Katalunia. Erreferendumaren ondorena. Vicent Sanchis. TV3eko zuzendaria

«Etiketak fabrikatzen dira, esku hartze bat justifikatzeko»

Erreferendum aurretik hasi ziren zurrumurruak Madrilek Kataluniako hedabide publikoetan esku hartzeko aukeraz. Manipulazio akusazioen aurrean, TV3en lana defendatu du Sanchisek.

ELOI CODINA.
jon olano
Bartzelona
2017ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Carmen Calvo PSOEko ministro ohiak ziurtzat jo zuen atzo: Espainiako Gobernuak, konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko neurrien artean, Kataluniako irrati eta telebista publikoen kontrola hartuko du. Gertatuko denaz ez du espekulatu nahi Vicent Sanchisek (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1961), baina nabarmendu du herritar askoren konfiantza duela hedabideak.

TV3en esku hartzeko zurrumurruak bazeuden urriaren 1aren aurreko astetik. Ezustean harrapatu zaituzte Madrilen asmoek?

Bai, antza, oso kezkatuta daude gurekin, oso garrantzitsuak izango gara. Pozik egon behar dugu, ezer ez bagina, ez genituzkeelako kezkatuta.

Zer eragingo luke TV3en esku hartzeak?

Ez dugu ideiarik ere. Orain arte, adierazpenak baino ez daude, umeen doktrinamenduaz kezkatuta dauden sektore batzuen exijentziak... Kontua da badaudela ahotsak PPrekin ez datozenak bat Espainiak eta Kataluniak izan behar dutenaren inguruan, eta etiketak fabrikatzen dira horientzat. Etiketa horiek diote batek egiten duena izugarria dela, ondoren esku hartze bat justifikatzeko. Hori estrategia bat da, hori da doktrina, baina ez dago ezer argi. Ez dakit zer gertatuko den, eta bihar [gaur] ministroen kontseilu bat egongo denez azaltzeko zeintzuk izango diren Kataluniako autonomian esku hartzearen gidalerroak, lasai-lasai itxarongo dugu.

TV3 jomugan jartzea ez da asteotako kontua.

Posible da. Datu pare bati erreparatuz gero, ikusten da ezetz, egozten diguten manipulazioa ez dela hala. Katalunian egiten diren inkestetan ikusten da TV3 oso ongi funtzionatzen duen telebista dela, prestigioa eta sinesgarritasuna duelako; jendeari galdetzen diozunean zein den bere erreferentziazko hedabidea, batez ere albistegietan, portzentaje oso handiak dio TV3 dela. Audientziak ere hala frogatzen du. Ez da soilik inkesta kontu bat; errealitate bat da audientziarekin hitz egitean. Adibidez, independentzia deklaratu behar zen egunean, TV3ek %28ko audientzia izan zuen, eta Generalitateko presidenteak hitz egin zuenean, telebistari begira zeudenen %80 ari ziren diskurtsoa entzuten. Ba horietatik erdiak baino gehiago TV3 edo 324 ikusten ari ziren. Zifra horiek horrelakoak izaten dira ezohiko egoeretan edo konfiantza oso-oso sakona duzunean, astakeria bat delako. Hori da sinesgarritasuna.

Kataluniako Hedabideen Kontseiluak txosten batean argitaratu du urriaren 1eko erreferendumari buruzko tratamenduan TV3ek eskaini zuela ikuspegi aniztasun zabalena.

Berdin du nork dioen. AI Amnesty Internationalek esanda ere, esango dute kontseilu hori manipulatuta dagoela. Herrialde honetan kuriosoa da dena dagoela gehiengoek manipulatuta. Edozein kasutan, aurreiritzi bat baduzu eta aurreiritzi horrek ahalbidetzen badizu ondoren ekintza bat justifikatzea, errazena da esatea errealitatea ez dela garrantzitsua, inportantea zuk diozuna dela.

Hedabide publikoen gaineko kontrola hartzen badu Espainiako Gobernuak, zein izan daiteke erantzuna, adibidez, langileen aldetik?

Oso zuhurra izan nahi dut. Batetik, ez dudanez egintzat ematen, ez dut aurreratu nahi. Bestetik, badakit herri honetako audientziaren parte handi batek TV3 bizi duela kontu propio bat balitz bezala. Etxe honen lelo bat da TV3, zurea, eta jende askok uste du TV3 bere telebista dela. Ez posizio sektario batetik, soilik jende askok konfiantza duelako TV3en. Esku hartzea gertatzen bada, modu batera edo bestera erreakzionatuko dute. Ez da edozein telebista, ez da edozein irrati, eta horri buruzko erabaki bat hartu behar duenak kontuan hartu beharko luke jendeak zer pentsatzen duen.

155. artikulua ezartzeko, «ordena konstituzionala berrezartzeaz» hitz egin du gobernuak. Hedabideak kontrolatzea sar daiteke ordena konstituzionalean?

Jakin nahiko nuke zer den zehazki ordena konstituzionala berrezartzea, konstituzioak interpretazio asko dituelako, eta ordenak ere bai. Ez dakit zein den Rajoyren interpretazioa, ikusiko dugu egunotan, baina kezkatzen nau, normalean horrelako hitzen atzetik ez datozelako ekintza onak.

RAC1 irratian zenioen «justifikatzen zaila» izango litzatekeela hedabideetan esku hartzea.

Katalunia barnean eta kanpoan prestigio handia duen hedabide publiko bat da TV3, eta oso zaila da jendearen aurrean hedabide publiko baten aurkako eraso bat zuritzea. Ikusiko dugu, egiten badute, nola egiten duten. Berriz diot: TV3ek beste batzuek berentzat nahiko luketen pluraltasunez, zintzotasunez egiten du lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.