Estrasburgok Frantzia zigortu du, sexuari uko egitea dibortziatzeko arrazoi bat dela argudiatzeagatik

Frantziako Auzitegi batek 2019an ebatzi zuen bikote batek sexu harremanik ez edukitzea dibortziatzeko arrazoia zela. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gaur jakinarazi du hori «indarkeria» dela.

Giza Eskubideen Europako Auzitegia, Estrasburgon. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Giza Eskubideen Europako Auzitegia, Estrasburgon. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Iratxe Muxika
2025eko urtarrilaren 23a
14:37
Entzun

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Frantzia zigortu du, sexu harremanik ez edukitzea dibortzioa eskatzeko nahikoa arrazoi dela argudiatzeagatik. 2019an gizon batek dibortzio eskaera bat egin zuen, eta Versaillesko Apelazio Auzitegiak ebatzi zuen haren emaztea zela egoera haren «errudun bakarra». Alegia, emazteak gizonarekin sexu harremanik eduki nahi ez izatea dibortzioa eskatzeko arrazoia zela. Hala, auzitegiak onartu egin zuen eskaera hori.

Gaur, ordea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak —Estrasburgon (Frantzia) du egoitza— epai bat eman du, zeinak argitzen duen auzitegiek ezin dutela erruduntzat jo bikotekidearekin sexu harremanak izateari uko egiten dion emakume bat; are, ez dela dibortzio eskaera bat onartzeko arrazoia. 

Dibortzio eskaera 2018an iritsi zen Versaillesko auzitegi batera, baina hango epaile batek ebatzi zuen senarrarekin harreman intimoak ez edukitzea «emakumearen osasun arazoek» eragin zutela. Hots, egoera «justifikatuta» zegoela. 

Urtebete geroago, auzitegiak dibortzio eskaera onartu eta erantzukizun osoa emakumearengan jarri ondotik, emazteak helegitea aurkeztu zuen Frantziako Auzitegi Gorenean. Hark, baina, ez zion onartu, eta emakumeak, orduan, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuen. Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 8. artikulua erabili zuen argudio gisa, bizitza pribatua eta familiarra errespetatzeko eskubideari buruz solastatzen dena. 

Mugarria

«Espero dut erabaki hau mugarri izango dela Frantzian, hain justu emakumearen eskubideen aldeko borrokan», erran du gaur emazteak, haren abokatu Lilia Mhissenek kaleratutako ohar batean. 69 urte ditu emakumeak, eta lau seme-alaba ditu salatutako gizonarekin. 

Hala adierazi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gaurko epaian: «Baimendu gabeko edozein sexu ekintza sexu-indarkeria mota bat da». Gainera, zehaztu du auzitegiak ezin duela onartu ezkontzarako baimenak ezinbertzean sexu harremanetarako baimena ekartzen duenik; Frantziako Gobernuak horretarako bide ematen badu ere. Auzitegiaren aburuz, justifikazio hori egiteak bortxaketari garrantzia kentzen dio, eta horrek eragin lezake bortxaketa kasu argiak «eraso» gisara ez epaitzea. 

Ez hori bakarrik: ezkontzeko betebeharra izatea bera «sexu askatasunaren kontrakoa» dela erran du auzitegiak, eta eragin zuzena duela etxeko indarkeriaren eta sexu indarkeriaren aurkako borrokan. «Ezinezkoa da botere publikoek sexualitatearen alorrean esku hartzeko duten joera justifikatzea», argitu dute epaian. Estrasburgok errandakoen arabera, orain zazpi urte emazteak dibortzio eskaera egin zuenetik gaur arte, Frantziako Auzitegiek ez dute arrazoi «nahikorik» eta «egokirik» aurkeztu. «Errespeturik eza» aurpegiratu dio auzitegiak Frantziari, bertzeak bertze. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.