Parisko Hitzarmena sinatu duten 195 estatutatik hamarrek besterik ez dute bete beren konpromisoa. Klima larrialdiari aurre egiteko planak aurkeztu behar zituzten guztiek gaurko, 2035erako neurri sorta gaurkotuekin eta aurreko planen helburuak zorroztuta. Gaurkoa zen, hasiera batean, plan horiek aurkezteko azken eguna, baina, atzerapenak ikusita, epea luzatzea erabaki du NBE Nazio Batuen Erakundeak.
«Estatu gehienek adierazi dute aurten aurkeztuko dituztela plan berriak. Zentzuzkoa da denbora pixka bat gehiago hartzea planak lehen mailakoak direla ziurtatzeko», esan zuen joan den ostegunean Klima Aldaketaren alorreko NBEko idazkari exekutiboa Simon Stiellek. Beranduenez, irailean aurkeztu beharko dituzte planak. Brasilgo Belem hirian COP30 klima larrialdiari buruzko nazioarteko goi bilera hasi baino aste batzuk lehenago amaituko da, beraz, epea —azaroaren 10etik 21era da egitekoa—. 2023an, estatuek adostu zuten planak COP30a hasi baino bederatzi hilabete lehenago prest izatea.
Aurten aurkeztekoak dituzten planak Parisko Hitzarmena betetzeko konpromiso zehatzen hirugarren plan klimatikoen sorta da. Estatuek bost urtean behin berritu behar dituzte, aurreko planen helburuak zorroztu eta «ahalik eta anbiziorik handiena» islatzeko. Itunaren helburu nagusia zera da, industriaurreko tenperaturen aldean, Lurraren berotzea bi graduren azpitik mantentzea mende amaieran, eta estatuek ahal duten guztia egitea berotze hori 1,5 graduren azpitik mantentzeko. Gaur-gaurkoz, estatuek 2030erako ezarriak dituzten konpromisoak kontuan hartuta, Lurra 2,6 gradu berotuko litzateke mende amaierarako, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera.
Hamar herrialdek aurkeztu dituzte 2035erako planak, eta kutsatzaile nagusien artean daude horietatik bi: Erresuma Batua eta AEBak. Azken horiek, baina, Joe Biden presidente ohiaren agintepean aurkeztu zuten plana, eta Donald Trump egungo presidenteak esana du haren politika klimatikoak indargabetuko dituela. Esaterako, AEBek Parisko Hitzarmenetik ateratzeko agindua sinatu zuten urtarrilean, Trumpek gobernuburu kargua hartu eta ordu gutxira. Aldaketarik ez bada, itunetik kanpo izango da 2026an. Plan berrituak aurkeztu dituzten gainerako estatuak honako hauek dira: Suitza, Andorra, Arabiar Emirerri Batuak, Brasil, Uruguai, Ekuador, Santa Luzia eta Zeelanda Berria.
Anbizio apala
Hasierako epera garaiz iritsi diren herrialdeen konpromisoak aztertu ditu Climate Action Tracker ikerketa taldeak, eta ondorioztatu du erakutsi duten anbizioa ez dela nahikoa. Adierazi duenez, Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko helburua ez dute beteko konpromiso horietatik gehienek. Elkarteak ohartarazi du AEBak, Suitza, Brasil eta Arabiar Emirerri Bartuak helburua betetzeko bide orritik kanpo daudela. Erresuma Batuaren plana bateragarri ikusten du Parisko Hitzarmenaren xedearekin, baina nabarmendu du herrialdeak klimaren arloko finantzaketa handitu behar duela beste herrialde batzuei berotegi gasen emisioak murrizten laguntzeko. Zeelanda Berriaren planak, berriz, adituen kritika ugari jaso ditu, anbizio gutxikoa izatea egotzita.
Planak aurkeztu ez dituztenek azaldu dute arazo teknikoek, presio ekonomikoek edota ezegonkortasun politikoak behartuta atzeratu dituztela 2035erako beren konpromisoak. Estatu horien emisioak batuta, emisio guztien %83ren erantzule dira, eta beren ekonomiek mundukoaren %80 osatzen dute.
Garabidean diren herrialdeek ezinbestekotzat jo zuten, plangintza klimatikoetan goragoko helburuak ezartzeko, herrialde aberatsek finantzaketa handitzea. Iaz, horixe izan zen COP30eko gai nagusia, baina akordioak ez zituen ase garabidean diren herrialdeetakoen helburuak, eta ikusi beharko da datozen hilabeteetako elkarrizketek emaitzarik ekarriko ote duten estatu horiek plan anbiziotsuak aurkeztu ditzaten.
Datuek argi erakusten dute politika klimatikoak azkartu beharra dagoela. Munduko tenperaturek 1,5 graduko berotzearen langa gainditu zuten batez beste 2024an, eta iazkoa inoiz neurtu den urterik beroena izan zen. Antzera hasi da 2025a ere. Joan den urtarrilak tenperatura markak hautsi ditu, eta inoiz erregistratutako beroena izan da.