Estrasburgok Mendebaldeko Saharako indarkeria gaitzetsi du inor erantzule egin gabe

Ebazpena «garaipen bat da» Polisarioarentzat; Marokorentzat, berriz, «injustua, partziala eta presazkoa» da testua

Kristina Berasain Tristan.
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuak, espero zitekeen bezala, sostengua eman zion atzo talde parlamentarioek bezperan adostutako dokumentuari. Agdaim Iziken eta Aaiunen azken asteotan izandako indarkeria «gogor gaitzetsi» dute eurodiputatuek, baina ebazpenean ez dute aipatzen indarkeria horren erantzulea. Estrasburgok biziak galdu izana eta prentsa askatasuna urratu izana «deitoratu» du, eta gertatutakoa argitze aldera «nazioarteko ikerketa independentea» egiteko eskatu ere -Marokori egin diote eskaera-; NBE Nazio Batuen Erakundea litzateke «gertaerak, hilketak eta desagertzeak» ikertzeko «esparru egokiena».

Mendebaldeko Sahararen egoera «gaiztotzen» ari delako «kezka» ere agertu du Parlamentuak. Aldeei, berriz, «lasaitasunari eusteko» deia egin die. NBEko misioari, bide batez, giza eskubideak babesteko eta urraketak ikuskatzeko mekanismoak ezartzeko eskatu dio.

Eurodiputatuek eskuak altxatuta egin zuten bozketa, eta ia aho bateko babesa izan zuen testuak. Erreakzioak berehalakoak eta askotarikoak izan ziren. Fronte Polisarioarentzat ebazpena «garaipen handia» izan da «justiziarentzat, bakearentzat eta giza eskubideentzat». Mohamed Beissat Polisarioaren Europarako ordezkariak uste du honez gero zigorgabetasuna ez dela onartzen den errealitate bat, eta horretaz ohartzeko eskatu dio Marokori.

Marokoren presioak

Beste aldearen erantzuna ebazpenak eragin dion amorruaren adierazle izan da. Jalid Naciri Marokoko Gobernuko eledunak aitortu du «begirada bareagoa» espero zutela eta «tristuraz eta saminez» hartu dutela ebazpena, «partziala, injustua eta presazkoa» delako. Marokok auziaren inguruko eztabaida abendura arte atzeratzeko presioa egin du azken egunotan, eta horregatik iritzi diote «presazkoa». Naciri, bada, kritika soiletatik haratago joan da. Haren hitzetan, badira «belagile ikastunak» uste izan dutenak Maroko «belauniko jarrita» irabazle aterako zela Europa; baina, haren ustez, erabat oker daude «herri ausarta eta harroa» delako eta inoiz ez delako «belaunikatuko».

Mendebaldeko Saharak independentzia eskuratuko balu, «terroristen gotorleku eta gatazka gune» bihurtuko litzatekeela adierazi du Nacirik elkarrizketa batean. Estrasburgok ebazpena atzera bota zezan bideratu duen estrategiarekin «xantaia» egin nahi izatea leporatu dio horren harira Polisarioak: «Narkotrafikoa, terrorismo eta immigrazioaren mehatxuak baliatuta dauzkate, giza eskubideen alorrean zigorgabetasuna eskuratze aldera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.