Etorkizuna, zerrenda baten menpe

Indiako Assam estatuko biztanleek herritartasuna frogatzeko azken eguna dute gaur. Ehunka mila herritarrek arriskua dute eskubideak galtzeko edo herrialdetik kanporatuak izateko

Etorkizuna, zerrenda baten menpe.
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Ustezko legez kanpoko etorkinen aurkako kanpaina batek milioika lagun herritartasunik gabe utzi ditzake Indian. Assam estatuko biztanleei gaur arteko epea ezarri diete jatorria frogatzeko. Azken lau urteetan, Indiako Gobernuak 35,5 milioi pertsona herritartasun proba egitera behartu ditu. 1971 baino lehenagotik indiarrak direla edo euren arbasoak herrialdekoak zirela ziurtatu behar dute dokumentazio bidez. Bangladesh Pakistandik banandu zen urte horretan, eta milioika bangladeshtar errefuxiatu ziren Assamen. Herritartasuna ezeztatuz gero, ondorio gogorrak jasan litzakete: herrialdetik kanporatuak izan, atxilotuak izan, edo Indiako herritar gisa eskubide guztiak galdu.

Hala ere, inork ez daki zer gertatuko den Herritarren Erregistro Nazionala (NRC) zerrendatik kanpo gelditzen direnekin. Iaz eginiko behin-behineko zerrenda batean 4,1 milioi pertsona baztertu zituzten. Gobernuak adierazi du lau hilabetetako epe bat utziko duela zerrendan ez daudenek helegiteak jartzeko.

Indiako herritartasuna frogatzeko zailtasuna dutenen artean, bengali etniakoak dira gehienak. Bengaliak musulmanak dira nagusiki, eta, mugaren bestaldean, Bangladeshen, etnia nagusia dira; baina beste askok hainbat belaunaldi daramatzate Indian. Bengalia Indiako hirugarren hizkuntza nagusia da, hindiaren eta ingelesaren ondoren.

Assamgo pertsona asko bidegabe atxilotuko dituzte, Ajoy Rai ekintzaileak Reuters agentziari duela aste batzuk adierazi zionez: «Gehienek ez dakite ez idazten, ez irakurtzen; dokumentuek zer esan nahi duten ere ez dute ulertzen. Gainera, uholdeak eta suteak izaten direnean, jendeak bere dokumentuak galdu ohi ditu, eta Indiako estatu txiroenetako bat da Assam».

Indiako ipar-ekialdean dagoen estatua da Assam. Assamera da gehienek hitz egiten duten hizkuntza (%48). Ondoren, bengalera (%29), hindia (%7), eta bestelako ehunka hizkuntza mintzatzen dira. Assamek muga du Bangladeshekin, eta migrazio aldi asko izan ditu.

Indiaren eta Pakistanen independentziaren ondoren (1947), Bangladeshtik Assamera iritsi zen etorkin kopuru handiaren ondorioz, 1951n Herritarren Erregistro Nazionala sortu zuten. Horrelako zerrenda bat duen estatu bakarra da Indian. Geroztik, gaur eguneratuko dute lehen aldiz.

Narendra Modi lehen ministro eskuindarraren BJP Aliantza Nazional Demokratikoa alderdiak irabazi zituen Indiako hauteskunde orokorrak, gehiengo absolutua lortuta, joan den maiatzean. Alderdi ultranazionalista hindua da BJP, eta etorkinen aurkako erretorika gero eta gogorragoa sustatu du. Hain zuzen, gobernuak esan du Assamgo prozesua beste estatu batera hedatzea aztertzen ari dela: Mendebaldeko Bengalara. Harsh Mander giza eskubideen aldeko ekintzaileak The Washington Post egunkariari adierazi dio «musulmanei erasotzeko tresna» bilakatu dela. Joan den apirilean, Amit Shah Barne ministroak «termita» gisa deskribatu zituen Bangladeshko etorkinak.

Assamen, Atzerritarren auzitegi izenez ezagun direnak arduratzen dira migrazio auziez. Gobernuak mila auzitegi gehiago sortu ditu zerrenda argitaratu aurretik. Baina atzerritarren auzitegien sistema txiroen eta bengalera hiztunen aurka ezarrita dagoela salatu dute giza eskubideen aktibistek eta abokatuek. Azken urteetan atzerritarren auzitegietan bengali asko atzerritartzat jo dituzte izenengatik. 245.000 kasu inguru erabakitzeko daude auzitegietan.

Bangladeshek, berriz, argi utzi du ez dituela hartuko Assamgo zerrendatik kanpo geldituko direnak. «75 urtez edo gehiagoz Indian egon diren pertsonak indiarrak dira, eta ez gureak», azaldu zuen A.K. Abdul Momen Bangladeshko Atzerri ministroak uztailean telebistan egin zioten elkarrizketa batean.

Atxiloketa zentroak beteta daude, eta Bangladeshek ez baditu hartzen Assamgo agintariek atzerritar gisa identifikatutakoak, ehunka mila herritarrek eskubideak galduko dituzte. Herritarren erregistroan ez egoteak laguntza publikoak, boto eskubidea eta osasun publikorako eta hezkuntzarako sarbidea galtzea ekarriko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.