Ez da oso baikor ageri Agusti Alcoberro, ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteordea (Pals, Katalunia, 1958), presidente edozein hautatuta ere Espainiako Auzitegi Gorenak trabak jarriko dizkiolako jardunari, eta hark esaten duenaren menera geratuko delako gobernua. Jordi Sanchez atxilotu baino bi egun lehenago izendatu zuten Alcoberro ANCko presidenteorde, urriaren 14an, eta larunbatean utziko du postua, kargudun berriei bide emateko. Aitortu du azken hilabeteak «gogorrak eta zailak» izan direla.
Egoera ikusita, zer egin beharko litzateke orain, zuen ustez?
Beti erran izan dugu abenduaren 21eko hauteskundeetan atera zen gehiengo errepublikarrakzera egin beharko lukeela: 155.aren aurreko ordena berrezartzea, ahal den heinean, eta autonomiaren etenaldia bertan behera uztea. Gobernu errepublikanoa osa zezaten nahi genuen,aurrerapausoak emateko errepublika berri baterantz. Horrek hainbat formula izan ditu: hasiera batean Carles Puigdemont izan zen; gero, Jordi Sanchez, eta, azkenik, Turullen hirugarren formula. Gu ados egonen gara ateratzen den proposamenarekin, baldin eta erabakia adostua bada, eta programa argi bat aurkezten badute aipatu ditudan ildoetan.
Uste duzu halako batean aterako den presidenteak jardun ahal izanen duela?
Ez gara oso baikorrak, azken hilabeteotako Auzitegi Gorenaren erabakiak oso kaltegarriak izan baitira. Auzipetuta dauden guztiak deitu dituzte deklaratzera, diputatuak, gainera. Badirudi azken helburua pausoak ematera behartzea dela, haiek nahi duten norabidean.
Zuek izan zarete milaka lagun mobilizatzea lortu duzuen erakunde nagusia. Azken aldian, nola ikusten duzu jendearen jarrera?
Oso agerian gelditu da bi milioi katalanek jada hautu bat egin dutela. Jauzia eman dute, nolabait erratearren, eta hori atzera ezinezkoa da. Ez dira Espainiako Erresumaren parte sentitzen, Kataluniako Errepublikaren parte baizik. Datuen arabera, gainera, aldaketa indartsua gertatu da, baita arlo afektiboan eta psikologikoan ere. Halere, hauteskundeak igaro eta hiru hilabetera, non errepublikarrek erabateko gehiengoa berretsi zuten, etsipen sentimendu bat suma daiteke, ez delako ezinbestekoa zen akordio bat lortu.
Zein da ANCren egitekoa etsipen horren aurrean?
Agerikoa da etsipen puntua, baina, biltzar gisa, gure egitekoa ez da izanen gobernu berri baten aurka joatea, baizik eta gobernu hori estu hartzea, harago joateko. Nire irudiz, hori da bidea, baina larunbatean izendatuko duten presidenteak erran beharko du hori.
ANCk orain arte bezala jardunen du, besteak beste, jendea mobilizatzen?
Biltzarrak larritasunaren arabera erantzunen du. Etapa anitz izan ditu 2012an sortu zenetik: lehena, gobernua presionatzea. Jendeak beti sinplifikatzen du esaldi harekin: «Carme Forcadell, presidentea, jarri hautetsontziak». Beste etapa bat urriaren 1a baino lehenagokoa izan zen. Hartan, elkarlanean ibili ginen gehiengo parlamentarioa eta biltzarra.Nik uste dut lehenengo etapa horren antzeko batera itzuliko garela. Nire ustez, biltzarrak funtzio garrantzitsua du, eta berehalako etorkizunean igartzen dugun eszenatokia honako hau da: gobernu atonomo bat bere eskumenen jabe dena; erbestean egonen den errepublikaren gobernu bat, arazo nagusiari eutsiko diona —errepublika berreskuratzeari, alegia—, eta kalera aterako den herri bat, haren erakundeen bidez mobilizatuko dena. Hiru euskarri horiek era koordinatu eta leial batean funtzionatzen badute, gai izanen gara estatuaren norgehiagokari eusteko.
Zer moduz doa ANCren hauteskunde prozesua?
Iragan larunbatean izan genuen Idazkaritza Nazionalerako 77 kideren behin-behineko hautaketa. Zaharrok jardunean gaude. Bihar berriz elkartuko da idazkaritza, kargu organikoak hautatzeko: presidentea, presidenteordea, idazkaria eta diruzaina.Horregatik, idazkaritza eta kargudun berriak lanean hasiko dira larunbat honetan. Erdizkako puntu batean gaude.
Katalunia. Inbestidura saioa. Agusti Alcoberro. ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteordea
«Etsipen sentimendu bat suma daiteke»
Alcoberrorentzat «agerikoa» da herritarren artean akidura agertu dela. «Biltzarrak larritasunaren arabera erantzunen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu