Ezer kontatzen hasi aitzin, bere aurpegiera azaldu nahi du Mogolik —izena asmatua da—: «Oso haserre nago. Horregatik nago horrela, triste». Besoak gurutzatuta, serioski baina apal mintzo da duela bederatzi hilabete pasarazi ziotenaz. «Soroan lan egitetik nentorren, eta etxera sartu nintzenean auzokideak nire seme-alabak joak zituen». Eztabaida izan zuen emakume harekin, orduan: «Hark zioen nire seme-alabek bereak probokatu zituztela. Eztabaidan hasi ginen, elkarri irainka». Auzokidea haurdun zegoen orduan, eta abortu bat izan zuen hortik aste batzuetara: «Umea hila jaio zen».
Gizarte Zibilaren erakundearen aitzinean salatu zuen orduan auzokideak. Argudiatu zuen bere ume hilaren erantzulea Mogoli bera zela; eztabaida horren ondorio izan zela abortua. «Agintariek arrazoia eman zioten, eta auzokideek etxea erre zidaten, sorgintzat nindutelako». Gizonak ere baztertu egin zuen, eta bortz seme-alaba zaharrenak harekin hartu zituen, gainera: 20, 19, 15, 12 eta 9 urtekoak. «Bi urteko ume bat ere badut, eta oraindik bularra ematen diodanez, nirekin atxiki ahal izan dut».
Kartzelan ere sartu zuten bitarte horretan, herriko buruzagiak aginduta. Hilabetez egon zen han: «Entzute-klub nukleoetako emakumeek Poliziari eskatu zioten ni zaintzeko, herri justiziari ihes egiteko, jendeak eskatzen baitzuen bizirik erre nintzatela». Espetxean ere baldintza txarretan egon zen: «Malaria harrapatu nuen, eta beheitikoa izan nuen. Medikuarengana eraman ninduten orduan, baina gero berriro kartzelara».
Gurasoen lurretan eraiki duen etxe txiki batean bizi da orain: «Haiek ongi hartu ninduten, ez dute sorginkeria ezagutzen. Baina mina ematen dit umeak kendu izana. Ez dut zorionik». Gizona duela hiru hilabete ezkondu da bertze emakume batekin. Seme-alabak, berriz, bisitan joaten zaizkio, gordeka: «Haiek ere ez daude seguru, ez ditut ongi ikusten, zerbait falta zaie». Azaldu du, erraterako, 20 urteko alaba zaharrenak arazoak izanen dituela ezkontzeko: «Mutilei erraten diete: 'Zer eginen duzu sorgin baten alabarekin? Bere amak ume bat hil du!'». Bertze komunitate batera lekutzea du desirarik handiena: «Nire auzoan ez nago seguru, hatz erakuslea nigana zuzendua dute». Baina ez dauka mugitzeko baliabiderik: «Eskatzen diet gobernuari, gobernuz kanpoko erakundeei, lagun nazatela».
Mogoli. Sorginkeriaz akusaturiko emakumea
«Etxea erre zidaten auzokideek, sorgintzat nindutelako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu