Barack Obama AEBetako presidenteak zain zituen arratsaldean Ho Chi Minh hiriko (Vietnam) enpresariak, bi herrialdeen arteko merkataritza sustatzeko asmoarekin. Vietnamgo hiririk handiena da Ho Chi Minh, garai bateko Vietnam Hegoaldearen hiriburu kapitalista izan zena —Saigon deitu zen Vietnam bateratu zen arte—. Handik erretiratu zenAEBetako armada, Vietnam Iparraldearen aurka hogei urtez borrokan aritu ostean. Obamak, ordea, gutxi hitz egin du duela berrogei urte bukatutako gatazkaz. Programa txiki baten berri eman zuen, ez besterik: Washingtonek diruz lagunduko du Bien Hoako aire basearen garbiketa, gerran erabilitako herbizida laranjaz kutsatuta baitago oraindik.
Estrategikoki, Washingtonek Ozeano Barera begira jarri ditu begiak. Garrantzitsutzat jo du Obamak Asia, Amerika eta Ozeaniako herrialdeen arteko merkataritza librearen ituna (TPP) sustatzea. Vietnamek joan den otsailean sinatu zuen; AEBetako Kongresuak berrestea falta da. Atzo, beste akordio garrantzitsu bat sinatu zuten AEBetako Boeing Commercial Airplanes hegazkin konpainiak eta Viet Jetek, orotara 10.000 milioi euroko salerosketa gauzatzeko. Goizean, Vietnamgo gizarte zibileko ordezkariekin ere batu zen Obama, eta giza eskubideak izan zituzten hizpide; Human Rights Watchek kazetari baten eta zenbait ekintzaileren atxiloketen berri eman zuenherenegun. Obamak, ordea, saihestu egin zuen salaketa zuzena egitea, eta nabarmendu zuen lankidetza ekonomikoak lagundu diezaiokeela Hanoiko gobernuari giza eskubideen alorrean aurrerapausoak ematen.
Ehunka uharte eta atoloi
Obamak neurri garrantzitsu bat aurreratu zuen herenegun: «Vietnami ekipamendu militarra saltzeko debekua bertan behera geldituko da». Erabakiak mugarri bat ezarriko du Ozeano Barean —1984. urteaz geroztik zegoen indarrean bahimendua—, Vietnam duela gutxira arte «etsai komunistatzat» izan baitu Washingtonek. Urrutirago joan nahian,AEBetako presidenteak nahia azaldu du bi herrialdeen artean «lankidetza militar sakon» bat garatzeko; helburu horren aurreneko pausoa 2014an eman zuen Etxe Zuriak, indarrik gabe utzi baitzituen itsasoko defentsari lotutako bahimenduaren hainbat artikulu. Neurriak zuzenean eragingo die Vietnamgo eta Txinako gobernuek Paracel eta Spratlyko uharteen burujabetzaren inguruan dituzten tirabirei.
Ehunka uharte eta atoloi daude Txina Hegoaldeko itsasoan, eta haien burujabetza aldarrikatzen dute Txinak, Vietnamek, Filipinak, Malaysiak, Taiwanek, Indonesiak eta Bruneik. Obamak irtenbide baketsua exijitu zien gatazkan nahasita dauden herrialdeei, eta «nabigazio askerako duten eskubidea» babestu zuen. Obamak ukatu egin zuenVietnamen bahimendua bertan behera uzteko neurriak loturarik duenik inguru horretako gatazkarekin, baina mezu bat igorri zion Pekini: «Nazio handiek ez lituzkete ikaratu behar nazio txikiak».
Pekinek, ordea, Txina Hegoaldeko itsasoa «militarizatzea» egozten dio Washingtoni, haren ustetan, Txinaren parte den lurraldera hegazkinak eta itsasontziak bidaltzeagatik. Etxe Zuriak, berriz, salatu du Txinak eraikin militarrak jartzen dituela beste herrialde batzuekin gatazkak dituen uharteetan eta atoloietan. Pekinek Txina Hegoaldeko itsasoaren eremu handiena eskatzen du beretzat, eta handik igarotzen da munduko itsas trafiko osoaren heren bat. Txinak inguruan duen eragina zabaldu nahi duen neurrian, AEBek beren interes ekonomiko-politikoak babestu nahi dituzte.
Etsaia, aliatu bihurtua
Vietnamekin akordio ekonomikoak sinatzeko baliatu du Obamak bidaia. Bahimendua kenduta itsas gatazka «militarizatzea» egotzi dio Pekinek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu