Laia Serra. Abokatua

«Estatuaren indarkeriak badaki patriarkatua zer den, eta hartaz baliatzen da»

Bartzelonako gizarte mugimenduetan infiltratutako polizia salatu duten emakumeen abokatuetako bat da Serra. Azaldu duenez, pertsonen «instrumentalizazio fisiko eta morala» dago kereilaren oinarrian.

DANI CODINA.
Carme Porta.
Bartzelona
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Laia Serra (Bartzelona, 1977) zigor zuzenbideko abokatua da, giza eskubideen eta adierazpen askatasunaren aldeko ekintzailea, eta feminista. Bartzelonako gizarte mugimenduetan infiltratutako polizia salatu duten bost abokatuetako bat da.

Ikusi gehiago:Katalunia zelatatua

Kasu honek hizpidera ekarri du gaur egungo gai bat: Poliziaren praktiken inguruko onespena eta halakoen mugak.

Emakumeen eskubideak eta emakumeen ongizatea errespetatzen ez badira, gizarteak ezin ditu onartu praktika batzuk. Onespena kasu jakin bakoitzean eman beharreko zerbait da, baina zerikusia du adostasun sozialarekin ere: aintzat hartu behar du konplexutasuna, baimen fisikoa baino gehiago izan behar du, baimen fisikoa oso erredukzionista baita. Ez badugu ulertzen zerk definitzen duen onespena dagoen ala ez, ez badugu adosten zertan oinarrituta definitu behar den onespena, debate horrek ez du zentzurik, eta ziklikoa da: batzuek baietz esango dute, eta beste batzuek, aldiz, ezetz, baina inor ez da ahalegintzen argudiatzen zuk zergatik esaten duzun onespena egon dela eta nik zergatik esaten dudan ez dela egon. Kereilan, argudiatu dut zergatik uste dudan kasu horretan ez dela sexurako onespenik izan. Buruan ez baduzu giza eskubideen nazioarteko legedia, gogoan ez baduzu estatuko ekintzen fiskalizazio esparrua, zaila da ulertzen onespenaren alderdi hori. Onespenaren alderdi batek zerikusia dauka pertsonaren oinarrizko balioak ez urratzearekin. Ikuspegi fisikotik harago doa: etika kontu bat da, moralaren kontu bat, identitate kontu bat. Norberaren uste sendoen kontrako praktika sexualak egin nahi ez izatea ere sexurako onespenaren parte da.

Espainiako Estatuak onespena urratu du?

Batzuek uste dute ez dela engainuaren kriminalizazioaren alde egin behar. Bat nator ideia horrekin, noski, baina banakoen esparruari dagokionez soilik. Polizia infiltratuaren kasuan, estatuak egindako ekintza batez ari gara. Sexu indarkeriaren gainean lan egin duenak banakoen praktiketara bideratzen du onespenaren kontzeptua. Eta tratu txarrak eta estatuaren praktikak landu dituenarentzat, sexualizatutako indarkeria alboratuta geratu da beti; besteak beste, halakoak pairatu dituztenei asko kostatu zaielako gertatutakoa onartzea eta ezagutaraztea, gizonei batez ere. Alor horretan ez da landu onespenaren gaia, ziurtzat jotzen baitzen ez zegoela halakorik. Estatuaren indarkeriak badaki patriarkatua zer den, eta hartaz baliatzen da, hau da, haren harreman sistemaz eta sexu indarkeriak emakumeengan duen eragin espezifikoaz.

Zer planteatzen du kereilak?

Ekintza juridiko bat da, eta eztabaidak eta galderak sortzen ditu, segur aski arlo sozialean eta juridikoan kontuan hartu ez diren batzuk, eta, beraz, ekintza zaila izango da, eta pedagogia asko lantzea eskatuko du. Argi dago, ordea, onespenetik harago, funtsezko elementu bat dagoela: torturaren definizio juridikoa. Torturak ezabatu, neutralizatu, ukatu egiten ditu pertsonaren gizatasuna eta duintasuna; gizaki baten instrumentalizazioa da. Instrumentalizazio horrekin batera, estatuaren praktika batek pertsona bat behartzen du bere uste sendoen aurka egitera, baina ez arlo etiko batean soilik: pertsona politizatu batzuk behartzen dituzte beren gune politikoei kalte egiten dien dinamika batean sartzera. Eta, beraz, zerbaiten edo norbaiten «kalterako» instrumentalizazio fisiko eta moralaren ideia hori da ekintza juridiko honen muina.

Hori da kereilaren helburua?

Kereilak helburu juridiko bat dauka: indarkeria jasan duten emakume batzuk sendatzea, zentzu guztietan behartuak izan diren emakume batzuk sendatzea. Planteatzen ditugun delituak indarkeriaren alderdi guztiei dagozkie: pribatutasuna, sexu ukigabetasuna, duintasuna eta politikan parte hartzeko eskubidea. Arlo sozialean, estatuaren praktiken kontrako auzi guztien helburua zera da, eztabaida sozial bat bultzatuz estatuaren praktiken mugak aldatzea, oinarrizko eskubideekin talka egiten dutenean. Eskubideen urraketen jatorria aldatzeko eztabaida sozial horiek dira baliotsuenak; izan ere, askotan, prozesu judizialen emaitzak ez dira gertukoak izaten, eta, batzuetan, epelegiak ere izaten dira.

Istanbulgo Hitzarmenak, zeina Espainiak berretsi baitu, jasoa du sexu indarkeria kontzeptua.

Istanbulgo Hitzarmenak, Zigor Kodeak eta Sexu Askatasunaren Legeak jaso dute, eta praktika juridikoak kontuan hartzen du: zehazteko zer den delitu eta zer ez, aintzat hartzen dute onespena egon den ala ez. Kontua da noiz pentsatzen den onespena badagoela, eta normalean, diodan bezala, eremu fisikoa hartzen da kontuan batez ere, hau da, gorputza ukitu ote den. Onespena askoz harago doa, eta horregatik existitzen da askatasun ideologikoaren, erabakitzeko eskubidearen alderdi hori guztia, hori guztia ere bada-eta onespena: pertsonak, praktikak, uneak, lekuak eta abar aukeratu ahal izatea. Argi dago ez duzula pertsona bat aukeratzen ezaugarri fisikoengatik bakarrik: desira eraikuntza sozial bat ere bada, eta lehentasun sexualetan eragingo duten alderdi etikoen arabera moldatzen da. Moralaren alderdi askok baldintzatzen dute gure sexualitatea.

Estatuaren estrategia bat dago horretan?

Polizien infiltrazioaren esparru juridikoa ez dago batere zehaztua, eta ez da batere argia. Esparru hori esplizituagoa izan zein ez, badago muga bat ezin gainditu daitekeena: oinarrizko eskubideen aurkako praktikak egitea. Normalean krimenaren prebentzioarekin du zerikusia; legezkoa izan dadin, ordea, arlo kriminal larri bati dagokion zerbait izan behar du, krimen antolatuari edo terrorismoari dagokion auziren bat. Ezkutuko poliziek delituak egin ditzakete beren nortasun faltsua sinesgarriago egiteko, baina badago muga bat: pertsonen eskubide garrantzitsuak urratzea, hala nola askatasun ideologikoa, osotasun fisikoa, pribatutasuna, parte hartzea. Horregatik da garrantzitsua Ingalaterrako aurrekaria, eztabaida oso garrantzitsua sortu baitzen, oraindik ere bukatu ez dena. Azken batean, lehenik eta behin, mundu guztiak ohartu behar du gizarte mugimenduak praktika mota horien biktima potentzialak direla; bigarrenik, estatua interpelatu behar da, praktika horien erregulazioa ez delako nahikoa eta ez delako ematen Poliziaren praktikei buruzko azalpenik. Gizarte mugimenduek adostasun sozial sendoa lortu behar dute estatuak pasatu ezin duen marra gorriari buruz, eta, marra gorri horren barruan, debekatu egin behar da emakumeei kalte egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.