Estu hartu dute IPCC, klimari buruzko ondorioak alda ditzan

BBCk zabaldutako filtrazioaren arabera, Saudi Arabia, Australia eta Japonia leudeke, besteak beste, esku hartzeen atzean. Helburua litzateke erregai fosilak alde batera uzteko presioa indargabetzea

Ikatz errekuntza bidezko instalazio termiko bat, Mazedoniako Bitola hirian. GEORGI LICOVSKI / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Klima larrialdia lehentasunezko gai bilakatzen ari da nazioarteko agendan, eta horrek nabarmen handitu du agintarien gaineko presioa. NBE Nazio Batuen Erakundeak antolatuta, COP26 goi bilera garrantzitsua hasiko dute bi aste barru Glasgown (Eskozia), eta estatuek klima larrialdiaren aurkako beste urrats bat adosteko erronka izango dute aurrez aurre, besteak beste, erregai fosilen erabilera ahalik eta azkarrena etetea. Jendaurrean guztiak etorri dira bat neurriarekin, baina ateak itxita jarrera bestelakoa izan da. Erresuma Batuko BBC hedabideak zabaldu duenez, hainbat estatu eta enpresa handi presio egiten ari zaizkie NBEko adituei, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko kideei, datorren urtean argitaratzekoa duten seigarren ebaluazio txostenean aldaketak egin eta neurrien premiazkotasunari pisua ken diezaioten.

Mundu osoko gobernu, konpainia eta bestelako interesdun taldeek egindako 32.000 iruzkin jasotzen dituzte dokumentuek. Greenpeace erakunde ekologistak utzi ditu BBCren esku, eta hark filtrazioaren berri eman zuen, atzo. Hedabidearen arabera, iruzkin gehienak azken txostena hobetzeko ekarpen «eraikitzaileak» dira, baina beste batzuek agerian utzi dituzte «presioak», IPCCk txostenean klima aldaketaren egoerari buruzko larritasun maila apaldu dezan.

Galde horietako zenbait erregai fosilen ingurukoak dira. Filtrazioak azaleratu duenez, hainbat herrialdek argudiatu dute erregai horien erabilera murriztea ez dela txostenaren zirriborroak jasotzen duen bezain presazkoa. Estatu horien artean leudeke Australia, Japonia, India eta Saudi Arabia, esaterako. Ikatz ekoizle edota erabiltzaile handiak diren herrialde horiek eta beste zenbaitek —Txinak, Argentinak eta Norvegiak— erregai fosilen karbono isuriak biltegiratzeko teknologien aldeko apustua defendatu dute, IPCCko zientzialarien irizpideen kontra. Aditu taldearen zirriborroak jasotzen duenez, karbonoa biltegiratzeko teknologiek «egiteko bat izan dezakete etorkizunean», baina ez dira apustu «fidagarria» Lurraren berotzea 1,5 edo 2 gradutik behera mantentzeko.

Beste herrialde batzuek bestelako arrazoi batzuk izan dituzte txostenean jasotako ebidentzien aurka egiteko. Argentinak eta Brasilek, adibidez, ukatu egin dute haragi kontsumoaren eta berotegi gasen arteko harreman zuzena. Bi herrialde horiek dira munduko behi haragi eta pentsu ekoizlerik handienak.

Europa ekialdeko herrialde batzuek, berriz, energia nuklearrak egin dezakeen ekarpenarekiko ikuspegi baikorragoa eskatu dute. Txekiaren, Poloniaren eta Eslovakiaren iritziz, NBEk ezarritako helburu gehienak betetzeko erabilgarri izan daiteke. Txostenak, berriz, 17 puntuetatik bakarra lortzeko jo du erabilgarritzat.

Filtrazioa ezagutarazi ostean, IPCCk ez du kezkarik agertu aditu taldeek jaso dituzten iruzkinengatik. Are gehiago, estatuen oharrak txostena ontzeko «gakoak» dira, haren iritziz, «berrikuspen prozesua txostenaren indar eta sinesgarritasun iturri garrantzitsua» den heinean. Nabarmendu duenez, adituek ez dute inolako beharrik iruzkin horiek azken txostenean jasotzeko.

IPCCk hiru ataletan argitaratuko du ebaluazio txostena. Lehena, klimaren baldintza fisikoei dagokiena abuztuan argitaratu zuen, eta bigarrena eta hirugarrena, klima aldaketaren ondorioei eta horiei aurre egiteko neurriei buruzkoak, 2022ko otsailean eta martxoan argitaratzea espero da. Azken bi horietako zirriborroen eduki batzuk ezagun egin dira COP26ko bileraren aurretik, horiek ere filtrazio bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.