Etorkin izateagatik baldintzatuta

Atzerritarren Legea indargabetzeko eskatu diote Madrili hainbat eragilek. Salatu dute etorkinak «klandestinitatean» bizitzera behartzen dituela eta ez diela laguntzen gizarteratze prozesuan.

Migratzaileen eskubideen aldeko manifestazioa egin zuten atzo iluntzean Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Mediterraneo itsasoa Atzerritarren Bulegoaren aurrean: hilkutxa bat, larrialdietan erabiltzen diren manta isotermikoez inguratuta, eta aurten Mediterraneoan zazpiehun pertsona baino gehiago hil direla gogora dakarren oharra; alboan, burdin hesi bat, poliziek zainduta, Europako mugen itxiera berresten; eta, gero, gizon gorbatadun zuri bat, mahai baten atzean, paperik gabeak kanporatzen. «Atzerritarren Legeak eragiten du hori, eta horregatik ari gara eskatzen indargabetu dezatela».

Migratzaileen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta kalera atera ziren etorkinen eskubideen alde aritzen diren kolektiboak. OEE Ongietorri Errefuxiatuak plataformak migratzaileen errealitatearen zati batzuk eraman zituen Bilboko kaleetara, eguerdian Espainiako Gobernuaren Atzerritarren Bulegoaren aurrean eginiko protestan. Arratsaldean, berriz, manifestazioa egin zuen, CEAR, SOS Arrazakeria, Amnesty International eta Harresiak Apurtuz taldeekin batera, eta leku berean amaitu zuten. Izan ere, Atzerritarren Legearen aurkako mezu argia helarazi nahi zuten Madrilera.

«Legeak sufrimendu handia eragiten die etorkinei», adierazi du Luisa Menendez OEEko kideak. «Hona heltzen direnean, ez die laguntzen gizarteratzen, ezta bizitza duina eraikitzen ere. Denerako dokumentuak behar dituen gizarte batean, paperik ez dutenak ez dira inor». Arauak berdintasunerako eskubidea urratzen duela gaineratu du SOS Arrazakeriako ordezkari Elena Bezanillak: «Denok ez dauzkagu eskubide berdinak».

Atzerritarren Legearen ondorioz, etorkin izateak haien bizitza baldintzatzen duela azaldu du. Hasteko, «klandestinitatean» bizitzera behartzen dituelako: «Paperak lortzeko, demostratu behar dute hiru urte egin dituztela estatuan erroldatuta, eta hiru urte horietan ezin dute lanik egin. Epe hori pasatuta, lan kontratu bat aurkeztu behar dute, baldintza jakin batzuekin. Ez da batere erraza: bada jende bat hemen zortzi, hamar edo hamabost urte egin dituena paperik gabe; ekonomia ezkutuan aritzera kondenatzen ditu egoera horrek».

Damoklesen ezpata gainean jartzen diela uste du Bezanillak: «Irregulartasunak bizimodu latza dakar: beti beldurrez, ezkutuan...». Bat dator Menendez: «Migratzaile askok leku jakin batzuk saihesten dituzte, badakitelako azal kolore desberdina izateagatik atxilo ditzaketela; baina haiek ere bidaiatzeko eta migratzeko eskubidea dute». Ildo berean mintzatu ziren Etorkinekin kolektiboko kideak Baionan: migrazio politikak gogortzen ari direla salatu zuten atzo: «Gero eta neurri gehiago hartzen ari dira askatasunaren kontra».

AI Amnesty Internationalen ustez, «giza eskubideen estandarretara egokitu» behar da atzerritarrekin lotutako araudia. «Estatuek eskubidea dute beren mugak zeharkatzen dituzten pertsonak kontrolatzeko, baina, aldi berean, giza eskubideen inguruko nazioarteko hitzarmenak bete behar dituzte, legeak balira bezala», esplikatu du Jesus Alvarez AIko bozeramaileak. Izan ere, «urraketa larriak» antzeman dituzte: «Asilo eskatzaileak jaioterrira itzularazten ari dira, beren egoeraren berri emateko astirik ere gabe. Baina ezin da inor jaioterrira itzularazi han bere eskubideak urratuak izateko arrisku larrian badago».

Menendezek harrerarako baliabideak eskatu dizkie erakunde publikoei, baina erantsi du migratzaileekiko auzia ez dagokiela soilik instituzioei: «Gizarte osoak eta pertsona guztiek egin behar dute lan: mundu duina eraiki behar dugu, eta gizarte inklusiboetan bizitzen ikasi». Ados dago Alvarez: «Etorkinekin lotutako mito faltsu asko dabil —lana kentzen digutela, gizarte zerbitzuak kolapsatzen dituztela...—, baina gu guztiok bihur gaitezke zurrumurru horien aurkako eragile».

LABek, konpromisoak

Atzerritarren Legearen aurkako mezuarekin bat egin du LAB sindikatuak, eta neurri sorta bat aurkeztu du, sindikalismoa ere izan dadin «migranteek euskal gizartearekin izan beharreko elkarkidetza prozesuaren parte». Datozen urteei begira, konpromiso batzuk hartu ditu LABek, besteak beste, Lan HarremanetarakoEuskal Esparruaren eraikuntzanmigratzaileen inklusioa txertatzeko, emakume etorkinak ahalduntzeko, harrera sistema integral bat artikulatzeko pausoak emateko, eta diskriminazioak eta gehiegikeriak desagerrarazteko politika publikoak eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.