JAPONIA

Etzi dira hastekoak Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuak jakinarazi du «isuriaren segurtasuna» egiaztatu dutela. Erabakiak protestak eragin ditu herrialdean. Hego Koreak Tokioren erabakia babestu du.

Fukushimako ur kutsatuak pilatzen dituzten biltegietako batzuk. EFE
Igor Susaeta.
2023ko abuztuaren 22a
11:58
Entzun

Japoniako Gobernuak jakinarazi du etzi direla hastekoak Fukushimako zentral nuklearreko ur kutsatuak Ozeano Barera isurtzen, eguraldi baldintzak egokiak badira. Fumio Kishida herrialdeko lehen ministroak gaur prentsa agerraldi batean nabarmendu duenez, erabaki hori hartu dute gobernuak eta instalazioaren operadoreak, Tepco konpainiak, behin «isuriaren segurtasuna» egiaztatu ondoren.

Urak isurtzeko Tokiok ondutako planari oniritzia eman zion IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak uztail hasieran, iritzita tona litro horiek «apurka-apurka eta era kontrolatuan» isuriko dituztela, eta horrek inpaktu «hutsala» eragingo duela ingurumenean eta giza osasunean. Baina Japoniako Gobernuaren asmoen aurka agertu izan dira, nagusiki, herrialdeko arrantza sektorea eta talde ekologistak. Gaur ere ehunka pertsonak protesta egin dute Japoniako Parlamentuaren egoitzaren aurrean. Aintzat hartu behar da hondakin erradioaktiboz kutsatuta dagoela ur hori, eta baliatu izan dutela bai erreaktoreak hozteko eta bai instalazio nuklearren barruan iragazteko.

Inguruko herrialdeen erreakzioari dagokionez, Txina Tokioren egitasmoaren aurka agertu izan da, baita Hego Korea ere. Seulek, baina, iritzia aldatu du azkeneko asteetan, eta, hortaz, gaur presidentetzako bozeramaile Park Ku-yeoni galdetu diote Tokioren erabakiaz, eta erantzun du ura isurtzeko planean ez dutela detektatu ez arazo teknikorik, ez zientifikorik. Bi herrialdeetako gobernuek adostu zuten Hego Koreako adituek ere isurketaren jarraipena egin ahal izatea.

Zentraleko edukiontzietan 1,34 milioi metro kubiko inguru daude pilatuta. 2011ko martxoaren 11n gertatutako lurrikara batek eta ondorengo tsunamiak bete-betean jo zuten instalazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.