Europa ekialdean tankeak hedatuko dituzte AEBek

Arma astunak eramango dituzte Errumania, Bulgaria, Estonia, Lituania, Letonia eta Poloniara.NATOren «ekintza erasokorra» salatu du Moskuk

Petro Poroxenko Ukrainako presidentea, soldadu estatubatuar eta ukrainarrekin, apirilean, Lviven. SERGEY DOLZHEKO / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Europa ekialdeko sei herrialdetan tankeak, ibilgailu blindatuak eta artilleria hedatuko ditu Washingtonek, «maniobra militarretan eta entrenamendu saioetan» parte hartu eta tokiko indarren «mugikortasuna» hobetzeko, Ashton Carter AEBetako Defentsa idazkariak aurreratu duenez. Gerra Hotzaren garaian Sobietar Batasunaren eraginpean egon zen eremuan —Estonia, Letonia, Lituania, Polonia, Bulgaria eta Errumanian— 250 tanke, gerrako ibilgailu blindatuak eta artilleriako obus autopropultsatuak hedatuko dituzte, AEBetako armadak berak zabaldutako prentsa ohar batean jaso duenez. Material gehiena lehendik Europan zeukatela nabarmendu dute.

Errusiak Krimea bereganatu eta Ukraina ekialdean Kieven eta indar errusiazaleen arteko gerra piztu ostean, NATOk erantzun azkarreko indarrak eratzea erabaki zuen iaz, RNF erreakzio indarren barruan, lurreko 5.000 soldadurekin eta «48 orduan» erantzuteko gaitasunarekin.

Vladimir Putinek «Errusiako mugetaraino» sartzea leporatu izan dio aliantza atlantikoari, eta Ashton Carterrek herenegun berretsi zuen AEBek badutela konpromisoa Europa «Errusiaren ekintzetatik eta Sobietar Batasunaren garaian bezalako eragin eremu bat sortzeko saioetatik babesteko». Errusiako Defentsa Ministerioko funtzionario batek Reuters agentziari esan dio Europa ekialdean NATOk armak hedatzea Gerra Hotzaz geroztiko ekintza «erasokorrena» dela.

Europa ekialdeko sei herrialdeek gogo onez onartu dute AEBen ekipamendu militarra. Estonia, Letonia eta Lituaniako Defentsa ministroekin bildu zen Carter atzo, Tallinen, eta hiru errepublika baltiarretako buruzagi militarrek «Errusiaren mehatxuei» aurre egiteko AEBen babesa eskertu zioten.

Gaur eta bihar NATOko Defentsa ministroek Bruselan egingo duten bilera prestatzeko izan da Carter Alemanian eta Estonian, eta jakinarazi du AEBak armak, hegazkinak eta soldaduak jartzeko prest daudela aliantza atlantikoaren erantzun azkarreko indarra sendotzeko. NATOren erantzun azkarreko indarra —prest izango da 2016rako— orain arte lurreko indarretara mugatu da, baina aliantzako Defentsa ministroek aireko, itsasoko eta indar berezien alorrei ekingo diete gaur eta bihar Bruselan. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak erantsi du «erabaki politiko eta militarrak» hartzeko prozesua ere azkartu nahi dutela Bruselako bileran.

Stoltenbergek aurreratu du aliantzak RNF indarrak hirukoiztera ere iritsi nahi duela: 30.000 eta 40.000 soldadu arteraino. Indar berezi hori 2002an eratu zuen NATOk, 13.000 soldadurekin. RNFren «lantza muturra» izango lirateke erreakzio azkarreko indarra osatuko duten soldaduak.

Bilerak eta borrokak

Normandiako Laukoteko atzerri ministrordeek —Ukraina, Errusia, Alemania eta Frantzia— bilera teknikoa izan zuten atzo Parisen, Minskeko akordioen ezarpenari buruz eztabaidatzeko. Mosku Ukrainako krisia bideratzeko «edozein bilera formatutan» parte hartzeko prest dagoela esan zuen Kremlineko prentsa idazkari Dmitri Peskovek, baina oraingoz Normandiako Laukoteko estatu eta gobernu buruen bilerarik ez dagoela aurreikusita esan zuen, Kievek Minskeko akordioak urratzen dituela argudiatuta: «Tamalez, su-etenaren urratze eta tiroketa ugari egiaztatzen jarraitzen dugu, indar ukrainarrek Donbasseko herrietan eginak».

Kievek, aldiz, indar errusiazaleei egotzi die su-etena haustea. Ukrainako buruzagitza militarrak esan du 24 orduan 85 eraso jasan dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.