AEBak. Presidentetzarako hauteskundeak

Etxe Zurirako bidea Ohiotik pasatzen da

Hiru arrazoirengatik bihurtu da Ohio erabakigarri: estatu zalantzati handienen artean bigarrena da; lehia oso estua izaten da han; eta ia beti asmatzen du nor izango den presidente.

Samara Velte.
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Biek terreno bera desiratzen duten arren, kanpainan topo egitea saihestu dute Obamak eta Romneyk. Atzo, ordea, hiri berera jo zuten biek, hauteskunde kanpainako azken egunean: Ohioko Columbus hiriburura. Ezinbestekoa baitzaie Ohioren babesa presidentetza eskuratu nahi badute.

AEBetako biztanle guztien %3 baino ez dira Ohion bizi. Gutxiago dira botoa ematen dutenak, eta, hala ere, estaturik erabakigarriena izaten da urtez urte. Hiru arrazoi daude horretarako. Batetik, hemezortzi ordezkari ditu, eta estatu zalantzati handienen artean bigarrena da. Bestetik, lehia oso estua izaten da: gehienez ere, %5en aldea atera ohi dio alderdi garaileak besteari. Eta azkenik, Ohiok ia-ia beti asmatzen du nor izango den presidente. 1944tik, behin bakarrik egin du galtzailearen alde: 1960an, Richard Nixonekin erratu zen. Sineskeria izango da, baina badaezpada, inork ez du Ohion galdu nahi.

AEBetako erdigune industriala izandakoa da; han sortua da, esaterako, Procter & Gamble multinazionala. Azken hamarkadetan, jarduera ekonomikoa apur bat amatatu da, eta krisiak ere gogor jo du estatua; 2009 amaieran, %10,6ko langabezia zuen Ohiok. Horregatik, estatua irabazteko gakoa da langileak limurtzea, eta badirudi Obamak aukera hobea duela horretarako. Azken bi urteotan, ekonomiak beste lekuetan baino gehiago egin du hobera; langabezia %7an dago orain, AEBetako batez bestekoaren azpitik. AEBetako autogintza erreskatatzeko erabakia ere Obamaren mesederako izango da; Ohion 850.000 lanpostuk dute industria horrekiko loturaren bat.

Oro har, bizi-maila bikaina du; Ohioko hezkuntza eredugarritzat jotzen dute nazioan, baita osasun alorra ere. Hiriguneak demokratazaleak dira, eta landaguneak, errepublikanoagoak. Dena den, horietan nabarmen ari da behera egiten biztanleria; horren ondorioz, 1960ko hamarkadaz geroztik, boto ahalmenaren heren bat galdu du Ohiok.

Inkestek diotena

Bozketa goiztiarrarekin, 1,6 milioi ohiotarrek eman dute botoa jada. Horietatik %29 demokrata gisa daude erregistratuta, %23 errepublikano gisa, eta beste guztiak afiliatu gabe. Obamak Ohio irabazten badu, Romneyrentzat ia ezinezkoa izango da presidentetza eskuratzea, beste estatu zalantzati guztiak poltsikoratzen ez baditu behintzat. Inkestek, batez beste, puntu baten aldea ematen diote Obamari. Baina denek ikur txiki bat dute ondoan: galdeketen errore-marjinaren barruan dago emaitza hori. Egia bezain gezurra izan daiteke, hortaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.