Estrasburgok zigortu egin du Errusia, Beslango sarraskia eragotz zezakeelakoan

Auzitegiak ebatzi du gobernuak «hutsegite larriak» egin zituela. Txetxeniar talde batek eskola batean gatibuak hartu eta 330 pertsona hil zituen 2004an

Soldaduak, Beslango eskolan gatibu hartutako bati laguntzen, 2004ko irailaren 3an. EFE.
Adrian Garcia.
2017ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hiru egunez, arreta gune nagusia izan zen Beslango eskola 2004an, Errusiako Ipar Osetia errepublikan, Kaukaso gatazkatsuan. 1.000 pertsona baino gehiago gatibu hartu zituzten 30 bat borrokalari txetxeniarrek, Txetxeniako bigarren gerra bete-betean zela. Hiru egunez gotortu ziren eskolan, baina negoziazioek huts egin zuten, eta segurtasun indarrak sartu egin ziren. Lekukoek kontatu zutenez, erasoaldia anabasa izan zen —zibilek ere parte hartu zuten, armak eskuan—. Hamahiru urte igaro dira ordutik, baina oraindik zauriak orbandu gabe daude, nahiz eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak sarraskiari buruzko epaia argitaratu: Errusia kondenatu du, sarraskia eragotz zezakeelakoan, eta operazioan «hutsegite larriak» egiteagatik. Moskuk helegitea jarriko du. 330 pertsona hil zituzten erasoan; horietako 184 haurrak ziren. Bat ez beste erasotzaile guztiak hil zituzten segurtasun indarrek.

Estrasburgoko auzitegiak gogor jo du Errusia, ebatzi baitu ez zuela biktimen «bizitzeko eskubidea» babestu. Epaiaren arabera, Errusiak ez zuen nahikoa egin erasoa ekiditeko. Izan ere, segurtasun indarrak jakinaren gainean zeuden ikasturte hasierari lotutako eraso bat prestatzen ari zirela, baina ez zituzten badaezpadako neurriak hartu. «Inguruan eraso terrorista bat prestatzen ari zirenari buruzko informazio nahikoa eta zehatza zuten agintariek», esan du epaiak. Segurtasuna ez indartzeaz gainera, ikastetxeei eta gurasoei ez zieten mehatxuaren berri eman.

Halaber, sarraskia ikertzeko orduan gabezia nabarmenak aurkitu ditu Estrasburgok: ez ziren «azterketa egokiak» egin biktimak nola hil ziren jakiteko. Epaiaren arabera, biktimen heren bati ez zioten autopsia osorik egin, eta, horrenbestez, ez zen argitu zein izan zen heriotzaren arrazoi zehatza.

Kalte-ordainak biktimei

Indarraren erabilerari buruzko zalantzak ere baditu auzitegiak. Uste du egoera horretan indarra erabiltzea «justifikatuta» dagoela, baina ebatzi du ez zela beharrezkoa «bereizi gabe lehergailuak era masiboan erabiltzea».

Denera ia hiru milioi euro ordaindu beharko dizkie Moskuk salaketa jarri zuten 409 pertsonari —biktimen senideak eta gatibu hartutakoak dira—.

Errusiako Gobernuak ez du ongi hartu epaia, eta helegitea jarriko du. «Eraso terrorista asko sufritzen dituen herrialde batentzat onartezina da», esan du Errusiako Gobernuko bozeramaileak, Dmitri Peskovek. Halere, balorazio juridiko bat egiteko epaia hobeto aztertu behar delakoan dago.

Errusia Europako Giza Eskubideen Auzitegiko kide da, beste 46 kiderekin batera. EB Europako Batasunetik kanpo dago auzitegia. Kide diren herrialdeak behartuak daude epaiei men egitera, baina auzitegiak ez du horiek betearazteko botererik.

Bi urte lehenago, 2002an, antzeko krisi bat sufritu zuen Kremlinek. Txetxeniar talde batek 800 pertsona inguru gatibu hartu zituen Moskuko antzokian, Errusiako armada Txetxeniatik ateratzeko eskatzeko. Orduan ere indar bereziek ezin izan zuten odolustea eragotzi: 130 gatibu hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.