Karabakh Garaia. Errefuxiatuen egoera

Etxe baten bila, berriro

Karabakh Garaitik ihes egin zuten 120.000 armeniar inguru bizi berri bat eraikitzeko lanetan dabiltza. Gehienak ia diru iturririk gabe geratu dira, 30 urte baino gehiago iraun duen gatazka baten ondorioei aurre egiten dieten bitartean.

(FILE) ARMENIA AZERBAIJAN PHOTO SET KARABAKH CONFLICT
Karabakh Garaiko bi haur Kornidzorgo (Armenia) mugan, joan den irailaren 29an. ANATOLY MALTSEV / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Bihar amaituko da Karabakh Garaiko errepublikaren hiru hamarkadako ibilbidea, baina ez han bizi ziren 120.000 lagun ingururena. Karabakhtarrek egun batetik bestera utzi zuten etxea, ezin izan zuten bi bider pentsatu zer hartu, eta baldintza horietan ari dira aberririk gabeko etorkizunari aurre egiten. Gehienak Armenian integratzeko ahaleginean dabiltza: ihes egin zutenean, Kornidzorko (Armenia) kontrol puntura heldu ziren Laçingo korridoretik, hura hamar hilabetez blokeatuta egon ostean; handik, Goris hirira iritsi ziren, mugatik gertu dagoen hiri batera, eta, azkenean, herrialde osora hedatu dira, asko Erevan hiriburuaren inguruetara. Badira erbestera joan direnak ere, nagusiki AEB Amerikako Estatu Batuetara, Frantziara eta Errusiara, Armeniarren diaspora handia den tokietara. Erevanentzat erronka humanitario eta logistiko handia izaten ari da, eta negu hotzak ez ditu lanak errazten.

Karabakh Garaia 1991tik izan da Azerbaijan barruko errepublika independente bat de facto —nahiz eta nazioarteak ez duen aitortu—, eta, datu ofizialen arabera, han bizi zirenen %99 ziren armeniarrak. Baina, bere nagusitasun militarra baliatuta, Bakuk bonbardatu egin zuen irailaren 19an: biztanle ia guztiek alde egin zuten ondorioz, eta eskualdea haren kontrolpean geratu zen. Orain herri fantasma bat dirudi.

Karabakh Garaia

Artsakheko Errepublikatik —Karabakh Garaiko errepublikaren izena da— heldutako gehienek Armenian dituzten senideei eta lagunei esker topatu dute bizilekua, baldintza oso prekarioetan bada ere. Gobernuak ireki ditu aterpetxe batzuk, baina errefuxiatuen %10 inguru soilik hartu ditu haietan. Gainera, errefuxiatuei gomendatu die bizilekua Erevandik kanpo bilatzeko, hiriburuko alokairuen prezioak are gehiago puztu ez daitezen. Horrek herrialdeko eskualde txiroenetara bultza ditzake, non alokairuak merkeagoak diren, baina zerbitzuak eta azpiegiturak okerragoak.

Diru falta da karabakhtarrek dituzten arazo nagusienetako bat. Ia guztiek galdu dute lana —nekazaritzatik bizi ziren gehienak—, eta gutxi dira beste bat topatu dutenak. Bat baino gehiago —adinekoak, nagusiki— lavax ogiak saltzetik ari da sos batzuk lortzen, tipikoak baitira Karabakh Garaian. Lan merkatuaren egoera lehendik ere ez zen ona Armenian: langabezia tasa %25 da 2,8 milioi biztanleko herrialde horretan.

Erevanek bi plan ekonomiko ditu martxan iritsi berriei laguntzeko: iheslari bakoitzari 230 euroko laguntza bat eman dio, eta sei hilabetez hilean 115 euro jasoko dituzte. Askok, ordea, salatu dute informazio nahasgarria iristen zaiela, ez dutela argi zer egin behar den ordainsaria jasotzeko, eta oraingoz ez zaiela dirurik heldu.

Iheslariak beste behin

Gehienentzat ez da etxea uztera behartu dituzten lehen aldia. 2020. urtean, Karabakh Garaiko azken gerran —sei aste iraun zuen—, porrot erabakigarria izan zuen Armeniak: ia 4.000 soldadu galdu zituen, eta 1990eko hamarkadako gerraz geroztik kontrolatzen zituen Karabakh Garaiko eta inguruko lur gehienak. Mugak aldatzearen ondorioz, milaka armeniarrek utzi zuten etxea. 30 urteko gatazka batek eragindako traumak dituzte karabakhtarrek, azken urtebetean setio batek eta presazko ihesaldi batek areagotutako traumak. Armeniako Gurutze Gorriaren arabera, orain hauek dira lehentasunak: luzera begirako bizilekua eta lana topatzea, haurrak eskolaratzea, arta medikua bermatzea eta laguntza psikologikoa ematea.

Gorisen errefuxiatuei lehen arta eman zien osasun zentroak egoeraren inguruko txosten bat argitaratu du. Azaldu duenez, abendutik irailera bitarte iraun zuen setioak «kalte garrantzitsuak» eragin dizkie iheslariei: etengabeak ziren itzalaldiak, erregai eskasia eta medikamentu eta elikagai falta. Errepidean pasatu zituzten egunek ere ez zieten mesederik egin. Gaitz ohikoena desnutrizioa zen, baina baziren abusuak jasan zituztenak eta suzko armek eragindako zauriak zituztenak ere. Abuztuan, Luis Moreno Ocampo Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal ohiak nazioarteko komunitateari eskatu zion setio hori genozidiotzat hartzeko.

(FILE) ARMENIA AZERBAIJAN PHOTO SET KARABAKH CONFLICT(3)
Karabakh Garaiko biztanleak Kornidzorrera (Armenia) iristen irailaren 28an, atzean eskualdearen ezaugarri diren mendiak dituztela. ANATOLY MALTSEV / EFE

Armeniako Gobernuak dioenez, ahal duen guztia egiten ari da jaso dituen iheslariei laguntzeko. Gehienek ez dute Armeniako hiritartasuna: bihar desegingo den errepublikako pasaportea da duten legezko dokumentu bakarra, eta, haiei bidea errazteko, Erevanek estatutu berezi bat sortu du: 2024. urtearen amaierara arte Armeniako hiritartasuna jaso dezakete Karabakh Garaiko biztanleek. Dena den, Armeniako Atzerri Ministerioaren arabera, oraingoz ehun lagun inguruk soilik egin dute eskaria; izan ere, jasotzen dutenei ez dizkiete ematen errefuxiatuentzako diru laguntzak.

Eskualde menditsutik heldu berriak beste zailtasun bati ere ari dira aurre egiten: hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek kontatu dutenez, armeniarren eta karabakhtarren arteko harremanak ez dira errazak. Armeniarrek 2020ko gerraren arduradun izatea egozten diete karabakhtarrei, eta haiek, berriz, Azerbaijanen erasoen aurka eskualdea eta bertako biztanleak abandonatzea aurpegiratzen diete armeniarrei. Denbora beharko dute elkar ulertzeko.

Azkenik, Unicefek Armenian duen ordezkaritzak azaldu duenez, erronka zaila izaten ari da krisi humanitarioari aurre egiteko beharrezkoa den finantzaketa bermatzea. Ukrainako gerraren eta Palestinako gatazkaren itzalpean geratu da Karabakh Garaiko errefuxiatuen egoera, eta nazioartearen elkartasuna garesti dago. Negu hotza hasi besterik ez da egin.

Inor ez da fio Bakuz

Ez dirudi Karabakh Garaiko herritarrak euren etxeetara sekula itzuliko direnik. Azerbaijango Gobernuak dio ez duela han geratzeko asmoa duten armeniarren kontra egingo, baina Erevanek uste du jada «garbiketa etniko bat» egiten ari dela. Armeniak babesa eskatu zion NBEren Nazioarteko Justizia Auzitegiari, bermatu zezan Bakuk ez dituela Karabakh Garaiko armeniarrak lekualdatzera behartuko, eta ihes egin dutenek era seguruan itzultzeko baldintzak izango dituztela. Epaileek azaroaren 17an ebatzi zuten Erevanen alde: «Azerbaijango Errepublikak bermatu behar du Karabakh Garaitik irailaren 19aren ostean ihes egin zuten guztiak hara modu seguruan, librean eta azkarrean itzultzea».

Inor ez da fio Bakuz, ordea. Batetik, 2020ko gerraren ostean Azerbaijanen kontrolpean geratu diren eskualdeetan ehunka armeniar atxilotu eta hil dituelako, eta, bestetik, azken erasoaldiaren aurreko hamar hilabeteetan setiatuak izan dituelako karabakhtarrak. Erbesteratuek ez dute gizalegez tratatuko dituzten bermerik, ezta euren hizkuntza, erlijioa eta kultura errespetatuko dituzten segurtasunik ere. Azken asteetan, gainera, eskualdea birpopulatzen hasi da Azerbaijan, nagusiki 1990eko hamarkadan Karabakh Garaitik ihes egin zuten azerbaijandarrekin eta haien ondorengoekin. Elkarbizitza ez da posible gaur egungo baldintzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.