Gerra Ukrainan. Inbasioak ehun egun

Etsi-etsian luzatutako gerra

Gaur dira ehun egun Errusiak Ukraina inbaditu zuela. Martxo erdirako, hego-ekialdean lur eremu zabalak beretuak zituen, eta Luhansk osoa hartzen ahalegintzen ari da orain, Kiev o kupatzeko asmoa ezinezko jota. Ukrainak eutsi egin dio erasoari, baina ez du lortu okupatutako lurrak berreskuratzea.

Etsi-etsian luzatutako gerra.
mikel p ansa
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Gaur duela 100 egun, Errusiak Ukraina inbaditu zuenean, ematen zuen Kievera eta Ukraina osora arazorik gabe eta denbora gutxian iritsiko zirela Errusiako tropak, baina ez da hala izan. Ehun egun joan dira, gerra luzatu egin da, eta ez du azkar bukatzeko itxurarik. Negoziazio bideak itota daude, gainera.

Ikusi gehiago:Errusiaren inbasioa, egunez egun

Kiev hartzea ezinezkotzat jota, Errusiak jarraitzen du hegoaldean eta ekialdean lur gehiago okupatu nahian, baina zailtasunak ditu. Lortu du hego-ekialdeko eremu zabalak okupatzea, halere, eta Krimeako penintsula lurrez lotu du Errusiarekin: Luhansk eta Kherson probintzia ia osoak eta Zaporizhiako zati bat hartu ditu —Donetskeko zati bat eta Krimea 2014tik ditu bere eskuetan—.

Ukrainako indarrek, berriz, Kieveko erasoa geldiarazi zuten, eta Kharkiven zein Khersonen lur zati batzuk berreskuratu dituzte azken asteetan. Baina beste fronteetan ez dute garaipen argirik izan, eta ez dute indar militar aski agertu errusiarrak okupatutako lurretatik botatzeko.

Etsi-etsian, ematen du gerra luzatu eta eustea komenigarritzat jo dutela bi aldeek: Moskuk ez du gelditu nahi garaipentzat aurkez dezakeen zerbait eskuratu arte; Kievek kalkulatu du gerra zenbat eta gehiago luzatu orduan eta kalte handiagoa egingo diola Errusiari. Baina, orain behintzat, ez da ikusten Errusiak aurrerapen ikaragarriak egin ditzakeenik, eta ez da ikusten, ezta ere, Ukrainak Errusia bere lurretatik botatzeko ahalmenik duenik. Horra gerra nola bilakatu den ehun egunotan:

Kieveko porrota

Errusiako tropek aurrerabide azkar batzuk egin zituzten gerraren lehen astean, otsailaren 24tik martxoaren 2ra: Kieveko aldirietara iritsi ziren, 25 bat kilometrora, eta azpiegiturak bonbardatzeari ekin zioten. Indar ukrainarrek, baina, erresistentzia gogorra egin zieten: errepideak moztu eta zubiak bota zituzten, eta tanke eta baliabide militar asko galdu zituzten errusiarrek Kievera heldu nahi eta ezinean.

Errusiako armadak egunero bonbardatu zuen hiriburua, baina ez zituen hegazkinak erabili, eta ez zuen erabateko erasoa jo Kieven. Analista militar batzuen ustez, iduri du espero zutela oposizio handirik gabe sartzea hiriburuan. Nolanahi ere, han lokaztu zen Moskuren aurrerabidea.

Ekialdean, berriz, Kharkiv gogor bonbardatzen hasi ziren lehen egunetik —Ukrainako hiri handienetan bigarrena da: 1,4 milioi biztanle gerra aurretik—. Eta hegoaldean, Melitopol eta Berdiansk okupatu zituzten, Krimeako base militarretatik abiatuta. Handik, Mariupolerako bidean jarri ziren, Azoveko itsasoko portuak kontrolatu nahian. Ukrainako portu handienetako bat eta altzairugintza zentro inportanteenetako bat zen Mariupol gerraren aurretik. Errusiarrek martxo hasieran ekin zioten hiri hori setiatzeari, baina ukrainarrek defentsa gogorra egin zuten.

