Etxebizitza legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango du Kataluniak, Generalitatearen eskumen batzuk urratzen dituela eta. Kataluniako Parlamentuak helegitea aurkeztea erabaki zuen atzo, JxC Junts Per Catalunyaren, CUPen eta ERC Esquerra Republicanaren aldeko botoekin, nahiz eta azken horrek legearen alde bozkatu zuen Espainiako Kongresuan.
EH Bilduk ere aldeko botoa eman zuen, apirilaren 28an. Beraz, Kataluniako Parlamentuak hartutako erabakia baliatu du EAJk koalizio subiranistari aurpegiratzeko zein hautu egin zuen Madrilen. «Ezer esaterik orain, EH Bildu?». Jeltzaleek mezu hori idatzi zuten X sare sozialean duten kontu ofizialean. Eusko Jaurlaritzak ere lege horren aurkako helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, uztailean, argudiatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren eskumenak urratzen dituela; PSE-EEk ez zuen babestu erabaki hori. EH Bilduk esan izan du, ordea, etxebizitza legeak errespetatzen dituela eskumenak, berme juridikoa ematen duela.
ERCk, baina, hasierako jarrera aldatu du, eta helegitearen alde agertu da, Kataluniako Estatutu Bermeen Kontseiluak legeari buruz egindako txostenaren ondoren —JxCk eskatu zuen txostena—. Joan den abuztuaren 4an, kontseiluak ohartarazi zuen legearen zenbait artikuluk urratu egiten dituztela Generalitateak etxebizitza eta hirigintza arloan dituen eskumen esklusibo batzuk.
ERCk eta JxCk desadostasun sakonak izan zituzten etxebizitza legeari buruz eztabaidatu zenean. ERCk akordioa lortu zuen PSOErekin eta Unidas Podemosekin legea onartzeko, eta JxC kontra agertu zen, Kataluniaren eskumen batzuk urratzen zituela iritzita.
Norabide berean bozkatu izanagatik, ERCk eta JxCk kritika gordinak egin dizkiete elkarri parlamentuaren gaurko osoko bilkuran. JxCk Esquerrari leporatu dio Kataluniaren autogobernua ez babestea PSOErekin egin dituen negoziazioetan, eta «Kataluniari errespetu» nahikoa ez agertzea. ERCk, berriz, legearen «aurrerapauso sozialak arriskuan» jartzea egotzi dio JxCri, eta gaineratu du lege hobe bat onartzea lortuko zela JxCk negoziazioetan bere indarra gehitu izan balu.
Etxebizitza legeak dioenez, autonomia erkidegoetako etxebizitza politikei «arau esparru koherente, egonkor eta seguru bat» ematen die testu horrek. Besteak beste, neurri hauek jasotzen ditu: tentsio handiko eremuetako jabeek %2 igo ahalko dute alokairua aurten, eta %3 datorren urtean, eta etxe kaleratzearen dataren eta ordu zehatzaren berri izan beharko dute etxe horretan bizi direnek, legez.
Gainera, erkidegoek jabe handien definizioa aldatu ahalko dute; orain, hamar higiezin edo gehiago dauzkatenak hartzen dira jabe handitzat, baina, lege berriarekin, bost higiezinetan jarri ahalko da langa tentsio handiko eremuetan. Tentsio handiko eremuak ezartzeko bi baldintza egongo dira, eta, bata zein bestea betetzen bada, nahikoa izango da leku jakin batzuk horrela izendatzeko: batetik, hipoteken edo alokairuen kostua —gehi gastuak— familien batez besteko errentaren %30 baino handiagoa izatea; eta, bestetik, etxe salmenta edo alokairu prezioa gutxienez KPIa baino hiru puntu gehiago garestitu izana tentsio handiko eremu izendatu aurreko bost urteetan.
Litekeena da ERC eta JxC erabakigarriak izatea Espainian hasi den legealdi berrian, Kongresuan egitasmoak onartzeko egingo diren negoziazioetan. Hasteko, PSOEk eta Sumarrek bi alderdi independentista horien babesa beharko dute, ezustekorik ezean, Pedro Sanchez gobernuko presidente izendatu eta koalizio gobernu bat eratzeko.