Estatubatuar musulmanen botoak, ezinbestekoak

Estatu erabakigarrietako bat izaten da Michigan AEBetako hauteskundeetan. Hango komunitate musulmanak ez dauka argi noren alde bozkatu datorren asteartean.

(ID_17297600094315) AEB. DETROIT. MUSULMANAK.
Estatubatuar musulman batzuk Detroiteko kale batean, duela hiru aste. AITOR TXABARRI.
Aitor Txabarri
Detroit
2024ko azaroaren 3a
05:05
Entzun

«Estatubatuar musulmanen komunitatearentzat urte oso zaila izan da aurtengoa. Urte oso gogorra, euren familiak nola hil eta masakratu dituzten ikusi behar izan dutelako telebistan eta sare sozialen bidez», adierazi du Sufias Nabhanek, ICD Detroiteko Zentro Islamikoaren zuzendariak. AEBetako komunitate musulman handiena dago Detroiten (Michigan), eta gehienek senideak dituzte Palestinan edo Libanon. Oso minduta daude ikusita Ekialde Hurbilean zer gertatzen ari den eta AEBek zer rol duten sarraski horretan. «Uste dut AEBetako Gobernua ez dela justua izan musulman komunitatearekin. AEBetako Gobernuak parte hartu du Israel aurrera eramaten ari den genozidioan, eta Israelen alde dago», gehitu du. Horrek balantza desorekatu dezake. Baliteke Kamala Harrisek bozak galtzea, bera presidenteorde duen gobernuak auzi horretan hartu duen jarreraren ondorioz.

Datorren azaroaren 5ean, asteartearekin, AEBetako presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte, eta, inkesten arabera, emaitzak oso estuak izango dira. Garaipena bizpahiru estatutan jokatuko da, eta horietako bat Michigan da. Estatubatuar musulmanen komunitateak, oro har, Alderdi Demokrataren alde bozkatu ohi izan du, baina baliteke aurten ezberdina izatea, demokraten gobernuak Ekialde Hurbilean eduki duen jarrerarengatik.

«Musulmanen komunitateak Joe Bideni [AEBetako presidentea] botoa eman zion aurreko hauteskundeetan, bi hautagaietatik onena zela pentsatu zutelako, eta boto horiekin irabazi ahal izan zuen. Aurten Kamala berdin jokatzen ari da, baina, Palestinan eta Gazan zer gertatzen ari den ikusita, komunitateak ez du huts bera egingo berriz», nabarmendu du ICDko zuzendariak.

Herritarrak oso haserre daude Detroiten, eta horrek, oraingoan, ondorio latzak izan ditzake demokratentzat. «Nik ez dut genozida den gobernu bati botoa emateko asmorik. Ez diot ez alderdi bati ez besteari emango botoa, biek Gazako genozidioa babesten dutelako», esan du Hassanek. Estatubatuar-libanoarra da, eta Detroiteko harategi batean egiten du lan.

Gauza batzuetan ados

Nabhanek azpimarratu duen moduan, komunitatearen gehiengoak ez dio ez batari ez besteari emango botoa. Batzuek, ordea, Donald Trumpen alde egiteko asmoa dute. «Bozkatzera joango naiz. Bozkatu behar dut. 2010ean herritartasuna lortu nuenetik, demokraten alde bozkatu dut, baina oraingoan ezin dut: oraingoan aldatu egingo dut nire botoa, eta errepublikanoen hautagaia izango da nirea. Demokratek traizio egin digute. Beste aukera bideragarririk egongo balitz, hori bozkatuko nuke. Baina ez dago, eta, biotako baten alde bozkatu behar dudanez, oraingoan Trumpen alde egingo dut», esplikatu du Mohammedek, Detroiten bidaia agentzia baten jabe den estatubatuar-yemendarrak.

Komunitate horretan, Trumpen alde bozkatuko dutenek errepublikanoaren planteamendu bati erreparatu diote: familia eredu bakarrari eta horren batasunari. «Egia da Trumpek Israeli adierazten dion adiskidetasuna nik pentsatzen dudanaren guztiz kontra dagoela. Dena den, berak proposatzen dituen gauza batzuetan berdin pentsatzen dugu; adibidez, familia ikusteko daukan eran», zehaztu du Mohammedek.

«Bi aldeetan aurki daiteke arrazakeria. Ez dut arrazakeria gehiago ikusten iazko urriaren 7tik»

MOHAMMEDBidaia agentzia baten jabea

Proposamen politikoak edo hartutako erabaki politikoak alde batera utzita, komunitate horren bozka markatuko duen beste aldagai bat beldurra izango da. «Komunitatean beldurra dago. Ez dute hedabideekin hitz egin nahi, horiek ere politikoki posizionatzen direlako eta Israelen alde daudelako. Halaber, beldur gara 2023ko urriaren 7tik aurrera handitu den arrazakeriagatik. Palestinaren eta Libanoren aldeko protestak egiten dira, baina jendea beldur da», kontatu du Nabhanek.

Mohammedek ez du arrazakeriarik ikusten Detroiten: «AEBetan zerbait pertsonala da arrazakeria. Agian, okerreko gizonarekin edo okerreko emakumearekin topo egingo duzu une okerrean. Baina bi aldeetan aurki daiteke arrazakeria. Arrazista beltzak, zuriak, arabiarrak aurki ditzakezu. Nik ez dut arrazakeria gehiago ikusten [iazko] urriaren 7tik».

«Kamala [Harris] bere hitzak apaintzen saiatzen da, baina guk badakigu demokratek gerra babesten dutela»

SUFIAS NABHAN Detroiteko Zentro Islamikoa

Argi dago komunitate horretako kideek botere oso handia dutela hauteskundeotan. Demokratek haien botoa lortu behar dute Trump garaitzeko, eta, nahiz eta Harrisek pixka bat apaldu duen Ekialde Hurbilaren inguruko mezua, estatubatuar musulmanen komunitateak ez du sinesten, eta azaroaren 5era bitartean hori aldatzea oso zaila izango da. «Kamala bere hitzak apaintzen saiatzen da, guri sinetsarazteko ez dela Israel babesten ari. Baina guk badakigu demokratek gerra babesten dutela. Beti Israel lagunduko dute; ez zaie axola zer egiten duen. Orain gure botoak behar ditu, eta horregatik jokatzen ari da modu horretan; guk, ordea, badakigu egia», esan du Nabhanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.