Krimeatik Khersonera ere abiatu ziren errusiarrak otsailaren 24an. Gerraren lehen astean hartu zuten hiria —280.000 biztanle gerra aurretik—. Itsaso Beltzeko portu nagusietako bat da Kherson, eta Odesara bidean jarraitzeko atea irekitzen zien errusiarrei. Handik, Mikolaivi —izen bereko probintziako hiriburua— eraso egiteko prestatu ziren; baina ukrainarren erantzunarekin topo egin zuten han ere.

Gerraren lehen astea pasatuta, martxoaren 2tik aurrera, argi ikusi zen Errusiaren aurrerabideak moteldu egin zirela. Kievera sartu ezinik segitzen zuten, ukrainarren erresistentziak moteldurik. Moskuk logistika arazoak eta soldadu galera handiak zituela ere zabaldu zuten Mendebaldeko inteligentzia agentziek.

Iparraldeko beste hiriak ere —Kharkiv, Sumi, Txernihiv...— ezin izan zituzten hartu errusiarrek, gogor bonbardatu arren. Horregatik, hiri handiak saihestu, eta errepidez Kievera aurreratzen saiatu ziren, baina ukrainarrek trabatu egin zieten bide hori.

Aldiz, hegoaldean aurrerapen batzuk egin zituzten errusiarrek: Kherson probintzia osoa kontrolpean hartu zuten hirugarren asterako, eta Zaporizhiako probintzian sartu ziren, Kherson eta Donetsk lotu nahian. Martxoaren 4an Zaporizhiako planta nuklearra okupatu zuten, Europako handienetako bat —han ekoizten dute Ukrainako argindar guztiaren %20 inguru—. Luhansk probintzian ere bereganatu zituzten lur eremu zabalak, eta Itsaso Beltza blokeatu zuten, Ukrainara itsasoz hornigairik sar ez zedin.

Kieveko setioa porrot itxura hartzen ari zen martxo erdirako, baina hegoaldean, Kherson probintzia osoa, Luhanskeko zati handi bat, eta Zaporizhia eta Donetsekeko eremu zabalak kontrolpean hartuak zituen, Krimearainoko lurrezko lotura bat segurtatuta. Eremu horretan, Mariupol zen errusiarren eskuetan erori ez zen hiri handi bakarra.

Ukrainako hiri handienetako bat da Mariupol, industria gune garrantzitsua —gerra aurretik han sortzen zen Ukrainaren barne produktu gordinaren %5—. Ukrainarrek etxez etxeko erresistentzia gogorra antolatu zuten han, eta Moskuri izerdia eta odola kosta zitzaion borroka hori, militar txetxeniarrak baliatuta ere.

Martxoaren 21erako, hamar milioi ukrainarrek etxea abandonatua zuten, eta 3,4 milioi —euskal herritar guztiak adina— herrialdetik atereak ziren.

Erasoa berrantolatzen

Martxoaren 25ean, Errusiak eta Ukrainak Turkian egin behar zuten bileraren atarian, Kremlinek iragarri zuen Kieveko frontea utziko zuela, «gerraren lehen fasea» amaitutzat jota, eta handik aurrera Donbassko probintziak —Luhansk eta Donetsk— «askatzen» jarriko zuela indarra. Mendebaldeko agintariek uzkur hartu zuten, baina martxo bukaeran soldadu errusiarrak hasi ziren Kievetik Bielorrusiara atzeratzen.

Turkiako negoziazioak, berriz, apirilaren 1ean bukatu ziren; bi aldeek mezu ugari bidali zizkioten elkarri, baina inolako akordiorik gabe bukatu zen topaketa, eta geroztik ez dute bilera publikorik egin. Gerraren fase bat amaitu zen hor, eta beste bat hasi. Apirilaren 1etik 18ra bitarteko bi aste eta erdiak trantsiziozkoak izan ziren, hala esan baliteke, bonbardaketek ez zutelako etenik izan hiri batzuetan. Errusia tropak berrantolatzen ari zen, Luhansken erasoa gogortzeko.

Apirilaren 1erako, indar errusiarrak Kiev inguruetatik alde eginak ziren, eta Butxa berreskuratu zuten indar ukrainarrek. Errusiak hilabeteko okupazioan egindako desmasiak agerian gelditu ziren: Butxako alkatearen arabera, 280 pertsonaren gorpuak agertu ziren inguruan. Salaketak pilatuz joan dira geroztik: horien arabera, soldadu errusiarrek Kieveko aldirietan okupatutako herrietan 1.000 lagun baino gehiago hil zituzten. Gerra krimenak egotzi dizkio Mendebaldeak Errusiari.

Apirilaren 6rako Errusiako tropak erabat erretiratuak ziren iparraldeko fronte guztietatik. Bidean minak ereinez joan ziren, ihesaldian denbora irabazteko. Ukrainako indarrek berreskuratu zituzten lur horiek, Kieven, Txernihiven eta Sumin. Errusiarrek Kharkiv aldetik ere alde egin zuten, baina ez erabat, eta hiri hori bonbardatzen segitu zuten.

Ukrainako armadak, bitartean, kontraeraso batzuk egiteko iniziatiba hartu zuen apiril hasieran, Mikolaiven adibidez. Hilaren 1ean, berriz, Errusiako lurretan sartu ziren helikopteroetan, eta erregai biltegi bat suntsitu zuten Belgoroden. Lehen aldia zen Ukrainak Errusiari bere lurretan eraso egiten ziona.

Iheslarien zerrenda etenik gabe gizentzen zen, artean: apirilaren 18rako, bost milioi ukrainar atereak ziren herrialdetik.

Ekialdeko oldarraldia

Errusiak ohartarazi zuen «beste fase bat» hasi zuela gerrak apirilaren 18an. Ukraina ekialdean bonbardaketak egiten eta aireko erasoak ugaritzen hasi zen, eta hala jarraitu zuen hurrengo asteetan. Harrezkero, Khersonen eta Zaporizhian okupatutako lurrak babesten saiatzen ari da Mosku, defentsa lerroak eraikiz, eta, horrekin batera, Luhansk eta Donetsk probintzietan lur gehiago hartzen ere ahalegintzen ari da. Fronte horietan izan dira borroka gogorrenak azken asteetan.

Maiatzeko lehen hamabostaldian, Kharkiv iparraldean herri batzuk berreskuratu zituzten indar ukrainarrek, eta errusiarrak mugara bultzatu zituzten. Kharkiv ekialdean, berriz, errusiarrek hartu dituzte herri batzuk.

Errusiarrak, halere, Luhansken ari dira egiten ahalegin handiena. Oblast horren %90 inguru kontrolpean dute, eta han okupatu ez duten hiri handi bakarra setiatzen ahalegintzen ari dira maiatz hasieratik: Sievierodonetsk —100.000 biztanle gerra aurretik—. Pixkanaka joan dira hiri hori inguratuz; maiatz hasieran Popasnan sartu ziren, Sievierodonetsk hegoaldean, eta, handik lur gehiago hartu, eta defendatzaile ukrainarrak pusatu dituzte. Azken berrien arabera, asteartean hasi ziren Sievierodonetsk hiri barruan borrokak. Hortxe ari da pilatzen bi aldeen arteko tentsio guztia azken asteetan. Errusiarrek hartuko balute, Luhansk osoa haien esku legoke.

Maiatzaren 20an, bestalde, Mariupol osorik hartu zuten errusiazaleek, Azovstal altzairutegian babes hartu zuten azken soldadu ukrainarrak errenditu eta gero. Zaporizhia probintzian dago hiri hori. Errusiarrek ez dute eskualdeko hiriburua hartu, ezta probintziaren zati asko ere; baina eremu hori eta Kherson probintzia —ia osorik kontrolatzen dute, baina azkeneko asteetan galdu dituzte lur zati batzuk— Moskuren agintepean jartzeko urratsak egiten ari dira: errubloa sartu dute, telekomunikazio zerbitzuak ezarri, administrazioa berregin eta agintariak izendatu... Bertan gelditzeko asmoa du Moskuk, eta, iturri batzuen arabera, lurralde horiek politikoki anexionatzeko ere prestatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.