Andrej Grubacic. Antropologoa

«Estatuen eta giza harreman kapitalisten balkanizazioa ona da»

Ocalanek proposatu zuen konfederalismo demokratikoarekin lotuta, Grubacicek «balkanizazio» kontzeptuaren beste adiera bat defendatzen du, «autogobernurako esparruak» sortzeko tresna gisa.

AITOR ASPURU.
Bilbo
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi historikoaren askatasuna aldarrikatzeko, Andrej Grubacic Euskal Herrira etorri zen apirilean . «Jugoslaviar amorratu eta haserretu» gisa hitz egin zuen. Antropologia irakaslea da AEBetan, eta bere burua aurkeztu ohi du «Jugoslaviako Errepublika Sozialista ohikoa eta anarkista» gisa. Nazien aurkako erresistentzian ibilitako militante komunista ospetsua izan zuen aitona, eta Grubacic, Jugoslaviaren ideiari uko egin gabe, bestelako ikuspegi bat ematen ahalegintzen da.

Euskal Herrian hitzaldia eman zenuen Arnaldo Otegirekin, besteak beste, eta kurduen konfederalismo demokratikoari eta Jugoslaviari buruz aritu zinen. Zergatik batu zenituen?

Biak oso gai interesgarriak dira, irakaspenak eman baititzakete pertenentzia sentimenduari zentzua emateko. Nire aitona-amonen eta gurasoen internazionalismoa oso mekanikoa zen, eta leku zehatzetan zegoen sustraituta. Horregatik, Jugoslavian bezala, etnonazionalismo estatuzalea agertu zenean, irauli egin zuen pertenentzia sentimendua. Nire ustez, pertenentzia sentimenduak toki jakin batera lotuta egon behar du, nazio-estatuaren eta estatuzaletasunaren alternatiba izateko. Konfederalismo demokratikoa ikasteak pentsalari jugoslaviar batengana eraman nau: Markovic. Haren leloa zen ez naziorik, ez estaturik; Balkanetako Federazioa. Federalismo horizontalaren ideia proposatu zuen: estaturik gabeko federazioa.

Zertan datza hori, zehazki?

Kontzeptu horrek nazio konfederalismo demokratikoa eta nazio-estatua kontrajartzen ditu. Horren berri izan nuen Ocalani esker, hark garatu baitu nazio demokratikoaren egitasmoa, Murray Bookchinen edo Piotr Kropotkinen gogoetei jarraikiz. Oso lotuta dago Kurdistango errealitatera, baina antzeko erreferenteak bilatu ditut Balkanetan. Markovic 1875ean hil zen; Balkanetako penintsulan federazioa sortzea aldarrikatzen zuen, azpitik gora. Horiek dira demokrazia zuzenaren eta konfederalismo demokratikoaren oinarriak.

Nola uler daiteke izaera jugoslaviarra gaur egun?

Ni bezalako jende gehiago dago, bere burua jugoslaviartzat duena Jugoslavia proiektu politikotzat jotzen duelako. Jende askok uste du kontzeptu negatiboa dela, egungo errealitatea errotik ukatzen duelako; kolonizatutako nazio-estatuena, alegia. Bosniari, Serbiari edo Kroaziari buruz pentsatzen badugu, herri horietan boterea ez dago herritarren eskuetan, ezta gobernuetako ordezkarien eskuetan ere; atzerriko enbaxadek agintzen diote jendeari. Independenteak dira formalki soilik. Jugoslaviarra naizela esaten dudanean, Jugoslaviako Errepublika Sozialistaren proiektuaren alde positiboari erreparatzen diot. Ukatu egiten dut serbiarra, kroaziarra edo bosniarra izatea, gure jatorri etnikoak baino elementu gehiagok definitzen baikaituzte. Hori da Jugoslaviaren ideia positiboa: etnizitate aniztasuna, zeharkako etnizitatea eta etnizitaterik eza. Jugoslaviaren kontzeptua bizikidetzaren nahiaren menpe zegoen. Eta Jugoslaviako Errepublika Sozialistaren asmo hori Balkanetara eraman beharko litzateke, Balkan guztietara. Oso antzekoak dira hizkuntzak, kulturak, bizipen historikoak... Hortik abiatuta eraiki genezake. Erlijioa ere nahiko koherentea da esparru berria sortzeko estatuaren ideia desegiteko.

Balkanetatik kanpo sor liteke halako izaerarik?

Gogoeta horiek badaude kurduen artean, Chiapasko zapatistetan eta Palestinan, eta oso interesgarriak dira etorkizunerako. Euskal Herrian eta askatzeko gogoa dagoen beste lekuetan ere eztabaidatu beharra dago. Desadostasun handia ikusi dugu Otegirekin izandako solasaldian, estatua askapenerako tresnatzat hartzen baitu oraindik. Ezinbesteko eztabaida da, eta maizago egin beharko litzateke.

Zuk «balkanizazioa» proposatzen duzu.

Balkanizazioaren esanahiari erreparatzen badiozu, ikusiko duzu lotuta dagoela iraunkorrak izan daitezkeen egitura politikoen zatiketekin. Europako Batasunaren eta antzeko superestatuen aurka, balkanizazioa izan daiteke modua autogobernurako esparruak sortzeko. Estatuen eta giza harreman kapitalisten balkanizazioa ona da; autoantolaketa eta kultura aniztasuna da, eta haustura bat gizarte kapitalistarekin. Ez dago Balkanetara lotuta soilik; edonon gerta liteke.

«Balkanizazioa» termino negatibotzat hartzen da, ordea.

Historikoki, Europaren eta nazio-estatuen sorkuntzaren historia lurralde autonomoekiko aurkakotasunean oinarritu da. Kapitalismoak bereganatu ditu kanpoan zeuden eremu burujabeak, eta eskuratu egin ditu; kolonizazioa, alegia. Balkanei esanahi negatiboa leporatu zaie, baina kolonizazioari eutsi diote. Hortaz, balkanizazioa pentsatu behar da Otomandar Inperioaren eta Austria-Hungariako Inperioaren aurka. Nire heroietako bat da Frantzisko Fernando artxidukea hil zuena [Gabrilo Princip]. Jugoslaviarra eta anarkista zen, eta Austria-Hungariako Inperiotik atera nahi zuen, ez baitzen austriarra. Alde horretatik, balkanizazioa kolonialismoaren aurkako erresistentzia prozesua da. Zati politiko alternatiboak sortzeko nazio-estatutik at, eta Ocalanen nazio demokratikora bidean.

Nola ezagutu zenuen mugimendu kurdua, eta zergatik parte hartzen duzu Ocalan askatzea eskatzeko kanpainan?

Trostkiren autobiografian irakurri nuen bera ez zela komunista bilakatu teoriaren ondorioz, baizik eta errepresioaren eta injustiziaren eraginez. Niretzat gauza bera gertatu da jende kurduarekin; oso hurbil sentitzen naiz haiengandik, Jugoslavia txikitzeko baliatu zuten bortizkeria bera erabiltzen ari baitira haiek menperatzeko. Haien aurkako indarkeria eta Jugoslavia berriro kolonizatzeko erabili dena oso antzekoak dira. Horregatik, uste dut oso baliagarria dela Kurdistanen egiten dutena. Izan ere, ez dute estatu berririk sortu nahi. Alde positiboa eta negatiboa sufritzen dute; bortizkeria eta errepresio izugarriak pairatzen dituzte, baina sekulako bultzada eman diote emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunari eta autonomiari. Berez, hezkuntza eta demokrazia zuzena bermatzeko mekanismo oso sofistikatuak asmatu dituzte, azpitik, komunitate politiketatik. Bestelako gizarte duin bat bilatzen baduzu, Ocalanen konfederalismo demokratikoa edota Chiapas dira erreferenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.