Galiziako bozak. Ana Ponton. BNGren bozeramaile nazionala

«Etorkizunerako herrialde proiektu bat izatea gailendu da»

Pontonen iritziz, iragan igandeko bozetan Galiziak «herri gisa agertu nahi izan du, BNGren proiektuaren inguruan bilduta». Agintariak uste du blokeak gidaturiko gobernu bat lortuko dutela 2024tik aurrera.

KIKO DELGADO / EFE.
Maria Obelleiro.
Santiago
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun

Ana Ponton (Sarria, Galizia, 1977) du buruzagi oraintxe BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak, Galiziako Parlamentuan hemeretzi eserleku lortu berritan —lehen, sei zituen—. Oposizioko buruzagi bihurtzen dute emaitzek. «Oraintxe bertan, niri dagokit horri aurpegia ematea, baina beste edozein kideri ere egokitu zekiokeen; zorionez, itzelezko harrobi bat dugu nazionalismoan, eta horrek ematen digu indarra eta sendotasuna», dio Pontonek, ezagun duen apaltasunez. Galiziako Nos Diario-k egin dio elkarrizketa, eta BERRIAk harekin eta Kataluniako Vilaweb egunkariarekin duen elkarlanari esker argitaratu du.

BNGren emaitzak izan ziren hauteskunde gaueko ezusteko nagusia. Horietan, zer da nabarmentzekoa?

Kanpaina honetan ikusi denez, Galiziak bere dinamika du; Galiziak herri gisa agertu nahi izan du, gogoberotasun handiz agertu ere, BNGren proiektuaren inguruan bilduta. Kontua ez da PP joanaraztea soilik, baizik eta proiektu alternatibo bat edukitzea, eta, gaur, proiektu hori sendoagoa da. Konbentzituta nago azkenean lortuko dugula BNGk gidaturiko gobernu bat izatea Galizian 2024rako.

Zer dela-eta botoen gorakada hori?

Hamar urtean gogor lan egin izanari zor zaio. Lau urte hauetan, BNG berritzeko konpromisoa hartu dugu, eta bere fruituak ematen ari da. Nire ustez, zera gailendu da: koherentzia eta printzipio batzuk izatea, eta, batez ere, herrialde proiektu bat etorkizunerako, hori ere ezinbestekoa baita.

Egia da oraindik badugula bete gabeko helburu bat: gobernu alternatibo bat abiarazi ahal izatea; baina, egun hauetan, gauza batek harritu nau gehienbat, jendea gogoberotasun handiz hurbildu zaigula, eta esan «2024an hantxe izango gara».

Berrikuntza aipatu duzu. Emakume lemazain askoko BNG bat, gizartean nabari den ziklo aldaketa handi horren barruan.?

Uste dut feminismo olde berri bat izaten ari garela mende honetan, emakume askoren irrikak akuilatua, jada ez baitute onartzen oraindik ere diskriminatu egiten gaituen gizarte batean bizi izatea, indarkeria sexistaren pean, eta uste baitute jauzi handi bat egin behar dugula berdintasunerantz. Eta Galizian, politikan, nazionalismoak bideratzen du mugitzeko nahi hori.

Hauteskundeotan, emakume askok BNGri eman zioten botoa, amets bat betetzeko asmoz: Galizian, lehenbizikoz, emakume bat eduki ahal izatea presidente.

Hauteskunde emaitzei buruzko zenbait analisi entzunda, badirudi Galizia ez dela existitzen politikoki. Herrialdearen beraren dinamika endogeno baten ondorio al dira emaitza horiek?

Ikusi dugu Galiziako hauteskundeetan oso bestelakoa dela dinamika. Hain zuzen ere, nire ustez, herrialdea giltzarri hartuta eman zen botoa eta eztabaidatu zen, erabat; Galiziako bertako errealitatean oinarriturik, zeharo. Gero eta galiziar gehiagok uste dute beren proiektu bat behar dutela, geuregan zentratua, eta geure herrialde honen interesak babesteko helburua duena.

Bestalde, badago erreakzio moduko bat ere hamarkada honetan gauzatu den zentralismo horren aldean. Olde nazionalista berri bat izaten ari gara, ikaragarri haziko dena. Aurrerantzean ere lanean segitu behar dugu, argi eta garbi uztearren nazionalismoak baino ez duela alternatiba sozial bat babesten eta arreta jendearen arazoetan jartzen.

Galiziaren dinamika horren erakusgarri al dira PP Galizia, Galizia, Galizia kanpainatik erretiratzea eta ez Voxek, ez Ciudadanosek eta ez Podemosek ez lortzea ordezkaritzarik parlamentuan?

Argi dago: Galizia nazio bat da, eta horrek bere pisua dauka dinamika politikoan. PPk, Galizian, berezitasun batzuk ezartzen ditu, Espainiako Estatutik bereiztearren; taktika kontu bat da. Baina, ondorio praktikoei begiratuz gero, [Alberto Nuñez] Feijook [Pablo] Casadok ordezkatzen duen horixe bera ordezkatzen du. Han, badugu erronka bat: desegitea galiziar batzuen iruditeria, zeinak sinetsarazi baitie PPk Galiziaren interesak babesten dituela.

Niretzat, berrikuntzarik handiena zera da, lehenbizikoz eten egin zela joera bat zirudiena: bai baitzirudien PSOE estatuan sendo bazebilen horrek ahuldu egingo zuela nazionalismoaren egitekoa. Eta erakutsi genuen baietz, posible dela proiektu bat izatea norberarena, eta joera hori etetea. Horrek lan ildo handi bat urratzen du etorkizunera begira.

BNGren emaitza horiek 1997koekin konparatu dira; orduan, hamazortzi eserleku irabazi zituen, baina artean ez zegoen ia lehiarik ezkerrean, orduko felipismo haren PSOE aintzat harturik. Horrez gainera, esan berri duzunez, PSOEk gobernatzen du estatua, eta PSOEk zuzentzen ditu lau probintzia kontseiluetatik hiru eta zazpi hirietatik bost.?

Balio handiagoa du, hain zuzen ere, BNGk bere proiektu bat izatea, beste batzuei gaizki joatearen mende ez dagoena. Guk badugu babes soziala, mezuekin asmatuz gero eta ondo jardunez gero. Hamarkada hauetako errekorrak gainditzea izan behar dugu xede, sinetsirik BNG gehiengoarentzako proiektu bat dela. Gauden testuinguru honetan, jende asko dago prest benetan gogobetetzen duen proiektu bat babesteko, herrialde honetan zentratutako proiektu bat, egoitza Madrilen ez duena.

Eta bada emaitza hori sendotzen duen beste zerbait ere: Galizian espazio handia dago nazionalismoarentzat. Horrek guztiak gogoeta eginarazi beharko liguke, alegia, erantzukizun handia dugula oraintxe bertan; batik bat, gure oinarri soziala hedatzeari begira, aukera handiak ikusten baititut.

Mobilizazioak egin zituzten tokietan —esaterako, Verin eta A Marina eskualdeetan, bai eta O Groven ere—, PPren beherakada esanguratsua sumatzen da.

Adibide argiak dira, eta erakusten dute mobilizazioak gai direla desegite politika geldiarazteko. Lau urte izango ditugu, eta mobilizazioa giltzarria izango da krisi ekonomikoarentzat. Mugimendu sozial handi bat antolatu beharko dugu, 2024ko aldaketa politikorako oinarrizkoa izango dena.

Zein izango dira BNGren lehentasun nagusiak, osasunaren eta gizarte laguntzaren alorrean?

Osasun sistema publikoa sendotu behar dugu. COVID-19ak erakutsi berri digu osasun publikorik gabe itzelezkoa izan daitekeela hondamendia.

Lehenik eta behin, lehen arreta sendotu behar dugu; pribatizaziotik babestu behar dugu, eta dagokien balioa eman behar diegu zeinen garrantzitsuak diren erakutsi diguten profesional horiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.