Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzuliak espero gabeko emaitza eman du Ipar Euskal Herrian. Pirinio Atlantikoetako laugarren hautesbarrutian. Iñaki Etxaniz (%50,1) NUPESeko hautagaia gailendu zaio Annick Trounday (%49,9) Ensembleko hautagaiari. 89 botoren diferentzia izan da bien artean. Gainerako eremuetan, Ensembleko hautagaiek irabazi dute. Florence Lasserrek segituko du bosgarren hautesbarrutiko diputatu karguan, eta Vincent Bruk seigarrenean. Lehen itzulian baino parte hartze handiagoa izan bada ere, herritarren erdiak baino gehiago (%50,4) ez dira bozkalekuetara agertu.
Emaitzak ezagutu berritan biziki pozik agertu zen Etxaniz, Euskal Irratiei egindako adierazpenetan. «Kanpaina osoan borrokatu gara gure ideiak aitzinarazteko. Aldaketaren beharra bazen, borrokatuko den diputatu bat izango nintzela errana nuen, eta hori hautatu dute hautesleek», adierazi zuen. «Gure herritarrak omendu nahi ditut gaur arratsean [atzo], haiei esker irabazi baitugu. Bihartik aitzina, lanean izanen gara: ospitale publikoaren alde, baina baita gatazkaren konponbide prozesua aitzinatzeko ere». Azken asteetan Frantziako Justiziak Jakes Esnal eta Ion Paroten baldintzapeko askatasun eskaerei buruz emandako erabakiak aipatu ditu. Euskal Irratietako kazetariaren galderari erantzunez, ondoko bost urteetan euskara ikasteko engaiamendua hartu du: «Espero dut bost urteren buruan elkarrizketa hau euskaraz eginen dugula».
Troundayk, berriz, «goresmenak» helarazi zizkion. «Ipar Euskal Herrian aitzinean nintzen, ontsa aitzinean. Biarnoan ez. Oloroeko [Biarno] bozek egin dute diferentzia. Jendeak hautatu du, eta errespetatzen dut. Demokrazia horrelakoa da». Hemendik aitzina Pirinio Atlantikoetako kontseiluan «lanean» segituko duela adierazi zuen.
Seigarren hautesbarrutian aise gailendu da Vincent Bru Ensembleko hautagaia, bozen %60,21 eskuratuta, eta bere eserlekua atxikiko du ondoko bost urteetarako. «Satisfazio handia da niretzat; ardura handia ere bai. Ez dugu gehiengo osoa izanen Frantziako Asanblean; agintaldi hau aitzinekoa baino zailagoa izanen da», adierazi zuen Euskal Irratietan. Lehen neurria Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroarengana jotzea izanen dela erran zuen, joan den ostiralean hitzeman bezala. Lurraren eta etxebizitzaren gaiari ere heltzeko asmoa erakutsi zuen. Horrez gain, hautesleek eskatu gisara, hautesbarrutian Parisen baino denbora gehiago pasatzeko engaiamendua hartu du.
Tom Dubois NUPESeko hautagaiak lehen itzulian izandako emaitzak eskas izan ditu. «Lehen itzulian mobilizatu diren hautesle batzuk ez dira mugitu gaur. Baikor ginen, baina hori da jokoa», adierazi zuen. «Macronek gehiengo absolutua galduko du, eta hori gauza ona da, baina Batasun Nazionala anitz emendatu da».
Bosgarren hautesbarrutian, Florence Lasserre Ensembleko hautagaia nagusitu da, bozen %54,4 eskuratuta; Sandra Pereirak %45,60 eskuratu ditu. «Biziki pozik» agertu zen Lasserre, baina emaitzak «umiltasun handiz» hartzen dituela erran zuen: «Biziki kezkatua naiz Frantziako emaitzekin. Ez dugu gehiengo osorik. Hori da arrats honetako errealitate tristea». Iragan bost urteak «biziki zailak» izan direla erran zuen: «Ondoko bost urteak are zailagoak izanen dira. Frantziarrek erran digutena da aldatu behar dugula».
Frantziako Asanblearako bozak. Bigarren itzulia
Etxaniz, Lasserre eta Bru izanen dira Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak
NUPESeko hautagaiak sorpresa eman du laugarren hautesbarrutian. Parte hartzea emendatu bada ere, abstentzio handia izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu