Indartsu heltzen dira iheslariak Kiosera. Atzean uzten dute iragan beltza. Euren ametsa noiz hasiko zain egoten dira. Haatik, uhartean aurkitzen duten errealitatea ez da amestutakoa. Ezin dute bidean aurrera jarraitu, ez behintzat epe laburrean. Europaren eta Turkiaren arteko ituna martxan jarri zenetik, iheslariak ezin dira sartu kontinente zaharrera; errefuxiatu eta migratzaile asko martxoaren amaieratik daude zain. Horietako bat da Mustafa (42 urte). Siriarra, Alepokoa. Gerran emaztea eta seme-alabak galdu zituen, baita aurretik zuen bizimodua ere. Zortzi hilabete daramatza zain. «Sirian, azkar hiltzen zara; hemen, berriz, poliki-poliki. Animaliak baino okerrago bizi gara: ez dugu giza eskubiderik».
Askok urtebete baino gehiago daramate zain. Une honetan, 61.000 iheslaritik gora daude Grezian, eta gero eta gehiago dira. Egeo itsasoko ekialdeko uharteetan, Kiosen, Lesbosen eta Samosen, 15.000 lagun inguru daude. Gehienak herrialdeko 50 kanpaleku militarretan baino gehiagotan daude sakabanatuta.
Izan ere, Europako atea zeharkatuta, amaierarik gabeko prozesu burokratikoa du zain iheslariak. Kiosen, esaterako, Vialeko kanpaleku militarrean erregistratu behar du. Une horretan, kanporatze eskutitza jasotzen du, legez kanpoko migratzailea delako Europaren begietara; Turkian, ordea, errefuxiatua da. Aldi berean, kanporatze hori deuseztatzeko eskutitza jasotzen du. Hala, elkarrizketen prozesu luzea hasten da; saio bakoitzak sei ordu iraun ditzake, gutxi gorabehera. «Joko diplomatiko batean bizi gara. Elkarrizketa batetik bestera hilabeteak pasatzen dira, eta jendeak zain egon behar du kanpalekuetan, asperturik. Gainera, galdetzen digute ea zergatik ez dugun Turkiara joan nahi. Ez du zentzurik. Nola egongo gara han salbu, hangoentzat ere herri segurua ez bada? Galde diezadatela nire hiriaz, gerraz, eta liburu bat idatziko diet», azaldu du Mustafak.
Elkarrizketa horiek soilik Atenasera joateko balio dute. Besterik ez. Onarpena jasotzen dutenak kontinentera joaten dira, gehienak iheslarientzako kanpalekuetara, eta errefuxiatu izateko prozesua jartzen dute martxan han. Ezetza hiru aldiz jasotzen dutenak, berriz, Turkiara bidaltzeko zerrendan sartzen dituzte. Dena den, oraindik ez da estradiziorik egin. Mafiek jarria dute martxan negozioa: 700-1.500 euro kobratzen diete uharteetatik atera eta hiriburura joan nahi duten iheslariei.
Kanpalekuetan, erantzunen zain jarraitzen dute errefuxiatuek. Migratzaileen egoera larriaren berri eman du MSF Mugarik Gabeko Medikuakerakundeak Greziar linboa, pertsona ahulak larrialdian txostenean. Irmo mintzo da Loic Jaeger erakundeko arduraduna: «Greziako Gobernuak eta gobernuz kanpoko nazioarteko erakunde handiek dirutza jaso duten arren, erantzun humanitarioa oso eskasa izaten ari da. Eta 2016ko Europan ezin al da jende gehiago jarri elkarrizketak egiten? Asko erraztuko luke prozesua».
Ofizialki, hilabete eskas geratzen da negua hasteko errefuxiatu eta migratzaileen kanpalekuetan, baina dagoeneko nabari dira neguaren ondorioak. «Grezia iparraldean, gauean, 5 graduko hozberoa izaten dugu egunotan. Irudika dezakezue familia oso bat denda baten barruan bizitzen baldintza horietan?». Katsikas kanpalekuan, adibidez, zero azpiko tenperatura dute egunotan. Eta euria egiten duenean, kanpaleku gehienak lokatzez eta putzuz betetzen dira.
Horiek horrela, iheslaririk ahulenek arrisku handiagoak izan ditzaketela dio MSF erakundeak. Salatu du Greziako Gobernuak ez duela sistema egokirik pertsona ahulenak identifikatzeko.
Baldintza gogorretan, zain
Azken hilabeteetan aldaketa asko izan dira uharteko kanpalekuetan. Udazkeneko lehen euri jasen ondorioz, udaletxe atzean zegoen Depethe babeslekua itxi egin behar izan zuten. Horrenbestez, familiak nazioarteko erakundeek kudeatzen dituzten hoteletara eta apartamentuetara eraman zituzten; bakarrik zeuden gizonak, berriz, Souda kanpalekura.
Vialeko eremu militarrean 1.000 lagunetik gora bizi dira. Mendian dago, birziklatze lantegi zahar baten inguruan. Militarrek kudeatzen dute, eta bizi baldintzak oso gogorrak dira.
Soudan ere beste mila lagun inguru daude. Hiriaren erdigunean dago Souda kanpalekua, itsasoaren ertzean, gaztelu zahar baten lubanarroan. Jende asko bizi da han, eta eremua gainezka dago dagoeneko. Hainbat kanpadenda hondartzan bertan ipini dituzte, leku faltagatik. Azken egun hauetan, haizeak hainbat denda apurtu ditu.
Etxolek eta bi karpa handik osatzen dute kanpalekua. Hiru ziren, baina aurreko astean bat erre zuten neonaziek. Karpa horien barrualdean okumez bereizitako logelak daude, 7-8 metro koadrokoak, gutxi gorabehera. Kale nagusian zehar, hogei bat komun, 12 dutxa inguru —ur hotzarekin— eta hainbat iturri daude. Mila pertsonarentzat, gutxiegi.
Gauean hotza da nagusi kanpalekuan. Ondo dakite Ahmed (27 urte) eta Wosal (21 urte) senar-emazteek eta haien bi alabek. «Hotz ikaragarria egiten du gauean», dio, eztulka, emakumeak. Zazpi hilabete daramatzate kanpalekuan. Siria hegoaldeko hiri txiki batekoak dira, eta Alemania dute helmuga. «Gerran nire anaia, ahizpa eta koinata galdu nituen». Ez daukate uhartetik ateratzeko aukerarik. Ezta hotelera joateko ere. Emakumea haurdun dago, eta ilusioz erakusten du haurraren ekografia. «Beharbada Atenasera joateko aukera izango dugu erditzean».
Familiaren etxolak zulo handi bat du, nahiz eta dagoeneko estali duten. Errefuxiatuen arteko borroka baten ondorioz egin zieten, arroka handi batekin. Zoritxarrez, askotan izaten dira iskanbilak iheslarien artean. Batetik, frustrazioa kanporatzeko; bestetik, herrien arteko gatazka historikoek ez dutelako etenik. Egunsenti Urrekara eskuin muturreko taldeak ere hainbat eraso egin ditu kanpalekuaren kontra; azkenekoak, larrienak, aurreko astean. «Leku hau ez da segurua gure alabentzat; askotan, beldurra pasatzen dugu». Bat-batean, hegazkin baten soinuak eten du emakumearen azalpena, eta alaba txikienak eskuekin estali ditu belarriak. «Hegazkinakgerrarekin lotzen ditu».
Hotza ez da arazo bakarra kanpalekuan. Askotan, argindarra eteten da, eta ilunpetan igarotzen dituzte orduak. Elektrizitatearen garrantziaz asko daki Mohammed gazteak (26 urte). Siria ekialdeko herri batekoa da, Irakeko mugatik gertukoa. Estatu Islamikoak bere hiria hartu zuen, eta zortzi hilabetez egon ziren argindarrik gabe. «Bi aukera nituen: ihes egitea edo bertan geratzea. Gaztea izateagatik armadan sartzeko arriskua neukan. Argi nuen: ez dut inor hil nahi. Horregatik alde egin nuen Europara».
Oso gertutik erreparatzen dio Sirian gertatzen ari denari, eta astero hitz egiten du familiarekin. «Askotan, tentaldia izan dut kanpalekua utzi eta etxera itzultzeko, baina gurasoek ez didate uzten, egoera oso larria baita Sirian». Hunkitu egiten da familiaz hitz egitean. «Dirua izango banu, Europara ekarriko nituzke». Soudako kanpalekuko bizimodua oso gogorra dela dio. «Gurasoei ongi nagoela esaten diet. Ez dakite zein egoeratan nagoen».
Itxaroteak ernegatuta
Zuzenbide ikasketak egin zituen Sirian, eta kanpalekuan orduak ematen ditu ezagutzen eta bizitzen dituen istorioak idazten. Hanburgon energia berriztagarrien ikasketak egin nahi ditu. Jakin badaki zaila izango duela ametsa lortzea, baina ez du berehala etsiko. «Une honetan mugak itxi dituzte, baina agintariei eskatu nahi diet, arren, ez ixteko gure adimenak eta bihotzak».
Mutaz eta haren iloba udazkenaz geroztik bizi dira Kios hiriko hotel batean. Ez du ukatzen baldintza hobeak dituztenik kanpalekuarekin alderatuta, baina zain egoteaz nekaturik daude. Martxoan iritsi ziren uhartera. Mutaz palestinarra da, errefuxiatuen familia batean jaiotakoa: Israelen eta Palestinaren arteko 1948ko gerratik ihesi joan ziren gurasoak Siriara. 2012an, Mutaz Moskura joan zen etorkizun oparoago baten bila. Han, Ukrainako emakume batekin ezkondu zen. Emaztearen herritik izaten zuen Siriako egoeraren berri. Halako batean, sorterrira itzultzea erabaki zuen, iloba gerratik ateratzeko. «Duela bi urte galdu nuen ama, gerran». Malkoak isuri ditu gertakaria gogoratzean. «Ezin nuen onartu iloba baldintza horietan bizitzea; Europara ekarri nuen».
Mugak ixtean, preso geratu ziren uhartean. «Ilobarengatik nago hemen; bestela, aspaldi egin nuen ihes». Hasieran, Vialeko kanpalekuan egon ziren. «Guantanamoren antzekoa da». Gerora, Soudara jaitsi ziren. «Jendeak Siria utzi du seguru egoteko, baina hemen ez dira salbu; animalien gisan hartu gaituzte».
Burokraziaren zurrunbiloan murgilduta dago. Ilobaren tutoretza onartu behar diote Atenasera joan ahal izateko. «Orain arte, 7.000 euro utzi ditut bidaia honetan; negozio handia da». Halere, tinko eusten dio bere helburuari. «Orain, hurrengo etapan pentsatzen ari naiz: Atenas». Arreba Suitzan du, eta hara eraman nahi du iloba. «Futbola biziki gustatzen zaio, eta nagusitan futbolaria izan nahi du. Bere ametsa gauzatzen lagunduko diot».
Familia asko hoteletara edo apartamentuetara eraman ostean, nabarmen aldatu da kanpalekuetako iheslarien profila. Bakarrik dauden gizonak dira asko, 18-40 urte bitartekoak. Hasieran, gerratik ihes egiten zutenak ziren nagusi, baina orain Europara sartzeko ateetako bat bihurtu da Kios, atea itxita badago ere.
Beste iheslariak
Afrika Iparraldeko gazte bat. Ez du izenik eman nahi. Europan bizi izan zen, baina jaioterrira itzuli zen. «Paperak kendu, eta maite ez nuen pertsona batekin ezkonarazi ninduen familiak. Ezin nuen egoera jasan, eta alde egitea erabaki nuen, Europan bizimodu berri bat eraikitzeko». Martxotik dago uhartean. «Oso gogorra da hemengo bizimodua: ez dugu ezer egiteko aukerarik, ez lan, ez ezer ere. Uhartea kartzela bat da: ezin gara inora joan».
Badaki bere egoera ez dela besteenaren parekoa, eta horregatik ez du asiloa eskatu. Kanporatua izateko arriskua du, sorterrian arazo larririk ez dagoelako. Hori izango da, hain zuzen, migratzaile ekonomiko askoren patua. «Ez dut etsi nahi, eta itxaron egingo dut. Greziak ezin baditu errefuxiatuak onartu, gainerako herrialdeek har dezatela ardura. Zabal ditzatela mugak. Jendeak hemendik alde egin nahi du; ez dugu bestelako laguntzarik behar».
Errefuxiatuek eta migratzaileek gogor kritikatzen dute Europaren eta Turkiaren arteko ituna. «Ez dugu ulertzen zergatik ezin dugun gure bidean aurrera egin; ez dugu ezer txarrik egin», dio Mustafak. «Zenbaitzuek Europatik dirua lortzeko erabiltzen gaituzte. Negozio bat gara: diru asko irabazten dute gurekin, diru azkarra». Buruan duen amets «eroak» ematen dio indarra aurrera egiteko. «Guinness liburuan sartu nahiko nuke nire mototsarekin: autobus bat mugitzeko gai naiz, eta orain hegazkin bat mugitu nahiko nuke», dio, irribarretsu. Aukerak izango dituen herri batera joan nahi du, Alemaniara, Suitzara edo Danimarkara.
Souda amets hautsien bulebar bat bihurtu da, mugak noiz zabalduko zain. «Europan asiloa lortzen ez badugu, Turkiara bidaliko gaituzte. Jokoa handia da, eta gu gara galtzaileak», dio Mustafak. «Orduan, zutitu, eta nire bideari eutsiko diot berriro ere; beste aukera baten bila joango naiz».Frontexek webgunean martxan jarria du lehiaketa bat tokiko itsasontzientzat, iheslariak Turkiara eraman ditzaten.
Etsipen uharteak
Gaur goizaldean 27 lagun izan dira, txalupatxo batean. Asteburuan, 141. Aurten ia 40.000 lagunek egin dituzte Cesme (Turkia) eta Kios (Grezia) arteko 4,5 itsas miliak. Kanpalekuak gainezka daude, eta iheslariak, etsita, neguaren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu