Etxea atzean utzita

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu du munduko errefuxiatu eta desplazatuen kopurua mende honetako handiena dela; 27,5 milioi desplazatu eta 15,4 milioi errefuxiatu daude.

2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Goizeko bostetan LRA (Jainkoaren Erresistentzia Armada) herrira iritsi zen. Bi gizon palma olioarekin igurtzi, etxola batean sartu eta su eman zioten. Ondoren gizon eta emakumeak lotu eta jo eta ia guztiak hil zituzten». Hori da Kongoko Errepublika Demokratikoko Nakpokto herriko errefuxiatu batek Manos Unidas erakundeari kontatutako istorioa. Milioika lagunek antzeko egoerak bizi dituzte, eta ihes egin eta ezkutuan bizi behar izaten dute. Errefuxiatuen Mundu Eguna izan zen atzo, eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria erakundeak txosten bat argitaratu zuen. Horren arabera, munduan 43,7 milioi lagunek beren etxeak utzi behar izan dituzte gatazka edo hondamendi naturalen ondorioz.

Kopuru horretatik desplazatuak —herrialdean geratzen direnak— 27,5 milioi dira, eta errefuxiatuak 15,4. Babesa eskatzen ari diren 850.000 lagun ere kontuan hartu dituzte.

UNHCRen txostenaren arabera, Afganistan da desplazatuen zerrenda beltzean munduko lehen herrialdea, hiru milioirekin. Baina erakundeak ez ditu errefuxiatu palestinarrak kontuan hartu, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa arduratzen baita haietaz. Munduko errefuxiatuen herena (4,8 milioi) palestinarra da. 1948an Israelgo estatua sortu zenean milaka lagunek beren etxeak utzi behar izan zituzten, eta gaur egun egoerak ez du hobera egin.

«Bidegabekeria»

Errefuxiatu eta lekualdatuen kopuruaren hazkundearekin batera, herrialde garatuenak babes gutxien ematen dutenak direla salatu dute. Errefuxiatuen %80a garapen bidean dauden herrialdeek jasotzen dituzte. Ekialde Hurbileko herrialdeek ia zazpi milioi errefuxiaturi ematen diete babesa. Asian lau milioi, Afrikan bi baino gehiago. Europan, berriz, 1,6 milioi lagun hartzen dituzte, eta Amerikan 800.000.

Nazio Batuen Iheslarientzako Goi Arduradunaren laguntzaile Alexander Aleinikoffekadierazi du errefuxiatuak banatzeko modua «justua» izango balitz, Europak lagun gehiago babestu beharko lituzkeela. Haren hitzetan, krisi ekonomikoak sortutako «politika populistak» eta desberdintasun kultural eta erlijiosoak diraegoeraren eragileak.

NBE Nazio Batuen Erakundea Europako herrialdeek errefuxiatuentzako mugak zabaltzea eskatu du. Baina Alemaniako Barne ministro Hans-Peter Fiedrichek argitu du ez dituztela «iraganeko akatsak» errepikatu nahi. Alemania errefuxiatu gehien dituen Europako herrialdea da, 544.000 lagunekin.

Nazio Batuen Iheslarientzako Goi Arduradun Antonio Guterresek«errefuxiatuen arazoa migrazioarekin» nahasten dela ohartarazi, eta iheslarien ametsa etxera itzultzea dela gogorarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.