Hanka bat aurrena, eta bestea ondoren; aurrera begira, baina kautelaz. Modu horretan hasi dira gerrikoa askatzen Europako hainbat herrialde, eta, birusa oraindik aktibo badabil ere, ekin diote normaltasun berrirako itzulerari. Hori bai, gida berari eutsi diote denek: poliki-poliki, modu mailakatuan, eta tentuz; baita atzera egiteko prest ere, badaezpada. Hala, birusaren hedatzea moteltzea lortu, eta egoera nolabait kontrolpean duten herrialdeak hasi dira itxialdia laxatzen, neurri batzuk arinduz. Era berean, horiek izan daitezke atzetik doazenen ispilurik fidagarrienak.
Hain justu, Europa iparraldeko bi herrialde izan dira ezohiko neurriak malgutzen lehenak: Norvegia eta Danimarka. Norvegian, martxoaren 12an ezarri zuten konfinamendua, Hego Euskal Herrian baino hiru egun lehenago. Bilakaera positiboa aintzat hartuta, ordea, apirilaren 20an denda txikiak eta haurtzaindegiak irekitzeko urratsa egin zuten. Halere, haurtzaindegiak ez zituztela guztiz itxi azaldu du Ostebi Gonzalez Norvegian bizi den euskaldunak: «Tromson, behintzat, irekita egon dira premia larria zutenentzat». Jada martxan jartzeko baimena dute, halaber, dentistek, psikologoek, fisioterapeutek, optikoek edota podologoek. «Neurri batzuk hartuta, noski». Besteak beste, beharrezkoa da distantzia mantendu eta higienea zaintzea, eta hori betetzeko, edukiera mugatu dute batzuek. Hark azaldu duenez, jendea hasiera-hasieratik «arduraz» jokatzen ari da.
Horiez gain, beste neurri bat ere kendu zuten aste hasieran: etxola eta landetxeetara joan ahal izatea. «Jendea hara joaten hasi zen krisiaren hasieran, eta debekatu egin zuten. Normalean, jendea hiriburutik lagun gutxi bizi diren tokietara doa, eta han ez dituzte baliabide berdinak». Beraz, bakartuta dauden eskualdetara birusa ez hedatzea zen asmoa. Jada, ordea, bide eman dute horretarako ere.
Gonzalezen arabera, birusa hiri handietan «kontzentratuta» dago, eta, beraz, neurri nazionalak «zintzilik» geratzen ari dira. «Ikusten ari dira leku batzuetan neurri ezberdinak hartu behar dituztela, ez horren latzak». Horrez gain, ez da gauza bera Norvegia iparraldeko eta hegoaldeko egoera. Datuen bidez egin du alderaketa. Tromson bizi da bera, Nord-Norgeko hiriburuan. Han, 1.000 biztanleko bi kasu baino zertxobait gutxiago daudela argitu du. Oslon, berriz hiru pasa.
Dena den, dendak, tabernak, enpresak eta beste itxita egonda ere, gainontzean bizitza «kasik normala» egiten ari direla nabarmendu du. Kalera irteteko baimena dute han, bost pertsona baino talde txikiagoetan. Kirol eta kultura bilera handiei, berriz, debekua ez diete kenduko ekainaren 15a baino lehen.
Atzerago begira jarri da Danimarka, eta 500 lagunetik gorako ekitaldiak galarazita egongo dira oraindik ere irailaren 1era arte. Hala ere, positiboa izaten ari da egoeraren bilakaera, eta negozio batzuek irekitzeko urratsa egin dute; aurreikusi baino lehenago, gainera.
Modu horretan, haurtzaindegiak izan ziren zabaltzen lehenak, apirilaren 15ean; harrezkero, pixkanaka joan dira eskolak irekitzen, adinean gora egin ahala.
Kopenhagen bizi da Ostaizka Aizpurua, bikotekidearekin eta bi haurrekin, eta, azaldu duenez, haren umeak astelehenean hasi ziren eskolara joaten. Orain, proba fasean daude: «Zaharrenaren kasuan — lau urte ditu, oraingoz, 25 ume bakarrik joaten dira. Lau umeko taldeetan banatzen dituzte, eta egunero mantentzen dira multzo horiek. Horrez gain, talde bakoitzak eremu ezberdinetan bereizten dituzte, umeak elkar nahas ez daitezen». Zehaztu duenez, astetik astera ebaluatuko dute egoera, eta, apurka, haur kopurua igotzen joango dira. «Pixkanaka moldatuko dituzte gauzak, eta horrela egokituko dute eskolaren funtzionamendua».
Ikastetxeez gain, ile apaindegiak, tatuatzaileak, fisioterapia zentroak, psikologoak, autoeskolak eta beste «lanbide liberal» batzuek ere aste honetan ekin diote jardunari. Tabernak, jatetxeak eta gainerako saltokiak, berriz, maiatzaren 10etik aurrera irekitzen hastea espero dute.
Norvegian bezala, Danimarkan ere baimenduta dago kalera irtetea. Ordea, ezin dira hamar pertsona baino gehiagoko taldeak elkartu, eta horrelaizango da oraindik ere, gutxienez, beste bi astez. Aizpuruaren arabera, jendea «zuhurtziaz» jokatzen ari da, prebentzio neurriak hartzen, eta urruntze fisikoa errespetatzen.
Atzeratuago daude iparraldeko beste herrialdeak, baina, Finlandia ere dagoeneko ari da datorren hilean itzulerari ekiteko plana osatzen. Modu horretan, eskolak progresiboki irekitzen hastea izango da emango duten aurreneko pausoetako bat.
Bestalde, Europa iparraldeko estatu horiek Euskal Herriarekin alderatuz gero, badago nabarmendu beharreko detaile bat. Izan ere, Euskal Herriak herrialde horietako bakoitzaren biztanleen erdiak baino gehixeago ditu, eta, ostera, alde handia dago kutsatuen eta hildakoen kopuruan. Hain zuzen, Danimarkan eta Norvegian atzemandako gaixoen halako bi hauteman dituzte Euskal Herrian, eta Finlandian baino lau aldiz gehiago. Birusak eragindako heriotzak, berriz, Danimarkan baino lau aldiz gehiago izan dira hemen, eta Norvegian eta Finlandian hildakoen halako zortzi.
Berezia da Suediaren kasua ere. Han, konfinamendua ez da erabatekoa, eta lokal batzuk itxi eta debekatu badituzte ere, irekita daude oraindik ere, esaterako, tabernak eta jatetxeak. Horren ordez, gobernuak gomendio orokor batzuk zabaldu ditu, eta herritarrei erantzukizuna eskatu die.
Halere, oraingoz, ez ditu aldekoak estrategiak emandako datuak, eta Eskandinaviako gainerako herrialdeek baino kutsatu eta hildako kopuru nabarmen handiagoak ditu.
Ez dira bakarrak
Herrialde horiez gain, baina, badaude neurriak malgutzen hasi diren beste estatu batzuk ere. Alemania da horietako bat. Beheranzko joera egonkortuta, iragan asteazkenean adostu zuten gobernu zentralak eta estatu federalek lehen urratsei bide ematea. Modu horretan, astelehenean ireki ziren 800 metro koadro baino gutxiago dituzten saltokiak, bezero kopurua mugatuta. Horien artean daude, adibidez, liburu eta bizikleta dendak edota kontzesionarioak. Eskolak eta unibertsitateak, berriz, maiatzaren 4tik aurrera hastea aurreikusten dute, progresiboki, eskualde bakoitzeko agintariek deliberatutako erritmoan. Berlinen, halaber, orduan irekiko dituzte museoak, zoologikoak eta beste esparru publiko batzuk ere.
Bestalde, gurtza lekuak itxita egongo dira, baita taberna eta jatetxeak ere; oraindik ez dute zehaztuhoriek irekitzeko datarik. Urruntze soziala gordeko da, gutxienez, maiatzaren 3ra arte, eta 5.000 pertsona baino gehiago biltzen dituzten ekitaldi handiak ezingo dira egin abuztu amaiera baino lehenago. Horrez gain, estatu federal bakoitzak neurri propioak hartu ahal izango ditu, irizpide orokor batzuen barruan.
Itzulera fasean sartu arren, zuhur jokatzeko deia egin du Angela Merkel kantzilerrak, eta neurriak gehiegi arintzeak «aurreneko lorpenak arriskuan jar ditzakeela» onartu du. Hori dela eta, pausoz pauso arituko direla adierazi du, eta ondorioak aztertzen joango direla: «Dendak irekitzearen eraginak hamalau egunetara ikusiko dira. Horrek egiten du egoera hain zaila izatea». Halaber, bihartik aurrera, derrigorrezkoa izango da maskaren erabilera estatu osoko espazio publikoetan.
Alemaniaz gain, Austria izan da neurriak malgutzen hasi den beste herrialde bat. Gobernuak hilaren hasieran argitaratu zuen normaltasunera itzultzeko prozeduraren gida. Horrela, joan den asteanireki zituzten 400 metro koadro baino gutxiago dituzten saltokiak: besteak beste, liburu eta arropa dendak. Horrez gain, brikolaje eta lorezaintza zentroak ere zabaldu zituzten. Halaber, beste urrats bat egiteko prest daudela iritzi dute, eta agintariek asteartean iragarri zuten maiatzaren 1az geroztik martxan jarriko direla jarduera ekonomiko ia guztiak; eskala handiko kultur eta kirol ekitaldiak dira salbuespen bakarrak oraingoz, abuztuaren 31 arte daude galarazita.
Austrian dago praktiketan Ander Larrieta, Wiener Neustadten. Ziurtatu duenez, azken astean nahiko «normaldu» da egoera: «Denda gehienak-etazabalik daude». Horietan sartzeko, baina, maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela azaldu du, baita hogei metro koadroko distantzia gordetzea ere. Jendeak neurriak errespetatzen dituela dio.
Agintariek aurkeztutako planaren arabera, eskolak maiatzaren 4an irekiko dira, modu gradualean eta faseka. Hilaren erdialdean zabalduko dira, berriz, jatetxeak eta beste lokal gastronomiko batzuk. Baita museoak, liburutegiak edota zinemak ere.
Beste urrats bat egin du Txekiar Errepublikak ere, eta neurrien laxatzea azkartzearekin batera, mugimendu askea utzi du. Horrela, herritarrek baimendua dute atzerrira bidaiatzea. Handik itzultzean, osasun ziurtagiri baten bidez frogatu beharko dute ez daudela kutsatuta, edo, bestela, berrogeialdia egin beharko dute. Hala ere, debekatuta daude oraindik ere hamar pertsonatik gorako bilerak egiteak, eta beharrezkoa izango dute distantzia fisikoa mantentzea.
Herrialde horiez gain, Europako beste hainbat estatu ere ari dira normaltasunerako itzulera planifikatzen. Horien artean daude, esaterako, Frantzia, Herbehereak, Portugal edota Italia. Suitza, berriz, bihar hasiko da neurriak arintzen, eta Poloniak dagoeneko zabaldu ditu parkeak, jardinak eta gune naturalak. Epeka, eta prozesuak atzera-aurrerakoak izan ditzakeela barneratuta, hasi da normaltasun berrirako fasea.
Koronabirusa Europan
Europa, leihoak zabaltzen
Birusaren hedatzea hesitzea lortu, eta itzulerako lehen urratsak egiten hasi dira zenbait herrialde. Horien artean daude Danimarka, Norvegia, Austria eta Alemania
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu