Frantziako bozak. Bigarren itzulia

Europa oztopo bihurtu zaio

Frantziako bozen atarian presidentegaiek eztabaida zakarra izan dute. EBrekiko beldurrak haizatzen saiatu da Le Pen, datu okerrak emanez. Eurotik ateratzeko eskakizuna leundu du eskuin muturrak

Martxan mugimenduko jarraitzaileak, herenegun, Emmanuel Macronen eta Marine Le Penen arteko eztabaida jarraitzen, Parisen. IAN LANGSDON / EFE.
Adrian Garcia.
2017ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Igandeko hauteskundeen aurretik Marine Le Penenek inkestei buelta emateko zuen aukera bakanetakoa zen. Eztabaida gogorra egin arren, agerian geratu da Emmanuel Macronek eta Le Penekestrategia eta helburu desberdinak dituztela: Eliseorako lehian ez, bozen ondoren eratuko den jokaleku politiko berrian jarria du arreta eskuin muturraren ordezkariak; baldar aritu da FNren proiektu politikoa azaltzen, batez ere ekonomiari dagokionez, eskuetan zituen txostenetan galduta. Aldiz, zorrotz egin du Macronen aurka, eta «sistemaren hautagaia» dela salatu. Oposizioaren buruzagi izateko apustua dirudi berea, gainerako eskuinari gailentzeko. Bai baitaki Le Penek ezusteko handi bat behar duela presidente izateko; alderdi eta politikari ia guztiek babesa eman diote Macroni, FN bakartzeko ahaleginean.

Frantziako presidente izateko aukera erreala du eskuin muturrak, baina, orain, Europa gai arantzatsu bihurtu zaio. Izan ere, bigarren itzulian lehiatzeko deserosoak zaizkio EBtik eta eurotik ateratzeko eskaerak, boto emaile multzo zabalago batengana iritsi behar baita inkestetan duen desabantaila txikitzeko —%60k gutxi gorabehera bozkatuko lukete Marcronen alde; %39k Le Penen alde—.

Bruselaren aurkako argumentuak indartzeko, Le Penek zalantzarik ez du izan eztabaida kutsatzeko. Donald Trump AEBetako presidentearen moduekin ere alderatu dituzte Le Penen datu okerrak. «EBn egotea Frantziari 9.000 milioi euro kostatzen zaio urtean», esan du FNko buruak. Haatik, Europako Batzordearen datuen arabera, 4.500 milioi dira herrialdeak urtean jartzen duena, eta Le Penek ez ditu aipatu merkatu bakarretik ateratzeak eragingo lituzken galerak.

Euroari buruzko diskurtsoa eta programa leundu berri du FNk. «Patriotismo pragmatikoa» eta «protekzionismo inteligentea» defendatzen du orain, eta eurotik ateratzea ez da dagoeneko «politika ekonomikorako aurretiazko baldintza».

«Diru nazionala» eta «diru komuna» jarri nahi ditu funtzionatzen aldi berean. Franko berria erabiliko lukete Frantziako salerosketak egiteko, eta bestea, berriz, nazioarterako. Edonola ere, lausoa da oso eskuin muturraren proposamena.

Tranpa politikoa

Izan ere, euroa tranpa politiko bihurtu zaio. Analista ekonomikoak ados daude: merkatuentzako lurrikara izango litzateke Le Pen presidente izatea, euroaren inguruko zalantzengatik, eta litekeena da ordu gutxitan corralito bat ezarri behar izatea kapitalen ihesa saihesteko.

Zakarra izan da bi hautagaien arteko aurrez aurrekoa, akusazio gogorrak eta etenaldiak tarteko. Muturreko islamistak babestea leporatu dio Le Penek Macroni. Edonola ere, oro har tranpa eta eraso guztiak saihestu ditu hautagai liberalak. «Beharrezkoa da FNrekin eztabaidatzea, nahiz eta pixka bat zikindu», esan du Macronek. 2002an, Jaques Chiracek uko egin zion Jean-Mari Le Penekin eztabaidatzeari.

Fronte bateratu bat eratzeko deialdiak gorabehera, ez dute lortu alderdi xenofoboaren aurkako erabateko batasuna, osasun hesiak baditu-eta arrakala txiki batzuk. Handia baita ezkerraren dilema: eskuin muturrari aurre egiteko finantza munduaren hautagaia babestu behar du. Macron Rothschild bankuko langile ohia da, François Hollanderenministro zenean ekonomia liberalizatu zuena.

Frantzia Intsumisoa koalizioak emaitza txukunak lortu zituen lehen itzulian; Jean-Luc Melenchonek botoen %19,6 eskuratu zituen, eta PS Alderdi Sozialista erraz gainditu (%6,4). Baina Melenchonek uko egin dio Macron jendaurrean babesteari, eta kritika gogorrak jaso ditu horregatik. Koalizioan plataforma ugarik parte hartzen dutela argudiatu du politikariak, eta boto emaileek badutela nahikoa «adimen» nahi duten aukera egiteko. Koalizioak duen jarrera argitzeko bozketa egin dute aste honetan militanteek, Internet bidez. 243.000 pertsonak parte hartu dute, eta gehienek Macroni bizkarra ematea hautatu dute: %36k boto zuria edo baliogabea emango dute; %35ek bozkatuko dute Ekonomia ministro ohiaren alde; eta %29 abstenitu egingo dira. FNren alde bozkatzea ez zegoen aukeren artean.

Fronte bateraturik ez

Edonola ere, eta Frantzia Intsumisoak Macron esplizituki babestu gabe ere, Le Penek lortu du bakartze horretatik ateratzea: Nicolas Dupont-Aignan DLF Frantzia Altxatuta alderdiko buruarekin aliantza egin du. Ultrakontserbadorea eta euroeszeptikoa da Dupont-Aignan. Hark gaullista eta subiranistatzat du bere burua. Nolanahi ere, ideologikoki ez daude urruti. Lehen itzulian lehiatu zen, eta botoen %4,75 jasota seigarren tokian geratu zen. Analistek uste dutenez, giltzarria izan zen DLFren rola, Errepublikanoak alderditik nahikoa boto desbideratu zituelako, Le Peni bigarren itzulirako bidea libre uzteko.

Azken urteetako bozen bilakaerari erreparatuz gero, eskuin muturraren boto-emaile fideletatik harago ikusi da FNk zailtasunak dituela babes gehiago lortzeko. Dupont-Aignanen botoak eskuratzeaz gainera, Le Penek esperantza du eskuinaren botoak erakartzea Macronen aurka. Asko dira azkenaldian presidentegaiak eginiko keinuak: François Fillonen hitzaldi baten zati bat hitzez hitz kopiatu du aste honetan.

Babesaren truke, sari preziatu bat eskaini dio Le Penek: Dupont-Aignan lehen ministro izendatuko luke. Atzean utzi ditu DLFko buruak nazismoa defendatzeagatik FNri egindako kritikak. Hitzemana zuen Le Pen aita ohorezko presidente izan artean ez zuela traturik egingo FNrekin. Oraindik alderdiko presidente da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.