du ezinbestekoa dela PSOEren eta ERCren arteko akordio bar lortzea. «Ez dago B planik», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.