Papergabeen inoizko deportaziorik handiena egingo duela zin egin zuen Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak presidentetzarako bozen kanpainan, eta astelehenean estatuburu gisa kargua hartu zuenean ideia bera errepikatu zuen. Bada, Etxe Zuriak gaur goizaldean jakinarazi du Trumpen bigarren agintaldia hasi zenetik paperik gabeko «ehunka» migratzaile deportatu dituela; hau da, azken lau egunetan. Zehaztu ez duten lagun kopuru horri azken egunetan atxilotu dituzten papergabeak gehitu behar zaizkio.
ICE AEBetako Immigrazioren eta Aduanen Polizia indarrak gaur goizaldean jakinarazi duenez, 538 lagun atxilotu dituzte AEBetan. ICEk egunero argitaratzen duen txostenean ageri denez, gainera, atxilotu dituzten 538 lagunez gain, AEBetan paperik gabe sartzeagatik atxilotzeko 373 agindu eman dituzte asteon. Migratzaileen aurkako sarekada horiek egiten ari diren polizien lana goraipatu du Etxe Zuriak sare sozialetan: «Trumpen administrazioa gure herrialdeko mugei segurtasuna emateko egiten ari den lanaren aurrerapen txiki bat dira ekintza horiek».
Izan ere, AEBetako presidentea bere aurreneko egunak baliatzen ari da migrazioaren aurkako bere agenda dekretuz ezartzeko. Eta, dirudienez, bere aurreneko agintaldiko politikak (2017-2021) harago eraman nahi ditu Etxe Zurian egingo duen azken agintaldian —AEBetako presidenteek bi egin ahal dituzte, gehienez—. Besteak beste, 2017an hasitako agintaldian 5.200 soldadu mugiarazi zituen AEBen eta Mexikoren arteko mugara, papergabeak atzemateko. Oraingoan, jada beste 1.500 soldadu mugiarazi ditu hegoaldeko mugara; 2.200 zeuden han Trumpek kargua hartu aurretik. Eta CBS herrialdeko telebista kateak herenegun argitaratu zuenez, militarren kopurua 10.000ra gerturatu nahi du Etxe Zuriko maizterrak.
Trumpek papergabeen aurka abiarazitako ekintzak txalotu ditu Etxe Zuriaren bozeramaile Karoline Leavittek; are gehiago, iruditzen zaio horiei esker «kriminalak» herrialdetik kanporatzen ari direla, eta harro agertu da sare sozialetan goizaldean argitaratu dituen mezuetan: «Inoizko deportazio jendetsuena martxan dago. Promes egin. Hitzemandakoa bete». Leavittek adierazi duenez, «terroristak eta adingabeen aurka sexu erasoak» egin dituzten hainbat migratzaile atzeman dituzte. Ez ditu zehaztu, ordea, jada deportatu eta atxilotu dituzten «ehunka» migratzaileen artean dauden horiek.
Bidenen neurriak deuseztatu
Administrazio berriak erabakia hartu du Joe Biden AEBetako presidente ohiak (2021-2025) migratzaileei herrialdean sartzen uzteko indarrean sartutako neurrien aurka egiteko: The New York Times egunkariak goizaldean argitaratutako informazio baten arabera, Bidenek abian jarritako bi programari esker AEBetan sartu ziren milioi bat migratzaile deportatzeko baimena eman die Trumpek ICEko agenteei.
Egunkariak AEBetako Gobernuaren barne dokumentu bat aipatuta jakinarazi duenez, CBP One aplikazioaren bitartez AEBetan sartzeko txanda lortu zutenak eta Kubatik, Nikaraguatik, Venezuelatik eta Haitik alde egin zuten «zenbait migratzaile» deportatuko ditu Trumpen administrazioak. Paperik gabeko migratzaileen kasuetan adituak diren abokatuek albiste horretan ohartarazi dutenez, Afganistango eta Ukrainako migratzaileei ere eragin ahal die neurriak. Hau da, papergabeak ez diren migratzaileak ere deportatzeko asmoa du Trumpek.
23Trumpek zenbat indultu eman dituen Azken lau urteetan abortatzeko eskubidearen aurka protesta egin zuten 23 laguni indultua eman zien atzo Donald Trump AEBetako presidenteak. Abortatzeko kliniketako ateetan jarri eta hara zihoazenei sartzen ez uzteagatik atxilotu zituzten 23 lagun horiek. Trumpek esan zuen «ohore bat» dela haien indultua sinatzea.