Estrasburgok Suitzari egotzi dio klima larrialdiaren aurka behar beste ez egitea

Adineko emakume talde baten salaketari erantzunez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Suitzak giza eskubideak urratu dituela. Europako beste herrialdeek auzi horretan hartutako politikei ere eragin diezaieke erabakiak.

Salaketa jarri duen Suitzako emakume taldea, pozik, gaur, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE
Salaketa jarri duen Suitzako emakume taldea, pozik, gaur, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE
Igor Susaeta.
2024ko apirilaren 9a
13:00
Entzun

Suitzako adineko emakume talde batek jarritako salaketa bati erantzunez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gaur ebatzi du hango gobernua ez dela behar beste egiten ari klima larrialdiaren aurkako neurriak hartzeko orduan, nahiz eta, Giza Eskubideen Konbentzioak jasotakoa kontuan hartuta, hori egiteko «obligazioa» duen. Estrasburgoren epaiak, horrenbestez, estu hartu du Suitza, eta Europako beste herrialdeek auzi horretan hartutako politikei ere eragin diezaieke, auzitegiak jurisprudentzia ezartzen baitu.

Ia aho batez hartu du erabakia auzitegiak, hamazazpi magistratuetatik hamaseik Suitzari belarrietatik tira egitearen alde egin baitute. Iruditzen zaie Giza Eskubideen Konbentzioaren 8. artikulua urratzen duela Suitzak. «Konbentzioko 8. artikuluak hau du jasoa: estatu agintariek modu eraginkor batean babestea klima aldaketak bizitzan, osasunean, ongizatean eta bizi kalitatean dakartzan ondorio larri kaltegarrietatik». Auzitegiak uste du Suitzak ez dituela bere «betebeharrak» bete, eta «hutsune larriak» daudela auziari dagokion legedia ezartzeko prozesuan. Eta adibide gisa jarri du herrialdearen CO2 emisioak neurtzeko erakutsitako «gaitasunik eza».

2.000 emakumezkok baino gehiagok osatzen dute Suitzako Gobernua auzitara eraman duen taldea —horien batez besteko adina 73 urte da—, eta iruditzen zaie klima larrialdiaren aurkako politikak sustatzen ez dituenez beren osasuna eta eskubideak arriskuan jartzen ari dela gobernua. Auziak sei urteko bidea egin zuen Suitzan, harik eta herrialdeko instantzia gorenera, Auzitegi Federalera, iritsi zen arte. Han galdu ondoren, kasua Estrasburgora eraman zuen KlimaSeniorinnen taldeak —euskaraz, Adineko Emakumeak Klima Babestearen Alde—.

Gobernuak ez du ukatzen klima larrialdiak osasunari eragin diezaiokeela, baina argudiatu izan du emisioak ezin direla lotu, soilik, horiek adineko emakumeen osasunean sor dezaketen kaltearekin. Emakume taldearentzat, Giza Eskubideen Konbentzioaren 2. artikuluari erreparatuta, gobernuak ez du bete Suitzako herritarren bizitza «modu eraginkorrean» babesteko duen «obligazioa», eta ez du indarrean jarri «legedi egoki» bat klima larrialdiaren aurkako helburuak lortzeko. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ere antzeko zerbait uste du, sententzian jaso duenez Suitzako agintariek ez baitzuten ez «garaiz», ez «modu egokian» jokatu neurriak «modu egokian osatzean, garatzean eta ezartzean».

Bi kasu, atzera

Auzitegiaren ganbera nagusiak ebatzi du auzi horri buruz. Hori ez da ohikoena, jasotzen dituen kasuen %0,03 aztertzen baititu soilik: garrantzirik handienekoak. Eta justizia klimatikoarekin lotutako beste bi kasuz ere ebatzi du. Hori bai, biak ala biak atzera bota ditu, forma arrazoiengatik.

Batetik, Portugalgo sei gaztek Europako 32 estaturen aurka jarritako salaketa. Lurraren berotzea mugatzeko nahikoa ez egiteagatik, giza eskubideak urratzea egozten diete EB Europako Batasuneko 27 kideei, Erresuma Batuari, Norvegiari, Suitzari, Errusiari eta Turkiari. Baina Giza Eskubideen Europako Auzitegiak adierazi die arau bat urratu dutela: salaketa jarri duten herrialdeko justizia instantzia guztietara jo behar dela aurrena, auzia Estrasburgora eraman baino lehen. Gazteen arabera, klima larrialdiko kasuetan ez litzateke printzipio hori aplikatu beharko. Estrasburgok, baina, ez du tesi hori onartu, eta nabarmendu du estatuei ezin zaiela «politika jakin bat» ezarri auziarekin lotuak dituzten eginbeharrei dagokienez.

Beste kasua da Damien Caremerena. Grande-Synthe herriko alkatea izan zen 2001etik 2019ra —Frantzia iparraldeko kostaldean—, eta uste du klima larrialdiaren inpaktuak direla-eta leku zaurgarria dela hura. 2018an eskatu zion Frantziako Gobernuari hartzeko neurriak CO2 emisioak murrizte aldera. Baina irudituta Eliseoak ez ziola bere eskaerari  «erantzun egoki bat ematen», Caremek bide judiziala hasi zuen. Frantzia Intsumisoa alderdiaren eurodiputatua da, eta berriro hautagai izatekotan da. Caremek uste du Eliseoaren «biktima bat» dela, baina, kasuari ez heltzeko, Estrasburgok argudiatu du jada ez dela hala, ez delako herrialdean bizi.

iNOIZKO MARTXORIK BEROENA NEURTU DUTE

Hamargarren hilabetez jarraian tenperatura markak hautsi dira globalki. Horren berri eman du Copernicus Europako Batasuneko Klima Aldaketarako Zerbitzuak, bere hilabeteroko txostenean. Herenegun kaleratu zuen, eta, horren arabera, inoizko martxorik beroena neurtu dute. Industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta (1850-1900), tenperatura 1,68 gradu beroagoa izan da. Eta Europan 1999-2020ko aldian neurtutako batezbestekoarekin alderatuta, 2,12 gradu beroagoa izan da aurtengo martxoko tenperatura. Berotegi efektuko gasen isurpena murrizteko neurriak hartzea beharrezkoa dela berretsi dute txostenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.