ADDIS ABEBA. Etiopiako Gobernuak atzo adierazi zuen Tigray eskualdearen %70aren gaineko kontrola eskuratu duela. Redwan Hussein Etiopiako Gobernuko Atzerri ministrordearen arabera, lurraldearen eremu hori kontrolatzearen ondorioz, laguntza humanitarioak «inoiz baino jario handiagoa du» Tigrayn. «Janariz betetako 35 kamioi eta sendagaiz hornitutako beste hiru» heldu dira jada Tigray iparraldeko Shire hirira, Atzerri ministrordearen esanetan.
Husseinek ez zuen azaldu, ordea, kamioi horiek Etiopiako Gobernuak edo gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) bidalitakoak ote diren. Dena den, Tigrayn lanean ari diren zenbait GKEk ohartarazi dute abuztuaren 24tik eskualdera ezin izan dela iritsi laguntza humanitarioko kamioirik. Hegaldiak onartu dituztela eta zerbitzu publikoak berriro martxan jartzen hasi direla ere esan zuen Husseinek.
Etiopiako Gobernuak eta TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Fronteak su etena «formalki» adostu eta gutxira adierazi du Etiopiak Tigrayren %70aren gaineko kontrola eskuratu duela. Urriaren 25ean hasi zituzten bake negoziazioak, eta hil honen hasieran eman zuen AB Afrikako Batasunak meniaren berri. «Armagabetze sistematikoa, ordenatua eta antolatua» egingo dute bi aldeek, eta akordioak «bide emango» dioTigrayri eskualdean hornidura humanitarioa berrezartzeko eta zibilak babesteko. Gerraren eraginez, milaka lagun hil dira, eta 600.000 inguru desplazatu.
Etiopiak adierazi du Tigrayren %70 kontrolpean duela
Etiopiako Gobernuak adierazi du laguntza humanitarioa heldu dela Tigrayra, baina GKEek ezeztatu egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu